Alderdi jeltzaleak mozio bat aurkeztu du udalerrian etxebizitza eskaintza handitzeko neurri zehatzekin, eta EH Bilduk atzera bota du.
16Martxoak EAko EAJ-PNVk salatu du EH Bilduko Gobernu taldearen konpromiso eza ietarrei etxebizitzarako sarbidea erraztuko dieten udal politikak bultzatzeko. Alderdi jeltzaleak mozio bat aurkeztu du udalerriko etxebizitza hutsak eta urtaroen arabera erabiltzen direnak mobilizatzeko udal estrategia bat martxan jartzeko helburuarekin. “Ezin dugu besoak gurutzatuta geratzen jarraitu Earen benetako behar baten aurrean. Etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eman behar dizkiegu ietarrei, batez ere gazteei”, adierazi dute.
“Udalerrian ezaguna den behar eta errealitate batetik abiatzen da proposamena. Urtearen zati handi batean hutsik egoten diren edo bigarren bizileku gisa bakarrik erabiltzen diren etxebizitzen kopuru esanguratsua du Eak, eta horrek zaildu egiten du familia berriak udalerrian finkatzea eta bertan bizitzeko proiektua garatzea”, azaldu dute jeltzaleek.
Egoera horren aurrean, Eako EAJ-PNVk aurkeztutako mozioak etxebizitzaren eskaintza handitzeko hainbat neurri jasotzen ditu, alokairuan zein salmentan merkatura atera ahal izateko.
EAJ-PNVk Eako etxebizitza eskaintza handitzeko neurriak proposatu ditu
Proposamenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: etxebizitza hutsen udal-errolda bat sortzea, Alokabiderekin hitzarmen bat sinatzea alokairua errazteko, eta pizgarri fiskalak aztertzea, jabeak etxebizitzak merkatuan jartzera animatzeko.
Era berean, proposamenen artean ere nabarmentzen dira jabeentzako aholkularitza- eta bitartekotza-gune bat abian jartzea, hedapen aktiboa etxebizitzak ezagutarazteko bitartekari gisa jardungo duen udal-zerrenda edo plataforma bat sortuz eta horiek merkatuan sartzea erraztuko duten laguntza-mekanismoak.
EAko EAJ-PNVren ustez, “Gobernu taldeak behingoz paper aktiboa hartu behar du bere gain etxebizitza politikan, hamarkada bat baino gehiago geldirik egon ondoren, arazo honi aurre egiteko neurririk bultzatu gabe”. Horren ildotik, azpimarratu dutenez, “arazoa ez da soilik eskariarena, eskaintzarena ere bada, eta gure bizilagunen lehentasuna kontuan hartuko ez luketen eraikuntza berrietara jo aurretik, beharrezkoa da egun udalerrian hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko lan egitea”.
Hala ere, mozioa atzera bota dute, EH Bilduk kontrako botoa eman ostean. Izan ere, aurkeztutako neurriekin ados ez dagoela adierazi dute, “gai honetan lanean ari direla besterik esaten, eta horrek agerian uzten du ietarren benetako behar baten aurrean konponbideak bilatzeko konpromiso falta”, kritikatu dute jeltzaleek.
EAko EAJ-PNVk azpimarratu duenez, “EH Bilduren planteamendua erantzukizuna beste administrazio batzuei helaraztean oinarritzen da, Udalak berak eskura dituen tresnak erabili beharrean”.
Eako bizilagunei lehentasuna ematen ez dieten irtenbideak
Alderdi jeltzalea kezkatuta agertu da EH Bilduk beste erakunde batzuek sustatutako etxebizitzen balizko sustapenen inguruan dituen negoziazioengatik; izan ere, “eredu horretan etxebizitzak Etxebideren bidez esleituko lirateke, eta ez lukete lehentasunik bermatuko Eako bizilagunentzat”.
Horren aurrean, EAJ-PNVk defendatu du etxebizitza-politikek, lehenik eta behin, udalerriaren premiei erantzun behar dietela, ietarrek beren herrian etxebizitza bat eskuratzeko aukera izan dezaten erraztuz.
Ondorioz, “EH Bilduk hitzetatik ekintzetara igaro behar du eta neurri zehatzak jarri behar ditu martxan, etxebizitzaren eskaintza handitzeko eta udalerriaren benetako behar bati erantzuteko”.