EBBren presidentea Mikel Burzako Kanpo Harremanetarako Saileko burukide arduradunarekin eta Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalearekin batera egongo da EAJ-PNVren esku hartze erabakigarriarekin eratu zen PDEren urteurrena ospatzeko 2004ko abenduan egingo den bilera politikoan
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta, aldi berean, PDEren presidenteordea datorren ostiralean, abenduak 6, Bruselan izango da Europako Alderdi Demokrataren 20. urteurrenean parte hartuko duen ordezkaritza jeltzalearen buru gisa. Ortuzar Europako hiriburura joango da Mikel Burzako Kanpo Harremanetarako Saileko burukidearekin eta Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuarekin.
"The centre is the answer" ('Erdigunea da erantzuna') lelopean, PDEk Autoworlden (Berrogeita Mendeurreneko Parkean) bere 20. urteurrena ospatzeko antolatu duen topaketa politikoa 13:30ean hasiko da, PDEren historiari eta etorkizunari buruzko hainbat panelen inguruan egituratuko den barneko lanaren lehen zati batekin. EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak hartuko du hitza, duela gutxi Euroganberan abian jarri den bost urteko legealdira begira demokratek planteatzen dituzten helburuak jorratzeko egingo den eztabaida-bileran. 17:00etan, PDEk bere ateak irekiko dizkio publiko orokorrari eta komunikabideei,17:30ean hasiko den topaketaren bigarren zatian izateko aukera emanez. Bertan, Ortuzarrek Europako Alderdi Demokrataren sorreran EAJ-PNVren parte-hartze erabakigarria eragin zuten arrazoiak azalduko ditu, PDEk Europako egoera politiko konplexuan gaur egun duen garrantziaz hausnartu eta EAJ-PNVk alderdi politiko horretan parte hartzeko dituen helburuak eta asmoak finkatuko ditu. Ortuzarrek 17:00etan komunikabideen galderei erantzungo die.
2004ko abenduaren 9an, Bruselan, Europako Alderdi Demokrataren (PDE) biltzar eratzailea egin zen. Lehenengo Kontseilu Politikoa Sabin Etxean egin zen hurrengo urteko otsailean. PDE alderdi politiko europazalea da erabat, Batasunean elkarrekin bizi diren nazio-nortasun desberdinak babestearen alde egiten duena, eta Erkidegoaren konfigurazio politikoan legegintzako eskumenak dituzten eskualdeen eta herrien zeregina defendatzen duena. PDEk hamar eurodiputatu ditu gaur egun, eta horien artean dago Agirregoitia, 77 kideko Renew Europe taldearen barruan.