Politika orokorreko eztabaidan, Arabako Diputatu Nagusiak dei egin die alderdiei zerga-aldaketak, energia berriztagarrien garapena, lehen sektorearen etorkizuna eta lurraldeko gainerako erronkak adosteko
Arabaren norabide ona sendotzeko elkarrizketarako eta lankidetzarako deia, inbestidura-proiektuen aurrerapenaren egoera eta Foru Gobernuak abian jarriko dituen plan berriak dira Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren hitzaldiaren gakoak, Batzar Nagusietan egiten ari diren politika orokorreko eztabaidaren lehen egunean. “Erronka handiei eta eraldaketa handiei aurre egiten ari gara, Araba Europako herrialde eta eskualde aurreratuenen garapen eta ongizate mailetan kokatu nahian”, adierazi du diputatu nagusiak. “Gure helburua da arabarrek bizi-maila altua izatea eta gure gizarte kohesionatua, aukerazkoa eta zerbitzu publiko onenak dituena izatea”.
Ramiro Gonzalezek “elkarrizketarako eta lankidetza irekirako” deia egin du, Araba ongizate-maila aurreratuenen artean finkatzeko “formularik onena” delakoan, bai berehala izango diren aurrekontuen negoziazioan eta zerga-aldaketetan, baina baita “gai garrantzitsuetan ere, hala nola energia berriztagarrien garapenean edo lehen sektorearen etorkizunean”. Ildo horretan, gehiengoarengandik gobernatzeko modua defendatu du, “baina beti gutxiengoak errespetatuz”.
Arabako errealitate ekonomikoari buruzko balantzean, Ramiro Gonzálezek industriaren pisu handia eta lurraldearen izaera esportatzailea nabarmendu ditu; baita Alemaniaren egoera ekonomikoa ere, Arabako esportazioei eragiten baitie. “Gure enpresak gero eta aldakorragoa den mundura egokitzeko gaitasun handia erakusten ari dira. Industriaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu -ziurtatu du-, nahiz eta horrek une honetan BPGn beste eskualde batzuetan baino hazkunde motelagoa ekarri. Industriaren aldeko apustuak etorkizun hobea eta lan- eta soldata-baldintza hobeak bermatzen ditu, gure ekonomiaren motorra da eta zaintzen jarraituko dugu”.
Arabako ekonomiaren oparoaldia gorabehera, diputatu nagusiak azpimarratu du “badaude zailtasun egoeran dauden pertsonak, etxebizitza izateko aukerarik gaberik, langabezian edo duintasunez bizitzeko aukerarik ematen ez dien soldatarekin”. “Argi izan nire lehen kezka, nire lehen helburua dela arabar guztiek beren bizi-proiektua garatu ahal izatea”.
Arabako diputatu nagusiak Foru Gobernuak azken urtean egindako proiektuak eta hurrengorako planak azaldu ditu, Araba lehiakorra eta berritzailea lortu nahi duen ardatz estrategikoko ekimenetatik hasita. Fiskalitateari dagokionez, azken urtean hartutako neurri batzuk nabarmendu ditu, hala nola PFEZren tarteetan % 2,5eko deflaktazioa erosteko ahalmenaren galera arintzeko, edota tratamendu fiskalaren hobekuntza mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonen eta landa-eremuko ekintzaileen kasuetan, ikus-entzunezko eta sormenezko industriarentzako pizgarri fiskal berriekin batera.
Halaber, bere gobernuak Arabako Batzar Nagusietan fiskalitate eta zerga berrikuspenerako foru arauaren proiektua aurkezteko konpromisoa beteko duela ziurtatu du, horren bidez “gizarte gisa ditugun erronka handiei aurre egin nahi zaie, fiskalitate progresiboagoa bermatu nahi da, etxebizitza-premiari erantzun nahi zaio, batez ere gazteen alokairuaren eta etxebizitza eskuratzeko aukeraren kasuan, kontziliazioan aurrera egin nahi du, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko beharrari erantzun nahi zaio eta gizarte-kohesioa handitzen lagundu nahi da". Neurri zehatzei dagokienez, iragarri du errenta txikienei lagunduko dien PFEZren 200 euroko kenkaria beste urtebetez luzatuko dela, 2025eko hurrengo errenta kanpainan aplikatu ahal izateko, eta lehen sektoreko langile autonomoentzat % 70eko forfaita mantenduko dela.
Arlo horretan, ekintzaileen eta "enpresa-sare indartsu baten" defentsa egin du, “ezinbestekoa baita kalitatezko zerbitzu publikoak izatea ahalbidetuko duten baliabideak izateko”. “Arabako Foru Aldundia jarri nahi dugu ekintzailetzaren epizentrotzat, lurralde osorako sarbide eta erreferentzia gisa”, adierazi du. Horretarako, ‘Arabako Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa’ martxan jarriko dela iragarri du, Gasteizko erdigunean, dagoeneko dauden ekintzailetza-zerbitzuak bertan batuz, eta enpresa-ideia errealitate bihurtu nahi dutenei “balio erantsi handiko” zerbitzuak eman ahal izateko.
