EAJ-PNVren Udal gobernu-taldeak 90 etxebizitza berri baino gehiago sustatu ditu, gazteentzako alokairu-laguntzak aktibatu ditu eta hirigintza-garapenean lanean jarraitzen du etxebizitzarako sarbidea errazteko.
06Apirilak Zamudioko EAJ-PNVrentzat, etxebizitzara sarbidea izatea lehentasun estrategikoa da eta, bide horretan, Udal gobernua ekimen ugari ari da bultzatzen herritarrek bizitza-proiektua udalerrian bertan garatzeko aukerak izan ditzaten.
Udalerriaren egungo hirigintza-plana 2.000.eko hamarkadan onartutakoa da eta, horri esker, bizitegi-erabilerarako lurzoru urbanizagarria dauka Zamudiok. Ondorioz, etxebizitza-eskaintza handitzeko bidean aurrera egiten ari da, gaur egun, Udal gobernua.
Testuinguru horretan, Arteagako bizitegi-eremua funtsezko gune bihurtu da, eta bertan etxebizitza sustapen berriak gauzatzen ari dira. C lurzoruan, adibidez, 16 etxebizitza eraikitzen ari dira eta, dagoeneko, herriko familiei esleitu egin zaizkie. Eta E2 lurzoruan, 45 etxebizitza baino gehiago eraikitzea dago aurreikusita (esleipen-prozesuan daude).
Horrez gain, etxebizitza tasatuen lehiaketa garatzeko oinarriak onartu egin dira jada. Ondorioz, Udalaren kudeaketa eta izapidetzea arrakastaz amaitu da eta beste 30 etxebizitza berri esleitu ahal izan dira.
Guztira, 90 etxebizitza baino gehiago daude eraikuntza- edo esleipen-fasean, eta horrek nabarmen indartzen du Zamudioko bizitegi-eskaintza, herritarren eskaera nagusietako bati erantzunez.
Zamudioko EAJ-PNVk azpimarratu duenez, “etxebizitzarako sarbidea bermatzea funtsezkoa da gure herritarren egonkortasunerako, herrian errotu ahal izateko eta garapen pertsonala eta familiarra izateko. Zorroztasunez eta plangintza egokiarekin ari gara lanean, irtenbide erreal eta iraunkorrak eskaini ahal izateko”.
Alokairurako laguntzak gazteentzat
Neurri horiei gehitu behar zaie 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako alokairu-laguntzak. Horri esker, 11 lagunek jaso dute laguntza dagoeneko. Udal-gobernuak aurtengo aurrekontuan mantendu egin du laguntza lerro hori.
Ekintza-ildo honek hauteskunde-kanpainan hartutako konpromisoetako bati ematen dio jarraipena: gazteek Zamudion geratzeko eta beren etorkizuna bertan eraikitzeko aukera izan dezaten.
Etxebizitzaren aldeko apustuak ez dio soilik behar sozial bati erantzuten; udalerriaren etorkizunaren aldeko apustu estrategikoa ere bada. Jeltzaleen hitzetan, “herriek bertan geratzeko aukerak eskaintzen dituztenean, bizitza soziala, dinamismo ekonomikoa eta komunitate-kohesioa indartzen dituzte”.
Etxebizitza izan zen Zamudioko EAJ-PNVren hauteskunde-programako ardatz nagusietako bat eta, Udal kudeaketari esker, gaur egun Zamudion eraikitzen eta esleitzen ari diren etxebizitza bakarrak Udalak berak sustatutakoak dira. Eta horri gehitu behar zaio martxan dagoen alokairu-laguntza programa.
Udal gobernuak lanean jarraituko du Zamudio etorkizunari begira dagoen eta aukera anitzak eskaintzen dituen herri kohesionatua izan dadin; bizitzeko herria izan dadin.