EUDELek eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak udalek harrera-politika inklusibo eta eraginkorrak garatzea bultzatuko dute, EAEn bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen beharretara egokituta
Gaur goizean, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak “Euskadin atzerritarrei harrera emateko tokiko politikak diseinatzeko eskuliburua” aurkeztu dute hiru lurraldeetako tokiko erakundeekin egindako jardunaldi batean. Euskaraz “Harrera Ehundu” izenarekin ezagutzen den ekimen aitzindari honetan, arlo horretan ibilbide aurreratua duten hemeretzi euskal udalerrik parte hartu dute. Horietatik, Durangok, Ermuak eta Tolosaldeak euren esperientziak eta ibilbideak partekatu dituzte.
Eskuliburu hori, Estatuko lehenengoa, funtsezko tresna izango da udalentzat hurrengo urteetan. Erreferentziazko eredua da tokiko harrera modu autonomoan kudeatzeko, udalerriaren errealitate espezifikoaren arabera, eta, aldi berean, Migrazioaren aldeko Euskal Itun Sozialaren herrialde-esparruaren barruan.
Horretan, funtsezko printzipioak proposatzen dira, hala nola erantzukizun publikoa eta ikuspegi komunitarioa, harrera integral eta gizatiar baten beharra nabarmentzen dutenak, pertsona migratzaileen eskubideen ildotik.
Horretan, funtsezko printzipioak proposatzen dira, hala nola erantzukizun publikoa eta ikuspegi komunitarioa, harrera integral eta gizatiar baten beharra nabarmentzen dutenak, pertsona migratzaileen eskubideekin bat eginda.
“Euskal udalerriok Euskadira datozen pertsona guztiei egindako harrera duin, gizatiar eta enpatikoaren erreferente izan nahi dugu, eta, horretarako, “komunitatea ehunduko dugu”, esan du Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, hitzaldiaren hasieran. Horretarako, harreraren eta aniztasunaren kudeaketa udal-arlo desberdinen politika transbertsal gisa kokatzearen alde egin du, udalerrien, gainerako erakundeen, Hirugarren Sektorearen eta herritarren arteko lankidetzatik. Apraizek azaldu duenez, Eskuliburuak Udalak sistema eta zerbitzu ezberdinetara sartzeko ate gisa duen rol nagusia garatzen du, baita bizilagun berrien eskubideen bermatzaile gisa duena ere, “herritar osoak” izan daitezen. Elkarteburuak nabarmendu duenez, “tokiko erakundeek, erronka demografikoaren lehen lerroan, migratzaileen herritar-integrazioa lagunduko dugu, beharrezkoa baita aniztasunean oinarritutako elkarbizitzarako eta gizarte-kohesiorako”.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak nabarmendu duenez, "gure herrietara iritsi diren eta iristen jarraitzen duten pertsonen eta gure artean errotu nahi duten horien erabateko integrazioa erraztu nahi duen tresna da, herri honen aurrerabidea elkarrekin eraikitzeko". "Baliabide heldua, landua, kontrastatua eta leundua, tokiko arlotik, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa sustatzeko balioko duena", gaineratu du.
Funtsezko tresna
Dokumentu honek EAEn gizarteratzea eta gizarte-kohesioa sustatzeko funtsezko baliabide gisa baliagarri izan nahi du, eta migratzaileen beharrei nahiz Euskadiren erronka demografiko eta sozialei erantzungo dieten politikak sustatu nahi ditu. Gizarte-eragileekin, erakunde publikoekin eta komunitatearekin koordinatzea funtsezkoa da integrazio arrakastatsua eta gizarte osoaren ongizatea ziurtatzeko.
Eskuliburuaren alderdi aipagarrienen artean, hauek daude:
Printzipio orokorrak: ardatz nagusitzat hartzen da harrera, eskubideen, kulturartekotasunaren, genero-ikuspegiaren eta erakundeen arteko koordinazioaren ikuspegitik. Lehentasuna oinarrizko zerbitzuak berdintasunez eskuratzeko aukera bermatzea da, hala nola osasuna, hezkuntza, enplegua eta euskara eta gaztelania ikastea.
Arau-testuingurua: Eskuliburuak nazioarteko eta estatuko araudiak ditu oinarri, hala nola Migraziorako Euskal Itun Soziala eta Atzerritarren Lege Organikoa. Toki mailan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak integrazio eta harrera politikak garatzeko eskumenak ematen dizkie udalerriei.
Tokiko Harrera Politika Diseinatzeko urratsak: zazpi urrats proposatzen dira, beharren diagnostikotik hasi eta harrerarako zerbitzu espezifiko bat sortzeraino, etengabeko ebaluazioekin inplementatutako politiken eraginkortasuna bermatzeko.
7 urratsak: (1) Udalaren bultzada partekatua (politikariak eta teknikariak) eta Hirugarren Sektorea eta herritarrak; (2) beharren diagnostikoa; (3) baliabideen gida; (4) harrera protokoloa; (5) harrera zerbitzua; (6) udalerri barruko eta erakunde arteko koordinazioa; (7) etengabeko ebaluazioa.
Iturria: EUDEL