Zaldibarko EAJ-PNVk espazio publikoak mantentzearen utzikeria eta udalerriko argiztapen arazoak salatu ditu

Alderdi jeltzaleak ohartarazi du Udalean bizilagunen kexak jaso direla parke eta espazio publikoetan garbitasun faltagatik eta hainbat kaletako itzalaldiengatik, eta egoera horien aurrean EH Bilduk ez duela ezer egin kritikatu du.

Zaldibarko EAJ-PNVk espazio publikoak mantentzearen utzikeria eta udalerriko argiztapen arazoak salatu ditu 11Martxoak
MartxoaK 11 |
ZALDIBAR

PARTEKATU

Zaldibarko EAJ-PNVk salatu du hainbat berdegunek eta parkek okerrera egin dutela eta ez direla mantendu. Egoera hori, adierazi dutenez, “utzikeria-sentsazioa eta ezinegona sortzen ari da zaldibartarren artean”. Gainera, egoera horien aurrean EH Bilduk ez duela ezer egin kritikatu dute.

Alderdi jeltzaleak gogorarazi du hainbat herritarrek idatziak aurkeztu dituztela udaletxean gune publikoen egoeragatik kezkatuta daudela adierazteko, garbitasun eta mantentze falta salatzeko. Azaldu dutenez, Eguzkialden adibidez, bizilagunek ohartarazi dute hondakinak hilabetez egon daitezkeela kendu gabe, eta horrek agerian uzten du arreta falta dagoela espazio horien zaintzan.

EAJ-PNVk udalerriko kale batzuetan, Zalduaranen edo Miren Maortuan adibidez, maiz errepikatzen diren argiztapen arazoetan ere jarri du arreta. Eremu horietan behin eta berriz gertatzen diren itzalaldiek kezka sortzen dute herritarren artean, eguneroko segurtasunean eta mugikortasunean izan ditzaketen arriskuengatik.

Jeltzaleek kritikatu dutenez, bizilagunek kexak aurkeztu dituzten arren, “ez zaie arazo horiei erantzuten ari. Gure kaleetan espazio publikoa eta segurtasuna zaintzea lehentasuna izan behar da Udalarentzat”, azpimarratu dute.

Ildo horretan, Zaldibarko EAJ-PNVk udal-gobernuko taldeari eskatu dio “arreta handiagoz jokatzeko eta gabezia horiei irtenbidea emateko, herritarren eskaerei erantzunez eta udalerriko espazio publikoen mantentze egokia bermatuz”.

Interesatu Zaitez