Alderdi jeltzaleak errenta ertainetarako etxebizitza libre eta tasatua sustatzearen aldeko apustua egin du, gazteek beste udalerri batzuetara alde egin behar ez dezaten; horregatik, abstenitu egin da osoko bilkuran egindako bozketan.
06Apirilak Elorrioko EAJ-PNV abstenitu egin da joan den ostegunean EH Bilduk aurkeztutako Udal Etxebizitza Planaren bozketan, uste baitu dokumentuak ez diela erantzuten udalerriaren benetako beharrei, batez ere errenta ertainetarako etxebizitza-eskaintzaren ageriko faltari dagokionez.
Jeltzaleek hiru proposamen zehatz aurkeztu dituzte, hobetzeko helburuarekin. Hala ere, horietako bakar bat sartu dute, eta horregatik abstenitu da.
Zehazki, EAJ-PNVk, lehenik eta behin, etxebizitza-sustapen berrien garapena errazteko neurriak hartzea planteatu du, eskaintza handitzeko tresna anbiziotsuagoak proposatuz. Gobernu-taldeak uko egin dio plangintza ildo horretatik aldatzeari, haren konplexutasuna argudiatuz, eta eraginkortasun txikiko neurriak baino ez ditu sartu, kasu jakin batzuetan eraikigarritasuna handitzeko aukera gisa.
Bigarrenik, alde zaharreko etxebizitzetarako lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea bideratzea proposatu du alderdi jeltzaleak, birsortzeko helburuarekin. Ekimen hori onartu eta planean sartu da.
Azkenik, EAJ-PNVk hainbat urtetarako inbertsio-plan bat egitea eskatu du, hirigune historikoan egiten den inbertsioari modu anbiziotsuan, planifikatuan eta progresiboan ekiteko. Proposamen hori atzera bota da, plangintza-tresna berriak garatzearen kostu ekonomiko handia argudiatuz.
Jeltzaleek adierazi dutenez, EH Bilduk aurkeztutako plana alokairu sozialean oinarritzen da nagusiki, errenta ertainetara bideratutako etxebizitza irisgarrien sustapena bigarren maila batean utzita. "Etxebizitzaren arazoak ez die soilik eragiten alokairu soziala behar dutenei, baita etxebizitza jabetzan nahi duten eta Elorrion aukera eskuragarririk aurkitzen ez duten pertsona eta familia askori ere. Egoera horrek ondorio argiak ditu: Elorrioko gazteek etxebizitza bilatu behar dute Eskualdeko beste udalerri batzuetan, hemen ez baitute alternatiba bideragarririk aurkitzen ", azpimarratu dute jeltzaleek.
Horren aurrean, EAJ-PNVk etxebizitza-eskaintza handitzera bideratutako estrategia bat defendatzen du, alokairu sozialeko politikak etxebizitza libre eta irisgarri berria bultzatzearekin uztartuko dituena. "Lanean jarraituko dugu Elorriok errealitate guztiei erantzungo dien etxebizitza-politika izan dezan eta herritarrei udalerrian bizitzeko eta beren bizi-proiektua garatzeko aukera eman diezaien", esan dute.