Eltziegon (Arabar Errioxa), Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNV eta CEUSen zerrendaburuak aldarrikatu du “soldata duinak” defendatu behar direla nekazaritzako langileentzat “ustiategien iraunkortasun ekonomiko eta sozialak baino ez baititu bermatzen ingurumenaren iraunkortasuna, elikagaien segurtasuna eta belaunaldien arteko erreleboa”
Oihane Agirregoitiak, Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNV eta CEUS koalizioaren zerrendaburuak, gaur Eltziegon (Arabar Errioxa) hitzeman du lehen sektoreko produktoreen errenta hobetzeko lana egingo duela “beren lanak soldata duina merezi duelako”, “ustiategien iraunkortasun ekonomiko eta sozialak baino ez baitu ingurumenaren iraunkortasuna bermatzen” eta “hobekuntza hori gabe arriskuan dagoelako belaunaldien arteko erreleboa eta EBko elikagaien segurtasuna”. Hautagai jeltzaleak aldarrikatu du sektorearekin elkarrizketa areagotu behar dela europar arauak sektoreko langileen eskutik egiteko eta ez haien kontra, bai eta burokrazia gutxiagorekin ere Nekazal Politika Bateratuaren programen kudeaketan.
Agirregoitiak Arabar Errioxako upategi batean azaldu ditu gaur EAJ-PNVk Europako Hauteskundeei begira prestatu duen egitasmoak jasotzen dituen proposamen nagusiak. “Lehen sektoreari begira gure egitasmoan aurreikusten den lehen helburua da produktoreen errenta hobetzea. Ustiategietan lan egiten duten langileek soldata duina behar eta merezi dute, ustiategi bakoitzaren errentagarritasuna bermatuko duena eta belaunaldien arteko erreleboa animatzeko, ildo beretik lurrak eskuratzeko bideak erraztuz”. Helburu hori lortzeko bidea hasten da, hautagaiaren esanetan “elkarteak sortzen laguntzea eta produktoreak gehiago inplikatuz produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko lanean. Bai eta produktoreen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena babestuz ere, distribuzio kate laburren bidez eta 'zero kilometroko' produktuak bultzatuz. Elikadura katearen legea betearaztea bezain garrantzitsua den zerbait. Bai eta gure produkzioak babestea ere, kanpotik eta gure kalitate, osasun eta iraunkortasun estandar zorrotzak bete gabe datozenen aurrean”.
Agirregoitiak era berean hitzeman du lan handia eta esfortzua jarriko dituela “Europak gehiago eta hobeto entzun dezan. Elkarrizketa gehiago behar dugu batasunaren arauak sektorearen eskutik onartzeko, eta ez haren kontra. Produktoreak dira ingurumenaren iraunkortasuna nahi duten lehenak, baina hori lortzeko behar dugu sektorearen beraren iraunkortasun sozial eta ekonomikoa”, ziurtatu du. Azken hilabeteotan lehen sektorearen mobilizazioak deituz egin diren aldarrikapena gogora ekarriz, jeltzaleak “burokrazia gutxiago” erreklamatu du “Europako programetara hobeto eta errazago sartu ahal izateko”. Eta kalitatearen aldeko apustua aldarrikatu du “hemen, Arabar Errioxan, nortasun ezaugarri duzuena”. Agirregoitiak amaitzeko defendatu duenez “teknika berriei eta digitalizazioari ezagutza tradizionala gehitzea ere bada hobetzen jarraitzeko errezeta ona”.