EAJ-PNVk 2026ko Gipuzkoako aurrekontuak aurrera atera ditu eta zentralitate politikoa berretsi du

Euge Arrizabalaga: “EH Bilduk hamaika aitzaki bilatu ditu hamaikagarrenez aurrekontuei ezezkoa emateko. Beste behin, bere burua zokoratu du eta gipuzkoarren beharrei bizkarra eman die””

EAJ-PNVk 2026ko Gipuzkoako aurrekontuak aurrera atera ditu eta zentralitate politikoa berretsi du 19Abenduak
2025
2025 AbenduaK 19 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2026ko Foru Aurrekontua onartu dute, eta EAJ-PNVk nabarmendu du tresna estrategikoa dela lurraldearen ongizatea bermatzeko eta etorkizuneko erronka sozial, ekonomiko eta klimatikoei aurrea hartzeko. Aurrekontua historiako handiena da, 1.296,5 milioi eurokoa, gizarte-politikak sendotzeko, trantsizio ekologikoan eta digitalean aurrera egiteko eta ekonomia berritzailearen garapena bultzatzeko.

Euge Arrizabalagak, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, azpimarratu du Eider Mendozaren Foru Gobernuak lortu duen zentralitate politikoa, etengabeko akordioak lortzeko. Testuinguru horretan, 2026ko aurrekontuen onarpena adibide argia da, prozesua modu gardenean garatu da, Elkarrekin Podemosen borondate negoziatzaileari eta Eider Mendozaren lidergoak alderdi guztiekin akordioak bilatzeko erakutsitako prestutasunari esker.

Halaber, Arrizabalagak gogorarazi du EAJ Foru Gobernuan sartu zenean akordioen legealdia izan nahi zutela adierazi zutela, eta gaur egun hori hala dela. Nabarmendu du batzarkide talde ezberdinek erakutsi duten gaitasuna adostasunetara iristeko, elkarrizketarako borondatearekin eta lurraldearen aldeko jarrerak hurbilduz, herritarren ongizaterako funtsezkoak diren foru proiektu eta arauak onartzea ahalbidetu duelako.

Ildo horretan, EAJ-PNVk akordio zabalak lortzeko gaitasuna bermatzen duen egonkortasun instituzionalaren erakusleiho da. Eta, EH Bilduk akordiotik kanpo geratzea erabaki izana, beste aukera galdu bat da herri-eraikuntzaren ikuspegitik. Hala ere, Arrizabalagak adierazi du elkarrizketarako atea irekita dagoela legegintzaldian adostasunak lortzeko.

Presidentearen hitzetan, oposizioaren ezezkoak argi uzten du EH Bilduren lehentasuna ez dela aurrekontu hobeak lortzea, baizik eta aurkakotasun erosoan mantentzea. Jarrera horrek, adierazi duenez, ez du bat egiten Gipuzkoak behar duen ikuspegi kolektibo eta eraikitzailearekin. Areago, gogorarazi du EH Bilduk hamaika aitzaki bilatu dituela hamaikagarrenez aurrekontuei ezezkoa emateko.

Alegia, ”EH Bilduk bere burua zokoratu du eta gipuzkoarren beharrei bizkarra eman die”.

Bukatzeko, Arrizabalagak azpimarratu du 2026ko aurrekontuen onarpenak egonkortasuna eta etorkizuneko ikuspegia ematen diola Gipuzkoari: estrategia errealista eta epe luzerakoa, foru ogasun sendoak bermatutako gaitasuna, eta pertsonen ongizatearekin, jasangarritasunarekin eta etorkizun ekonomikoarekin hartutako konpromisoa.

Azkenik, EAJ-PNVren izaera politikoa berretsi du, abertzaletasunean oinarritua eta ez ezker-eskuin ardatzetan, eta adierazi du lanean jarraituko dutela Gipuzkoak bere onena eman dezan eta Euskadiren aurrerabidean bultzada izan dadin.

Interesatu Zaitez