Arasur handitzea
Industriaren arloan, “dibertsifikazio sektorialean eta teknologikoan” lortutako mugarriak nabarmendu ditu, hala nola Automobilgintzako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (BAM) martxan jartzea, Mercedesek iragarritako mila milioi euroko inbertsioak edo DHLren 40 milioiko inbertsioa. Datorren urterako erronka gisa, Arasur handitzea proposatu du, lursail handiak behar dituzten enpresak kokatu ahal izateko. Izan ere, azken urteotan industrialde horrek bultzada handia izan du, gaur ia azalera librerik ez izateraino. Forondan urtean 500.000 bidaiari izateko helburuari dagokionez, Foru Aldundiak 6 milioi gehitu dizkio VIA sozietateari datozen lau urteetarako aireportua sustatzeko.
Eremu horretan, eta ikus-entzunezko proiektuetarako zerga-esparru berriaren “pizgarriari” esker, iragarri du ‘Film Commission’ bat abian jarriko dela laster, Foru Aldundiaren gidaritzapean, lurraldean ikus-entzunezko proiektuak bideratzeko eta talentua eta tokiko industria sortzeko. Gainera, datozen hilabeteotan, ‘Araba talentuaren alde’ estrategia integrala plazaratuko da talentua erakartzeko eta atxikitzeko.
Azpiegituren arloan, Ramiro Gonzalezek Abiadura Handiko Trenaren trazadurari eta Euskal Y-a Iruñearekin lotzeari buruzko erabakiak “ahalik eta azkarren” hartzearen alde egin du berriro, eta “erabateko konfidantza” agertu du egiteke dauden txostenek Gasteizko alternatiba berretsiko dutela. Turismoaren datu onak nabarmendu ditu, 2024ko joerak 2023koa mantendu duelako, iazkoa sektorearentzat historiako urterik onena izan bait zen.
Bere politiken bigarren ardatz estrategiko handiari dagokionez, Araba kohesionatua eta inklusiboa lortzera bideratua, diputatu nagusiak zainketen eremua nabarmendu du, “inoiz baino gehiago, baliabide eta plaza berriak sortuz, eta zaintzeko modu berriak bultzatuz, zaindutako pertsonen eta zaintzaileen premietan oinarrituta”. Azken urteko proiektu batzuk aipatu ditu, hala nola Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren intentsitatea indartzea, mendekotasuneko prestazio ekonomikoen zenbatekoak handitzea, espektro autistako nahasmendua duten pertsonentzako eguneko zentro berria sortzea, sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako Tximeletak Zentroa martxan jartzea, egonaldi ertaineko egoitza-zentro berria (Carme 2) genero-indarkeriaren biktimentzat abian jartzea, eta Indesako hitzarmen kolektiboaren akordioa.
Datozen 12 hilabeteetan jarraipena izango duten ekimenak, baliabide ugari irekiko baitira, besteak beste, Lakondoa zentro berria eta beste bat Laudion desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako, indarkeria matxistaren biktimentzako berehalako arretarako bigarren zentroa (CAI 2), desgaitasuna duten pertsonentzako Bizitza Independenterako Bulegoa, eta Abegia gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzako baliabide berrian bilakatuz. Era berean, Samaniego adinekoentzako egoitza ere irekiko da, erreforma integrala egin ondoren, eta lizitazioa egingo da Salburuako egoitza berriaren proiektua idazteko, eraikitzeko eta kudeatzeko. Aldi berean, adimen desgaitasuna duten pertsonen Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro berriaren lehen jarduerak hasiko dira.
“Hemendik urtebetera -iragarri du- 225 egoitza-, okupazio- eta eguneko zentro-plaza sortuko ditugu adinekoentzat, desgaituentzat, gaixotasun mentalentzat, gizarte-bazterkeriako egoeran daudenentzat eta indarkeria matxistaren biktimentzat”. Balioespenak arintzeko prozedura berria da beste neurrietako bat, ondorioz desgaitasunen bat dutenentzako batez besteko itxaronaldiak 6 hilabetetik behera murrizteko eta mendekotasun-denborak 3 hilabetetik behera mantentzeko ere.
Deskarbonizaziorako Arabako Aliantza
Araba berdea eta planetarekin konprometitua proposatzen duen hirugarren ardatz estrategikoari dagokionez, “deskarbonizaziorako Arabako aliantza handi batean ari gara dagoeneko lanean, non enpresek, elkarteek, erakundeek eta zentro teknologikoek ahaleginak batuko dituzten gure ekonomia deskarbonizatzeko erronka handiari erantzuteko eta industria-ekoizpenaren eta ingurumen-babesaren arteko erabateko oreka bilatzeko”.
