Iturrioz EAJ-PNVren hautagaia izango da, eta berriz ere Lemoarako Alkatetzarako aurkeztuko da 2031era begira herriaren eraldaketa prozesua burutzeko asmoz.
26Martxoak Lemoako Uri Buru Batzarrak proposatuta, Uri Batzarrak Esther Iturrioz Rementeria (Lemoa, 1967) aukeratu du datorren urtean egingo diren udal hauteskundeetarako. Atzo arratsaldean egin zen uri batzarrean, Iturriozek alderdikideek adierazi dioten babesa eskertu zuen “Lemoari pultsua itzultzeko” borondatea berretsiz.
Azken hiru urteotan egindako lanari esker eta herritarren eta Alderdiaren babes zabala jaso duela, Iturriozek agintaldi honetan hasitako ibilbideari eutsi nahi dio: “Lemoaren alde eta Lemoaren mesedetan egitea da helburua, herria denok osatzen dugula uste dugulako”. “Beste herri bat nahi dugu, non herritar guztiok lehen mailako lemoar izan eta sentituko garen”, eta horretarako “eguneroko lanarekin jarraitzea hitzematen dut, hurbiltasunez eta konpromisotik”
Herritarren beharrei erantzuteko ezagutza eta fidagarritasuna
Alkate jeltzaleak udal jardunaren eta Lemoaren historiaren ezagutza zabala du,1999. urtetik zinegotzi izan delako. Lehen bi legegintzaldiak Udal Gobernuan eman zituen eta hurrengo biak oposizioan. Gaur egun, udalean duen erantzukizunaz gain, Lemoako zerrendaburuak zinegotzi lanak uztartzen ditu Batzar Nagusietako ahaldun gisa dagozkion ardurekin, Kultura, Euskara, Kirolak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza eta Ekonomiaren Sustapena batzordeetan parte hartzen baitu.
“Gure herrikideengandik oso hurbil sentitzen gara”, azaldu du; “lehen eskutik ezagutzen ditugu beren arazoak, beharrak eta proposamenak, eta gauden tokitik lan egin dugu hainbat gaitan haiei laguntzeko eta benetako konponbideak eskaintzeko: hobekuntzak auzoetan, bideetako segurtasun falta, mantentze lanak, argiztapena,…”, amaitu du .
Agintaldia amaitzeko orduan, bere herriko EAJ-PNVren eskutik Lemoako herritar guztien nahiak jaso nahiko lituzke, 2031. urtean epemuga jarrita, bere herria eraldatzen jarraitzera begira.
Iturriozek Irakasle Ikasketak egin zituen EHUn Ingeles Filologia eta Haur Hezkuntzako espezialitateetan, eta Lemoan hasi zuen prestakuntza akademikoa, "24 urtez lan egin duen ikastetxe berean, eta horri esker ezagutu ahal izan ditu Lemoako gazteak.