Datorren asteartean Senatuan egingo den kontrol saioan, Exekutiboak enpresa birfinantzatzeko plana onar dezala eskatuko dio Industria ministroari, epaitegiek eta gainerako hartzekodunek onartutakoa, eta epe labur eta ertainean bere bideragarritasuna ziurtatuko duena
EAJ-PNVko Luke Uribe-Etxebarria senatariak galdera egingo dio asteartean Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroari, eta bertan eskatuko dio Cofides estatuko sozietateak berriz azter dezala Astilleros Balenciaga enpresaren berregituraketa- eta birfinantzaketa-plana onartu ez izanaren erabakia. Espainiako Gobernuaren mendeko sozietate hau enpresa zumaitarraren hartzekodun nagusia da eta plana onartuko ez balu lantegi gipuzkoarra itxi behar izatea eragin lezake.
Bere galderan, senatari jeltzaleak ministroari azalduko dio ez dirudiela onargarria denik Astilleros Balenciagari emandako partaidetza-mailegua Estatuari itzultzeko epeetan dagoen desadostasun soila arrazoi nahikoa izatea ehun urteko enpresa hori bere desagerpenera kondenatzeko. "Ulertezina egiten zaigu zer onura ekar ditzakeen enpresa bat ixteak, etorkizuneko sektore batean, kualifikazio handikoa eta intentsitate industrial, teknologiko eta berritzaile handikoa", adierazi du senatari jeltzaleak. Uribe-Etxebarriaren iritziz, "Balentziaga ontziolak itxiera saihesteko beste lan-karga du, eta behar duen bakarra bere berregituraketa-planean zehazten diren finantzaketa-baldintza batzuk dira, Cofides Estatuko erakundeak harrigarriro baztertu duena".
Interpelazioa, sexu-askatasunaren legea eta trans legea betetzeari buruzkoa. Osoko Bilkura berean, María Dolores Etxanok Berdintasun ministroa interpelatuko du Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoa, eta Transen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko Legea betetzearen jarraipenari dagokionez. Senatari jeltzaleak kasu jakin batzuetan gertatzen ari diren zailtasunak eta eragozpenak azalduko dizkio Ana Redondo ministroari, eta onartu diren legeak garatzeko betebeharra dagoela gogoraraziko dio.
Interpelazioa. María Dolores Etxano. Sexu-askatasunaren legea eta trans legea betetzeari buruzkoa
Ahozko Galdera Osoko Bilkuran. Luke Uribe-Etxebarria. Astilleros Balenciagaren berregituraketa plana