EB Thailandiarekin egiten ari den negoziaketan euskal atunontzien sektorea babesteko eskatu dio Oihane Agirregoitiak Espainiako Gobernuari

EAJ-PNVko eurodiputatua Isabel Artime Arrantzako idazkari nagusiarekin bildu da gaur, asteartearekin, beste eurodiputatu batzuekin batera, arrantza sektoreari eragiten dioten espedienteak aztertzeko

EB Thailandiarekin egiten ari den negoziaketan euskal atunontzien sektorea babesteko eskatu dio Oihane Agirregoitiak Espainiako Gobernuari 18Martxoak
2025
2025 MartxoaK 18 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak euskal atunontzien sektorearen kezkei erantzuteko eta 2023ko martxotik Europar Batasuna eta Thailandia negoziatzen ari diren merkataritza libreko akordioaren eragin negatiboak saihesteko lana egiteko eskatu dio Isabel Artime Espainiako Gobernuko Arrantza idazkari nagusiari.

Negoziaketak hasi zirenetik lau elkarrizketa-erronda egin dira, eta apirilaren hasieran bosgarren bat egitea aurreikusita dago, urte amaierarako merkataritza-akordio bat ixteko helburuarekin. Sektorearen arabera, Asiako herrialdetik datorren atunaren sarrera mugatzen edo baztertzen ez bada, atunontzi izoztaileak eta kontserba-enpresek Asiako herrialdearen lehia desleiala jasan lezakete.

Agirregoitiak, halaber, Senegalen EBrekin arrantza-akordioa ez berritzeagatik jarduera geldiarazi duten lau atunontzien egoera, motorren indarra eta Arrantza Politika Bateratuaren filosofia-aldaketa aipatu ditu, baita 2028tik aurrera indarrean jarriko den aurrekontu-esparru berriaren finantzaketa eta funtsak modernizaziorantz eta jasangarritasunerantz bideratu beharra ere.

Arrantza Akordioa Ginea Bissaurekin

Gainera, Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeak oniritzia eman dio astearte honetan Ginea Bissaurekin sinatutako arrantza-akordioari. Akordio horri esker, 28 atunontzi, hesi-ontzi eta 13 kanabera-atunontzi sartu ahal izango dira uretara. Oraindik apirileko osoko bilkuran bozkatu behar den akordio honen onuradun izango dira bost euskal atunontzi izoztaile, datozen bost urteetan herrialde afrikarreko uretara sartu ahal izango direnak.

EBk 85 milioiko ekarpena egingo du protokolo berri horretarako, 17 milioi urtean, eta horietatik 4,5 milioi Ginea-Bissauko arrantza jasangarria kudeatzeko, kontrolatzeko eta zaintzeko gaitasunak sustatzeko eta tokiko arrantza-komunitateei laguntza emateko izango dira. Akordioa behin-behinean aplikatzen ari dira 2024ko irailaren 18tik.

Ozeanoen aldeko Ituna

Renew Europe taldeak ere astearte honetan argitaratu du Ozeanoen aldeko Europako Itunari buruzko jarrera. Agiri honek jasotzen du itsas segurtasuna hobetzeko, hazkunde ekonomikoa bultzatzeko eta ozeanoen osasuna eta iraunkortasuna babesteko ibilbide-orria. Diseinuan lan egin duten hiru eurodiputatuetako bat Oihane Agirregoitia izan da, eta lehiakortasuna bultzatzeko duen garrantzia nabarmendu nahi izan du bertan.

"Ozeanoak ezinbestekoak dira planetaren osasunerako, jasangarritasunerako eta lehiakortasunerako. Ahalik eta itsaso osasuntsuenak utzi nahi ditugu. Eta horrek arriskuak arintzea esan nahi du, baita Europako indarguneak aprobetxatzea ere. Itun hori funtsezkoa da gure portuen lehiakortasunerako. Azpiegitura kritiko eta estrategikoak dira, eta funtsezko zeregina betetzen dute, ez bakarrik logistikan eta nazioarteko merkataritzan, baita energia-zentro gisa ere", adierazi du.

Dokumentuak Europako Batzordeari eskatzen dio ekonomia urdina bultza dezala arrantza jasangarrian, itsas garraioaren deskarbonizazioan eta itsasoko energia berriztagarrien proiektuetan inbertituz. Era berean agertu da ozeanoen nazioarteko gobernantza indartzearen, azpiegitura kritikoen babesa hobetzearen, funtsezko merkataritza-bideen zaintza handitzearen eta indarrean dagoen legeria aplikatzeari eta harmonizatzeari lehentasuna ematearen alde.

Interesatu Zaitez