Mendexako EAJ-PNV pozik agertu da bidegorriaren hobekuntza lanekin, baina ez direla nahikoak eta bi urteko atzerapenarekin datozela salatu du

Jeltzaleek gogorarazi dute, 2024ko urtarrilean, ibilbidearen egoera txarraren eta erabiltzaileentzako suposatzen zuen arriskuaren berri eman zutela, bidegorria ixteko eta konpontzeko eskatuz. "Pozik gaude bidegorria hobetu delako, baina jarduketa txiki hau ez da nahikoa eta berandu dator, oso berandu".

Mendexako EAJ-PNV pozik agertu da bidegorriaren hobekuntza lanekin, baina ez direla nahikoak eta bi urteko atzerapenarekin datozela salatu du 12Martxoak
MartxoaK 12 |
Berria

PARTEKATU

Mendexako EAJ-PNVk kezkaz ikusten du Mendexako eta Lekeitioko bidegorria hobetzeko plan sakonago eta anbiziotsuago baten falta, udalerriko eta eskualdeko bizilagunek asko erabiltzen duten azpiegitura batetik igarobie segurua ahalbidetzeko

Jeltzaleek salatu dute jarduketa txiki hau gehiegi atzeratu dela, eta gogorarazi dute 2024ko urtarrilean formalki erregistratu zutela eskaera bat Udalean, Lekeitio-Mendexako zubiaren eta Ipideren arteko zatiaren egoera txarraz ohartarazteko.

Idatzi hartan, bidegorriaren erabiltzaileentzat zeuden arriskuez ohartarazi zen, luiziak, zuhaitz-sustraiak, landaredi inbaditzaileak, baranden falta eta segurtasuna arriskuan jartzen zuten beste elementu batzuk zeudelako. Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk premiazko neurriak hartzeko eskatu zion Udalari, besteak beste, kaltetutako tartea aldi baterako ixtea eta bidearen erabilera segurua bermatzeko beharrezko lanak egitea.

Ohartarazpen hartatik bi urte baino gehiago igaro direnean, lanak amaitutzat eman dira eta bidegorria martxan dago berriro. Hala ere, Mendexako EAJ-PNV kezkatuta agertu da, konpondu ez diren eta oinezkoentzat arriskutsuak izan daitezkeen hainbat arazok bere horretan jarraitzen dutelako.

"Denborak arrazoia eman digu. Duela bi urte baino gehiago eman genuen abisua, bidegorria egoera arriskutsuan ikusten genuelako, eta premiaz jokatzeko eskatu genuen. Gaur kezkaz ikusten dugu Mendexako Udaleko Gobernu Taldearen autokonplazentzia. Hobekuntzak ez dira nahikoak eta berandu datoz, oso berandu. Egokiak izatetik oso urrun daude", adierazi dute jeltzaleek.

EAJ-PNVtik azpimarratu dute jarduera honek agerian uzten duela oposiziotik ere politika erabilgarria egin daitekeela, herritarren benetako beharrei erantzuten diona. Ildo horretan, talde jeltzaleak epe honetan egindako zaintza eta proposamen-lana nabarmendu du, herritarren segurtasuna bermatu eta azpiegituren kalitatea hobetzeko, betiere Mendexako bizilagunen ongizatea eta segurtasuna helburu nagusi izanik.

"Beti bezala jarraituko dugu lanean, Mendexako bizilagunekiko erantzukizunetik eta konpromisotik abiatuta, merezi duten zerbitzuak eta azpiegiturak izan ditzaten, eta erabaki garrantzitsuak beharrik gabe atzeratu ez daitezen", adierazi dute.

Interesatu Zaitez