Euskal Taldearen bozeramaileak iragarri du talde jeltzaleak babestu egingo duela Edmundo González Urrutiak Venezuelako Presidentetzarako Hauteskundeetako irabazle atera dela aitortzeko ekimena. Hala gertatuko da “ezer okertzen ez bada, Kongresuan egon badaudelako baldarra izaten trebeak”
“Venezuela ez dago ñabarduretarako eta EAJ-PNVk argi baino argiago dauka errepresioaren aurka egongo dela, diktaduraren aurka, obskurantismoaren aurka eta, beraz, Maduroren aurka. Eta Madurori ezin zaio zentimetro bakar bat eman”. Euskal Taldearen bozeramaile Aitor Estebanek hitz hauekin deskribatu du gaur Venezuelan bizi den egoera, eta jarraian iragarri du talde jeltzaleak baiezkoa bozkatuko duela Kongresuak aitor dezan Edmundo González Urrutia garaile atera zela uztailaren 28an Venezuelako Presidentetzarako egin ziren Hauteskundeetan: “Venezuelako oposizio demokratikoak aitortza hori nahi du eta, beraz, ezer okertzen ez bada, parlamentu honetan egon badaudelako baldarra izaten trebeak, EAJ-PNVk baiezkoa bozkatuko du González Urrutiari garaipena aitortzeko bozketan”. Gainera, Estebanek kritikatu egin du Venezuela elkarri mokoka aritzeko baliatzen ari direla Estatuko alderdi handiak: “Venezuela atera behar da parlamentu honetako borroka politikotik”. Era berean nabarmendu du espero duela PPk “momentua ulertzen eta egoera maneiatzen jakitea”: “ Soberan daude zabarkeriak”. Bozeramaile jeltzaleak ildo beretik adierazi duenez “inork ez dezala zalantzan izan” Plataforma Unitarioak aurkeztu dituen aktak ikusita “oposizioaren garaipena gertatu egin dela”. “Madurok ez du ezertxo ere egin kontrakoa argi eta garbi erakusteko”, azpimarratu du. Aitor Estebanek Kongresuko tribunatik parte hartuko du eztabaidan gaur arratsaldean baina bozketa ez da bihar arte egingo.
Kongresuko prentsa aretoan galdetu diote Pedro Sánchez Espainiako gobernuko presidenteak 'botere legegilearen babesarekin edo babesik gabe' jarraituko duela esanez egin zituen adierazpenen inguruan, eta Estebanek zera erantzun du “hilabete batzuetan egin lezake, baina ezin du ahaztu EAJ-PNVrekin konpromiso batzuk izenpetuta dituela eta gu zorrotzak izango garela. Kartera legegilea edo aurrekontuak ahaztu ahal dituzu, baina `sine die´ egitea oso konplikatu atera daiteke. Zail gertatzen da parlamentuaren beharrik ez izatea, egunero gauzak gertatzen direlako eta Exekutiboarentzat garrantzitsuak izan daitezkeen erabakiak hartzen direlako”.