Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalea enpresa-batzordearen alde agertu da Nafarroako lantegiaren itxiera-epeak malgutzea eskatuz, eta Europako Batzordearekin bideratutako harremanek ondorio onak ekartzea espero du
Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatua Eskirozeko (Nafarroa) BSH lantegiko enpresa batzordeko ordezkaritza batekin batzartu da gaur, asteartearekin, Stéphane Séjourné Europako Batzordeko presidenteorde eta industria arduradunaren eta Roxana Minzatu enplegu komisario eta presidente ordezkariekin batera, multinazionalak Nafarroako lantegia ixteko hartutako erabakiak kaltetutako mila langileri irtenbideak bilatzeko asmoz. Mikel Irujo eta Carmen Maeztu Nafarroako Industria eta Enplegu kontseilariak ere bileran izan dira, eta erabaki horrek Nafarroako Foru Komunitatean izango duen eragina eta ondorioak azaldu dituzte.
"Gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu Nafarroan eragin izugarria duen arazo handi honek kaltetutako langile guztiei", adierazi du Agirregoitiak Europako Parlamentuaren egoitzan eman duen prentsaurrekoan. EAJ-PNVko eurodiputatuak eskerrak eman dizkie Séjourné eta Minzaturen taldeei, lantegiko langileen ordezkariei entzuteagatik, eta Europako Batzordea enpresarekin harremanetan jartzeko prest agertu da, informazioa biltzeko eta kasuaren jarraipena egiteko.
"Denok dugu itxaropen pixka bat gehiago, hitz egiten jarraitzeko eta denbora lortzeko bideak ireki direlako. Datozen egunetan fruitua ematea eta albiste onak jasotzea espero dugu", adierazi du. "Nire ustez, Europako proiektuekiko desafekzio handia ematen ari den une honetan, garrantzitsua da gertutasuna erakustea, eta gertatzen ari dena bertatik bertara ezagutzea, Europa mailan beste leku batzuetan ere gertatzen den zerbaiten beste adibide bat delako", azaldu du gaurko bilerari buruz.
Lantegia ixteko epea malgutzeko eskaerari dagokionez, "guztiz zentzuzkoa" dela azaldu du Agirregoitiak, "eskatzen ari dire gauza bakarra denbora delako" eta "proiektuari eutsi ahal izateko aukerak egon badaudelako". Horrenbestez, "pertsonen egoera eta ekonomiaren eta enpresaren etorkizuna ez ezik, kaltetutako milaka familiena ere aintzat hartzeko deia egiten dut hemendik", gaineratu du.
Agirregoitiak agerraldian azpimarratu duenez, BSHren kasu honek balio behar du erakusteko "ezinbestekoa" dela jarduera ekonomikoa eta lanpostuak babesteko "konpromiso instituzionala, soziala eta enpresariala egotea", izan ere, "hiruretako batek huts egiten duenean, den-dena kolokan jartzen delako, eta kasu honekin ikusten ari gara hori", esan du. Enpresa-batzordearen aldetik, Xavier Tejero Baile (UGT), Iñaki Martín Del Bao (CCOO) eta Juan José Hermoso de Mendoza (LAB) joan dira Europako hiriburura.