EAJk babes "kritiko eta baldintzatua" eman dio Von der Leyeni, "marra gorri gaindiezina" ezarriko baitu eskuin muturrarekiko edozein kolaborazioren aurrean

Oihane Agirregoitia EAJko europarlamentariak adierazi duenez, Alemaniako buruzagiaren hautagaitza "aurkezten den bakarra da, eta, beraz, Europako erakundeei egonkortasuna eman diezaiekeen bakarra". Ildo beretik, euskal herritarren interesak Europan defendatzeko konpromisoa hartu du, "Euskadiko errealitatearen aurka doazen neurri fiskalen edo austeritate neurrien aurrean" zorroztasunez jokatuz.

EAJk babes 18Uztailak
2024
2024 UztailaK 18 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

EAJk babes "kritiko eta baldintzatua" eman dio Ursula Von der Leyeni Europako Batzordeko presidente izaten jarrai dezan, baina ordezkari jeltzaleak argi utzi nahi izan du babes horrek "marra gorri gaindiezina" ere badakarrela Alemaniako agintariak eskuin muturrarekin ezar dezakeen edozein kolaborazioren aurrean, eta halakorik gertatzean babes eta konfiantza hori kendu egingo zaizkiola. "Eskuin muturraren, estremismoen eta populismoen kontra tinko jarraituko du EAJk. Espero dugu Von der Leyenek bere hitza betetzea eta irizpide bera aplikatzea, Renew Europe taldetik egin genion galderari erantzutean hitzeman zuena betez", esan du Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak.

Estrasburgon, Europako Batzordeko presidentetza aukeratzeko egin den bozketan Agirregoitiak azaldu duenez, Von der Leyen "aurkezten den hautagai bakarra da, eta, beraz, Europako erakundeei egonkortasuna eman diezaiekeen bakarra". "Eztabaida eta bozketa asko izango dira, eta Europan euskal herritarren interesen alde egingo dugu beti", azpimarratu du Agirregoitiak. Datozen bost urteetan "Euskadiren interesen eta errealitatearen aurka doazen neurri fiskalen aurrean" adi egongo dela azpimarratu du ordezkari abertzaleak. Halaber, "gatazka guztietan, salbuespenik gabe, Europak bake eragile gisa duen zeregina defendatzeko" konpromisoa hartu du, "arreta berezia jarriz Ukrainako eta Gazako egoeran".

"Abertzaleak eta europazaleak gara", esan du Agirregoitiak. "Legegintzaldi berria hasi dugu Europa berdintasunezkoa, eraldatzailea, kalitatezko enplegu-aukera berriak eskainiko dituen eraikitzeko, aniztasunean batuta eta bat eginik egongo dena eta Euskal Herria bezalako herrien aniztasuna errespetatuko duena”.

Interesatu Zaitez