Jeltzaleek kritikatu egin dute gobernu taldeak hiru urtez herritarrentzat pentsatutako zerbitzu bat geldiarazi izana eta orain Udaltzaingoaren eta udal brigadaren erabilera esklusiborako gorde nahi izatea.
08Apirilak Sopelako EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatutako gobernu taldeak Udaltzaingoaren eta udal brigadaren erabilera esklusibora bideratu nahi dituela aurreko gobernu jeltzaleak herritarrentzako zerbitzu publiko gisa instalatzeko prest utzi zituen autoentzako bi kargagailu elektriko.
Ibilgailu elektrikoentzako birkargatze-puntu horiek hiru urtez gordeta egon dira, egungo udal gobernuak hasieran aurreikusitako kokapenean ez jartzea erabaki zuenetik. 2023ko maiatzeko gobernu aldaketaren ondoren, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek erabaki zuten kargagailu hauek San Pedro elizaren aurrean ez instalatzea - jatorrizko proiektuak aurreikusten zuen bezala -, argudiatuz kokapen horrek udal festetan txosnak jartzea zaildu zezakeela.
Harrezkero, kargagailuak biltegiratuta egon dira hiru urtez, gobernu taldeak kokapen berri bat aztertzen ari zela adierazten zuen bitartean.
Orain, hiru urte geroago, udal gobernuak alde bakarretik erabaki du karga-gune horiek brigadaren pabiloian (Olabide) eta udaltzaingoaren garajean (Los Angeles urbanizazioan) kokatzea, eta soilik poliziak berak eta udal brigadak erabiltzeko. Horrek eragotzi egingo du Sopelako herritarrek udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzea errazteko sortu zen zerbitzu bat erabiltzea.
Karga-gune horiek EAJ-PNV buru zuen gobernuak 2019-2023 legegintzaldian bultzatutako hirigunea oinezkoentzat egiteko proiektuaren parte ziren. Jarduera haren helburua zen espazio publikoa hobetzea eta mugikortasun-eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea, besteak beste, bizilagunentzako bi karga-gune elektriko horiek instalatuz.
Jeltzaleek gogorarazi dute hiru urte hauetan behin eta berriz eskatu dutela kargagailu horien erabilera publikoa martxan jartzea. "Hiru urtez EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek herritarrentzat pentsatutako ekipamendu bat gordeta eduki dute, eta orain udal ibilgailuetara bakarrik bideratu nahi dute. Ulertezina da hiru urtez herritarrentzat pentsatutako zerbitzu bat geldirik egon izana. Denbora nahikoa izan dute kokapen alternatibo bat aurkitzeko eta martxan jartzeko", adierazi dute jeltzaleek.
“EAJ-PNVtik kargagailu hauek zerbitzu publiko gisa futzionatu behar dutela defendatzen jarraituko dugu, herritar guztientzako zerbitzu gisa, hasierako proiektuan aurreikusten zen bezala”, azpimarratu dute.