Eusko Legebiltzarrak segurtasun integralaren arloko hainbat ebazpen eztabaidatu ditu, agintea eta bizikidetzarako balio komunak indartzeko, Euskal Polizia babestu eta sendotzeko, indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko eta arrisku berriei erantzuteko neurriak jasotzen dituztenak
28Urriak EAJ-PNVk irmo eta anbiguotasunik gabe gaitzetsi ditu, gaur Eusko Legebiltzarrean egiten ari den segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoan, ertzainen eta udaltzainen aurkako jazarpen, seinalatze edo indarkeriazko ekintza oro, baita indarkeria-adierazpen oro eta indarkeriaren legitimazioa ere. Era berean, talde jeltzaleak exijitu du agintearekiko, balio demokratikoekiko eta bizikidetzarako arau komunekiko errespeturik handiena sustatu eta eskatu dadila, baita espazio publikoa zaintzea ere.
Horiek dira segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoan eztabaidatzen ari diren ebazpenek jasotzen dituzten eskaera nagusietako batzuk. Ebazpen horietan, berariaz jasotzen da urriaren 26an Bilbon izandako indarkeriazko ekintzen gaitzespen irmoa; bereziki, ibilgailuak eta edukiontziak erretzearena, hiri-altzarietan eta saltokietan eragindako kalteena, eta Ertzaintzako eta Bilboko Udaltzaingoko agenteen aurkako erasoena. Talde jeltzaleak eskatu du ekintza horien arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela egindakoagatik, eta berretsi du indarkeria politikoa erabat arbuiatzea guztiz bateragarria dela polarizazioa areagotzen eta bizikidetza demokratikoa hondatzen laguntzen duten ultra asaldatzaileen komunikazio-jarduerak arbuiatzearekin.
Ildo horretan, EAJ-PNVren Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Díez Antxustegik ziurtatu duenez, “Euskadin jende normalaren gehiengo bat dago, Vito Quiles bezalako asaldatzaile, probokatzaile eta lotsagabe bat gure herrira bazterrak nahastera etortzerik nahi ez duena, baina, aldi berean, haren presentziaren aurka protesta egiteko Bilboko langileen autoak erretzea, saltokiak arpilatzea edo edukiontziak eta hiri-altzari publikoak erretzea arbuiatu eta gaitzesten duena. Pentsatu nahi dut gehiengo sozial hori badagoela herri honetan, eta horretaz ziur nago”.
Díez Antxustegik ziurtatu du “Euskadi herrialde segurua” dela, eta eskerrak eman dizkie hori posible izan dadin lan egiten duten pertsona guztiei. “Pertsona horiei guztiei gure errespetua eta esker ona adierazi nahi dizkiegu, bereziki jazarpena eta indarkeria jasan dutenei. Hemendik irmo gaitzesten dugu, bereziki, ertzainek eta udaltzainek jasaten duten jazarpena. EAJ-PNV beti egon da eta beti egongo da ertzainen eta udaltzainen aurkako erasoen kontra”, adierazi du.
Azaldu duenez, EAJ-PNVk eta PSE-EEk proposatutako segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoak herritarren kezka bati erantzuten dio, gaur egun segurtasuna Euskadiko arazo nagusietako bat dela uste baitute. “Segurtasuna euskal herritarren kezketako bat da. Ez da lehena, ezta bakarra ere, baina ezin da ukatu herritarrek adierazi duten kezka hori. Badakit batzuk ez direla eroso sentitzen eztabaida honetan eta ihes egin nahi diotela, baina segurtasun-arazoak ezin dira ukatu eta, aldi berean, ezin dira helburu elektoralistekin edo alderdikoiekin erabili, hauteskundeei begira. Segurtasun-arazoei aurre egin behar zaie, ausardiaz eta konbentzimenduz kudeatu behar dira, eta, erraza ez dela jakinda, erantzunak eta konponbideak eman behar zaizkie herritarrei”.
EAJ-PNVren bozeramaileak segurtasunaren kontzeptuan sakondu du, eta ziurtatu du arlo horretan Euskadiren erronka segurtasun integrala dela. “Segurtasuna aldatu egin da, eta harago doa. Zertaz ari gara segurtasun integralaz hitz egiten dugunean? Zerbitzu publiko batez ari gara, ongizateaz, baita lehiakortasun-faktore batez ere. Larrialdiez, indarkeria matxistaz, ziberdelinkuentziaz eta, jakina, pertsonen eta familien babesaz ari gara. Bide-segurtasunaz eta adikzioez hitz egiten dugu, baita berriez ere: apustuak, pantailak, duela gutxi existitu ere egiten ez ziren substantziak. Herritarrak kezkatzen dituzten gaiak dira, Basque Segurtasun Foroaren ondorioetan agertu ziren kezkak. Foroak, gainera, kontzeptu berriak jarri zituen mahai gainean: agintearen eta balioen krisia, desinformazioa edo autobabesa”, adierazi du jeltzaleak.
Díez Antxustegik hiru lehentasun nagusi zehaztu ditu segurtasun integralaren arloan: “Lehenengoa balio etiko eta demokratikoen eta bizikidetzaren esparrukoa da. Agintearekiko errespetuaren krisia badago, eta kalean antzematen da. Gai izan behar dugu agintearekiko errespetu hori berreskuratzeko eta arau partekatuez, elkarrekin bizitzeko borondateaz eta pertsona guztien eskubide eta betebeharrez hitz egiteko, salbuespenik gabe. Indarkeria matxistaz, prestakuntzaz eta prebentzioaz ere hitz egin behar dugu, haren aurka borrokatzen jarraitzeko. Bigarren lehentasun nagusia erronka berriei nola erantzun jakitea da: zibersegurtasuna eta larrialdi-egoeren aurreko autobabesa. Eta hirugarrena, gure Euskal Polizia etorkizunerako nola prestatuko dugun. Ildo horretan, polizia kalean gehiago egoteaz hitz egin behar dugu; izan ere, nori egiten dio traba polizien presentziak? Bada, errepideko kontrol batean, edan duenari; eta kalean, zerbait ezkutatzeko duenari edo delituren bat egin duenari. Herri honetan polizia kalean egotea segurtasun-bermea da, lasai egotea da”, adierazi du.
Eusko Legebiltzarrean eztabaidatutako ebazpenek Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu baino lehen aurkeztuko duen Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2026-2030 Plan Orokorra aberasteko balioko dute. Plan hori Euskadin segurtasun integralaren erronkei aurre egiteko tresna izango da.