Hiru dira energia berriztagarrien sorkuntza intentsiboko proiektuak, obrak hastear daudenak: Labrazako eta Itzarazko Parke Eolikoak eta Ekieneako Parke Fotovoltaikoa. Horiek “gure lurraldean ekoitzitako energia berriztagarriaren hazkunde nabarmena ekarriko dute, baina ez da nahikoa”. “Lanean jarraitu behar dugu energia berriztagarrien ekoizpena nabarmen handitzeko. Planetaren etorkizuna dugu jokoan, baita gure lurraldearen etorkizuna ere, batez ere industriala den neurrian. Arabako Foru Aldundia gure lurraldearen osotasunaren bermatzailea da, eta lanean jarraituko du jasangarriak diren proiektuak garatzeko”. Puntu horretan, Ramiro Gonzalezek “jarrera maximalistak alde batera uzteko” deia egin du, “lurraldeak deskarbonizazioaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren alde egiten duen apustua indartuko lukeen” akordio politikoa posible egiteko.
Hiri-hondakinen prebentzioari eta kudeaketari dagokionez, KonpostAraba Konpostaje Plantaren eta etorkizunean egingo den Tamaina Handiko eta Berrerabiltzeko Plantaren lizitazioak iragarri ditu.
Araba orekatua, polizentrikoa eta anitza izeneko ardatz estrategikoak kalitatezko zerbitzu publikoak lortu nahi ditu lurralde osoan. Helburu hori lortzeko, diputatu nagusiak “lehentasuna izan behar duten” neurri berriak iragarri ditu etxebizitza eskuratzeko zailtasuna arintzeko, eta gehituko zaizkienak orain arte onartutakoei, adibidez 20.000 biztanletik beherako udalerrietan etxebizitzak birgaitzeko onartutakoak edo etxebizitza horiek gazteek erosi ahal izateko abal-lerroak. Horrela, landa-eremuan etxebizitzak alokatzeko abalen programa berria iragarri du, jabeei bermea emanez eta, ondorioz, alokairurako eskaintza handituz.
Baina lurraldea kohesionatzen duen elementurik badago, hori nekazaritza da, nabarmendu du Ramiro Gonzálezek. Foru Gobernuaren egitura aldatu du sail propioa sortzeko, “sektoreak administrazioaren arreta berezia behar duen une honetan”, eta neurri fiskalak ezarri ditu sektoreari laguntzeko. Arabako Foru Aldundiak “erronka onartu eta lanean ari da” sektorearekin lankidetzan hainbat arlotan, hala nola Nekazaritza Politika Bateratuaren interpretazio-moduak malgutzean, burokrazia sinplifikatzean, indarrean dauden sektoreko laguntza-neurriak berrikustean egungo errealitatera egokitzeko, eta laguntza-planak indartzean.
Era berean, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea, gazteei laguntzea eta nekazaritza ekologikoa nabarmendu ditu. Azken atal horretan, ‘Biderbi’ planaren garapena azpimarratu du, Eskalmendi Arabako ekoizpen agroekologikoaren erreferente gisa jarri kokatuz.
Irteera kolektiboa eta partekatua Arabako Errioxan
Arabako Errioxako ardoaren sektoreak salmenten eta errentagarritasunaren krisiagatik aurre egin beharreko erronkari dagokionez, “irtenbide kolektibo eta partekatuari” ekitearen alde egin du, Foru Gobernuak defendatzen dituen “bereizketaren, jatorriaren eta kalitatearen” neurrietan sakonduz. Foru Aldundiak prozesu estrategiko partekatu berria gidatzeko konpromisoa hartzen du, 2019ko Arabako Errioxako ardoaren ekonomiaren inguruko posizionamendu-planaren garapena eguneratzeko. “Ez dago banakako edo zatikako irtenbiderik egungo krisirako”, argitu du. Bestalde, azken urtean ‘EDA, Drinks & Wine Campus’ delakoaren oinarriak finkatuta, 2025 Gasteizen eta Guardian eraikinak burutu ahal izateko lizitazioaren urtea izango da, 2026ko ikasturtean hasteko helburuarekin.
Legegintzaldiko lehen urte honetan ere hainbat jarduketa egin dira Arabako errepide-sarea hobetzeko, eta bi azterlan kontratatu dira bolumen handiko bideen finantzaketa- eta kudeaketa-eredua zehazteko. Datozen hilabeteetan, Manzanoseko saihesbidearen lizitazioa, Armiñongo lotunean bigarren esku-hartzea egiteko proiektuaren onarpena eta Gasteiz eta Arabako parke teknologikoa lotzen dituen bizikleta bidea eraikitzeko obren lizitazioa, esleipena eta hasiera aurreikusten dira.
Gainera, Natur Zientzien Museoaren egoitza berria Kordoiaren Etxera eramateko Vital Fundazioarekin akordioa ixteko zorian dagoela iragarri du, Gasteizko Erdi Aroko Hirigunean, espazio eta baldintza egokiak baititu bere ondare zabala “merezi bezala erakusteko”. Azken fasean dagoen beste proiektu bat Euskararen 2025-2029 Plan Estrategiko berria da. Plan horren helburua euskararen erabilera aktibatzea da, euskararen aldeko sareak eta baldintzak sortuz.
Gobernu onaren ardatz estrategikoari dagokionez, diputau nagusiak iragarri du datozen hiru urteetan parte-hartze eta entzute aktiboko prozesu dinamiko bat abian jarriko dela lurraldeko gizartearekin eta ekonomia-, gizarte- eta enpresa-eragileekin.
Iturria: AFA