Diputatu jeltzaleak adierazi du aste honetan iragarri den plangintza berrian jasotzen diren inbertsioek Euskal Taldeak hilabeteetan egindako eskaerei erantzuten dietela, baina Espainiako Gobernuari gogorarazi dionez azpiegitura horiek "ez dira hiru urte barru arte gauzatuko” eta, beraz, "ezinbestekoa" da gaur egun erabilgarri dagoen potentzia lantzea, industria oraindik horretara konektatu ezinik jarraitzen duelako
17Irailak "Aurreko hilabeteotan zure ministerioarekin lan egin dugu behar horiei erantzuteko proposamen zehatz, tekniko eta errealistak aurkeztuz. Sarearen plangintza berria erabaki izana ospatzen dugu, industria lehenesten duelako eta Euskadiren beharrei erantzungo dielako. Gainera, sareetan inbertitzeko mugak zabaltzen dira, gure taldetik proposatutakoetara asko hurbilduz", adierazi du Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Sara Aagesen Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko ministro eta hirugarren presidenteordeari egindako galderan. Baina berehala jarri du arreta oraingo trantsizio-aldirako neurriei heltzeko beharrean.
Ildo bereti nabarmendu duenez, inbertsioarekin batera "konfiantza sortuko duen eta haren hedapena bideragarri egingo duen ordainsari erakargarria" emateko unea da, baina "plangintza berrian aurreikusten diren inbertsioak ez dira hiru urte barru arte gauzatuko, eta, horregatik, ezinbestekoa da gaur egun erabilgarri dagoen potentzian jardutea, industria ezin baita potentzia horretara konektatu azpiegitura berria iristen den bitartean".
Sagastizabalek ekaineko itzalaldiaren ondorengo dekreturako adostu ziren baina Kongresuan bertan behera geratu ondoren, jorratu barik geratu ziren hiru gai laburbildu ditu. "Plangintza malgutu behar dugu"; "sarean erabili gabeak geratzearekin amaitzeko ordua da"; izan ere, oraintxe bertan "azpiestazioak dira entxufez betetako horma bat, non bakarrak funtzionatzen duen”."Horiek aktibatzeko ez da obrarik behar, ezta kable gehiago instalatu ere, baizik eta araudian aldaketa bat egitea"; eta, azkenik, "posizio bakoitzean eskura dagoen potentzia guztia aprobetxatu behar da". "Ezinbestekoa da hiru gai horiei berriro heltzea, fast track bat ahalbidetuko lukeelako, industria konektatu ahal izateko eta sarea eraginkortasunez erabiltzeko", amaitu du.
Azkenik,diputatu jeltzaleak azpimarratu duenez, aste honetan iragarritako "aurrerapenek" erakusten dute Euskal Taldearen proposamenak "entzun egin direla eta elkarrizketa, ideiak eta eztabaida adostasunak lortzeko bidea direla", baina aurretik dagoen lana azpimarratu du: "Orain epe bat ireki da hobekuntzak sartzeko, eta guk ez dugu aukera hori alferrik galduko".