EAJ-PNVko eurodiputatuak galdera sorta bat aurkeztu dio asteazken honetan Batasuneko Gobernuari, inoren kargura ez dauden adingabeak banatzeko eta hartzeko laguntza-neurriak eskatuz
Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak galdera sorta bat aurkeztu dio asteazken honetan Europako Batzordeari, Euskadik migrazio-egoera tentsionatua bizi duela nabarmenduz eta inoren kargura ez dauden adingabeak hartzeko laguntza-neurriak eskatuz. "EAEko lurraldean dago Europarako igarobidea, eta egoera ez da Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetakoa bezalakoa; beraz, Kanariekin, Ceutarekin eta Melillarekin bezala, Iparraldeko Mugatzat hartzea eskatzen dugu", argudiatu du aurkeztu duen galderan.
Agirregoitiak bere galderan azaltzen duenez, Euskadik ezohiko migrazio-egoera bizi du; izan ere, Kanariar Uharteen, Ceutaren eta Melillaren ondoren, bakarrik dauden adingabeen harrera-ratio handiena duen lurraldea da gurea. "Bizkaian salbuespen gisa aktibatu zen harrera-dispositiboa ez da jasotzen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuan, gizarte-babesgabetasuneko egoeran dauden haur eta nerabeentzako egoitza-harrerako baliabideak arautzen dituenean, eskariaren hazkunde masiboaren eta aurreikus ezin daitekeenaren aurrean ematen baita", ohartarazi du euskal eurodiputatuak. Egoera hori areagotu egin da Frantziako Estatuak muga-kontrolak ezartzea erabaki duenez geroztik.
Agirregoitiak azpimarratu du beharrezkoa dela familia-erreferenterik gabeko adingabeen integrazioa errazteko"gizarte- eta hezkuntza-proiektua" eskaintzea, eta adierazi du egungo egoeran "oso zaila" dela hori. Hori kontuan hartuta, Europako Batzordeari interpelazioa egitea erabaki du, ondorengoak azal ditzan: Euskal Autonomia Erkidegoak bizi duen egoera berezia ezagutzen duen, atzerapenak edo kontingentzia-planik ezak eta Espainiako Estatuak euskal errealitatera egokitutako ezohiko zuzkidura ekonomikorik ezak nola eragingo lukeen, eta Batzordeak zer neurri hartzea aurreikusten duen Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Estatuko beste erkidego batzuekiko desberdintasun-egoerari aurre egin diezaion inoren kargura ez dauden adingabeen etorrerari eta harrerari dagokionez.
"Nahi dugu Europako Batzordeak bere iritzia eman dezala eta erantzun azkarra eman dezala dezala banaketa justurik eta estatuko kontingentzia-planik ez dagoelako, eta errealitatera egokitzen diren ezohiko zuzkidura ekonomikorik ez dagoelako", adierazi du.