Lekeitioko EAJ-PNVk salatu du 400 ikaslek Musika Eskolaren publifikazioaren zain jarraitzen dutela hiru urte geroago

Ez-betetze berri horren ondorioz, EAJ-PNVk 2026ko aurrekontuen aurkako botoa eman du, EH Bilduren udal-gobernuaren sinesgarritasun, plangintza eta kudeaketa-gaitasun faltaren aurrean.

Lekeitioko EAJ-PNVk salatu du 400 ikaslek Musika Eskolaren publifikazioaren zain jarraitzen dutela hiru urte geroago 11Martxoak
MartxoaK 11 |
LEKEITIO

PARTEKATU

Lekeitioko EAJ-PNVk publikoki salatu du Musika Eskolaren publifikazio prozesuaren atzerapena. Udalerriko 400 ikaslek 2024ko amaieran bultzatutako ekimenak, bi urte geroago, aurrera egin gabe jarraitzen du.

2025eko otsailean, aurrekontuak negoziatzeko prozesuan, EAJ-PNVk 200.000 euroko partida sartzea proposatu zuen, Musika Eskolak 2025-2026 ikasturtea izaera publikoko musika-eskola gisa has zezan. EH Bilduren udal gobernuak aurrekontuetan egindako ekarpenetako bat bera ere ez zuen onartu, eta prozesua 2025eko apirilean egingo zen likidazioaren menpe jarri zuen berriro. Hala ere, 2025eko urrira arte ez zen inolako aurrerapenik izan, eta beste behin ere luzatu egin zen ziurgabetasuna.

Joan den otsailaren 12an, Udalbatzak aho batez onartu zuen Musika Eskola munizipalizatzeko memoria, publifikazioa gauzatzeko beharrezko urratsa emanez. Hala ere, gaur egun, Udalak ez du aurkeztu prozesua betetzea bermatuko duen egutegi zehatzik.

2026 urte galdua izango dela uste dute jeltzaleek. "Martxoan gaude jada. Oso zaila izango da administrazio prozesu guztiak irailerako amaitzea, ikasturtearen hasierarako. Onartezina da hiru urte geroago, aurrerapausorik eman ez izana. Egoera hau EH Bilduren planifikazio faltaren emaitza da", adierazi dute.

EH Bilduren gobernuak bete ez duen beste konpromiso bat

EAJ-PNVk gogorarazi du publifikazioan aurrera egitea 2025eko aurrekontuen akordioaren parte zela. "Beste ez-betetze bat da. Akordio politikoetara iristen garenean eta gauzatzen ez direnean, konfiantza haustu eta erakundeen sinesgarritasuna ahuldu egiten da ", diote.

Jeltzaleek azpimarratu dute ez dela arazo ekonomikoa. "Ez da diru falta, borondate falta baizik eta, batez ere, kudeaketa gabezia larria. EH Bilduk bere gain hartu zuen udal gobernua, eta, horrekin batera, udalbatzak onartutako akordioak betetzeko ardura. Gobernatzea ez da iragarkiak edo propaganda egitea, emandako hitza betetzea baizik ".

Lekeitioko EAJ-PNVko kideek azpimarratu dutenez, ekimena bultzatu zuten lekittarrak ez dute udal gobernuaren aldetik erantzun argirik eta konpromiso sendorik jaso. "Herritarrei ezin zaie konfiantza eskatu mobilizazio legitimo bati erantzuten ez zaionean eta Osoko Bilkuran hartutako erabakiak betetzen ez direnean", gaineratu dute.

Horregatik, EAJ-PNVk 2026ko udal aurrekontuen aurka bozkatu zuen. "Ezin ditugu aurtengo aurrekontuak babestu aurrekoetako konpromisoak oraindik bete gabe daudenean. Jarduteko modu horrek sortutako mesfidantza gero eta handiagoa da", ondorioztatu dute.

Jeltzaleek jarrera arduratsu eta zorrotza izateko konpromisoa berretsi dute, udalerriko zerbitzu publikoei egonkortasuna emateko. "Lekeitiok eraginkortasunez kudeatuko duen eta erabakitakoa beteko duen Udala merezi du. Musika Eskolak eta familiek ezin dute gehiago itxaron. EH Bilduk bi aukera ditu, gobernatzen hastea edo ez-betetzeak pilatzen jarraitzea”.

Interesatu Zaitez