Maribel Vaquero Euskal Taldearen bozeramaileak gaur deitoratu du auzitegi arrunt batzuk ari direla Espainiako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostu eta gauzatzen ari diren transferentzien kontra egiten, transferentzia horiek “gure hiritargoarentzat mesedegarri izan arren”, unibertsitateko tituluen homologazioa kasu
Maribel Vaquerok, Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, jakitera eman du gaur bertan Kongresuan erregistratu dela Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa aldarazteko Euskal Taldeak prestatu duen Lege Proposamena. Ekimen honen bidez eta bitarteko neutralik ez dagoela ikusita, talde jeltzaleak nahi du auzitegi arruntek ez ditzatela eskumen transferentziak gauzatzeko akordioak blokeatu.
“Azken auzitegia, jurisdikzioa, Konstituzio Auzitegia izatea eskatzen dugu. Une honetan auzitegi arruntak dira eskuduntzen arlo horretan epaiak ematen ari direnak. Eta epai horiek batzuetan ari dira gaiaren mamian sartzen, eskuduntza esparruan, eta Espainiako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean hartzen ari diren erabakiak atzera botatzen ari dira”, azaldu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. “Eskatzen duguna da gai hauetan azken hitza Konstituzio Auzitegiarena izatea”.
Hala, Euskal Taldeak bete egin du duela aste bete Vaquerok Pedro Sánchezi parlamentuan eginiko galderaren bidez iragarritakoa. Gaur bertan berretsi du espero duela ekimen horrek babesa jasotzea.
“Azken erabakiak, alderdi bien arteko batzordeetan hartzen direnak, unibertsitateko tituluen homologazioaren kasuan bezala, gure hiritarrei mesede egiten dien erabakiak dira”, arrazoitu du bozeramaile jeltzaleak. “Azkenean, tituluen homologazioan ikusi genuen bezala, Osakidetzarako behar ditugun berrehun bat pertsona linbo batean geratu ziren. Nahi duguna da transferentzia bat adosten denean, transferentzia hori errealitate egitea”.
Erregistratu den ekimenean jasota dagoenez “transferentzien batzorde mistoen eta segurtasun-batzordeen erabakiak konstituzionaltasun-blokearen zati garrantzitsu bat osatzera bideratuta daude, hau da, eskumenen banaketa osatzera. Konstituzioaren 161.1.c) artikuluak Konstituzio Auzitegiari esleitzen dio Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-gatazken gaineko ardura, edo autonomia-erkidegoen arteko eskumen-gatazken gainekoa. Horregatik, beharrezkoa da auzialdi prozesal bat gaitzea, Konstituzio Auzitegia konstituzio-bermeen organo gorena izan dadin, 123.1 Konstituzioak Estatuaren edo autonomia-erkidegoen eskumenen interpretazioa berrikus dezake".
Ondorengo estekan irakur daiteke osorik gaur erregistratu den ekimena: