Eusko Jaurlaritzak ETEentzako 83 laguntza-programa aurkeztu ditu 600 milioi euro baino gehiagorekin enpresen dinamismoari eusteko

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak trantsizio digitalean, energetikoan eta ingurumenekoan aurrera egin nahi du proiektu eraldatzaileekin (I+G+b inbertsioaren % 70) eta arreta berezia jartzen du deskarbonizazioan

Eusko Jaurlaritzak ETEentzako 83 laguntza-programa aurkeztu ditu 600 milioi euro baino gehiagorekin enpresen dinamismoari eusteko 20Otsaila 20 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik  ETEentzako 2023 laguntza-plana aurkeztu dute gaur goizean. 600 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, planak 83 programa biltzen ditu, 12 arlo tematikotan diseinatuak, euskal enpresen dinamismoari eusteko, zailtasunak zailtasun, aberastasuna eta enplegua sortzea helburu.

Laguntza horien kudeaketaz arduratzen diren sozietate guztien (EEE, IHOBE, URA, HAZI FUNDAZIOA, ELIKA)  nahiz SPRIren, Basque Trade & Investment-en eta Arrisku Kapitaleko Sozietatearen lana eta ezagutza, Sailak koordinatuta, euskal enpresa-ehunak harrera eta erantzun bikaina eman dien programetan islatzen da.

Eusko Jaurlaritzak azken asteotan azpimarratu bezala, aurrekontua eta, zehazki, gaur aurkezten den ETEentzako Laguntza Planera bideratutakoa, “benetako tresna da edozein sektoretako euskal enpresei azken urteotan jasaten ari diren ziurgabetasunari aurre egiten laguntzeko, baina, batez ere, enplegua eta aberastasuna sortzen jarraitzeko, beharrezko trantsizio digitalak, energetikoak eta ingurumenekoak dinamizatzeko eta euskal ekonomia eredu inklusibo eta jasangarrian oinarrituta suspertzeko”.

Enpresa txiki eta ertainek, enpresa handiek, startupek eta nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreetako pertsonek eta enpresek proiektu eraldatzaileak babesten dituzten laguntzak izango dituzte 2023an. Aurrekontuaren % 70, zehazki 413.611,315 milioi euro, I+G+b Teknologiako eta Trantsizio Energetikoko programetara bideratzen da.

Deskarbonizazioaren bultzadak ere indarra hartu du euskal ekonomian, % 20 hazi baitzen 2005 eta 2019 urteen artean, eta, aldi berean, isuriak % 27 murriztea lortu zuen. Zehazki, EAEko industriak % 48 murriztu ditu isurketak 2005 eta 2020 arte bitartean. Deskarbonizaziorako laguntzak zeharka ageri dira programa askotan, eta horietako batzuk berriak dira.

Laguntzak osatzeko ekarpen garrantzitsuak egin dira inbertsioetan, besteak beste eremu hauetan: industriaren garapena, elikagaien industria eta internazionalizazioa.

Laguntza-plan hori, aurten ere, katalogo digital batean eta inprimatutako bertsioan aurkezten da, eta 12 jarduera-eremutan banatutako 83 programa eta zerbitzu biltzen ditu. Bertan, honako hauek deskribatzen dira: laguntzaren edo zerbitzuaren izena, aurtengo aurrekontua, bere deskribapena eta helburua, laguntza bideratzen zaion onuradun mota, argitalpenaren gutxi gorabeherako data, Jaurlaritzaren Zuzendaritza eta/edo sozietate arduraduna, baita web esteka bat ere, laguntzaren eskaera egiteko eta erregulatzen duen informazio eta araudi guztia eskuratzeko.

Hamabi eremuak honako hauek dira: I+G Teknologia, Berrikuntza, Ekintzailetza, Eraldaketa Digitala, Industria Garapena, Trantsizio Energetikoa, Nazioartekotzea, Ekonomia Landa eta Itsasertzeko Eremuan, ETEak Lehen Sektorean, Elikagaien Industria, Bioekonomia, eta Ekonomia Zirkularra eta Ingurumena.

Informazio-jardunaldiak

Arantxa Tapiak eta Aitor Urzelaik dirulaguntzen katalogo osoa erakutsi dute gaurko aurkezpenean, eta datorren otsailaren 24an, 27an eta 28an egingo diren jardunaldien berri eman dute. Jardunaldi horietan, enpresek laguntza-lerro bakoitzaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte, eta beren beharretara ondoen egokitzen dena aurkitu.

Otsailak 24, Teknologia, Berrikuntza eta Ekintzailetza: Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáezek, bere arloko zuzendariekin batera, ikerketa, berrikuntza, eraldaketa digital eta ekintzailetzako programak azalduko ditu. Helburua da Euskadik Europako berrikuntza-gune gisa duen posizioa sendotzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskadi tokiko industriarekin lankidetzan diharduten nazioarteko startupen ekosistema traktore gisa kokatzea.

Otsailak 27, Industria, Energia eta Ingurumena: Industriako sailburuorde Mikel Amundarainek eta Ingurumeneko sailburuorde Amaia Barredok, saileko beste arduradun batzuekin batera, garapen industrialerako, internazionalizaziorako, efizientzia energetiko eta berriztagarrirako eta ingurumenerako laguntzak aurkeztuko dituzte. Programa horien helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak BPGaren % 40ra iristea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea.

Gainera, berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea, hondakinen sorrera murriztea eta horien balioespena eta berrerabilpena areagotzea, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezartzea eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetzea da helburua, biodibertsitatea hobeto defendatzeko eta errespetatzeko.

Otsailak 28, Lehen Sektorea eta Landa eta Itsasertzeko Garapena: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek lehen sektorerako, elikagaien industriarako eta jasangarritasunerako laguntzak aurkeztuko ditu. Programa horien bidez, Euskadin elikagaien ekoizpena handitu nahi da, eta lurraldeen arteko oreka handiagoa bermatu, landaguneetan eta itsasertzean bizi eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea emanez.

Jardunaldi horietako edozeinetan izena emateko esteka hau erabil daiteke: https://agenda.spri.eus/laguntzak/

2023 programaren zifra batzuk

Planak 83 laguntza-programa eta 590.873.308 euroko hasierako inbertsioa jasotzen ditu.

Hona hemen zifra nagusien xehetasuna:

Teknologia eta I+G atalak 208.295.000 euroko laguntzak batzen ditu, eta horiei Eraldaketa Digitaleko 21.875.000 euroak, Berrikuntzako 6.490.000 euroak eta Ekintzailetzako 4.500.000 euroak gehituta, 241.160.000 euro dira I+G+b proiektuak bultzatzeko.

Enpresa txiki eta ertainentzako Trantsizio Energetikorako laguntzak 191.774.708 eurokoak dira aurten eta, Ekonomia Zirkularrerako programetako 7 milioiak eta Bioekonomiarako 2.9 milioiak gehituta, 201.674.708 euro dira guztira.

Industriako inbertsioetarako aurreikusitako programa garrantzitsuak ere nabarmentzen dira: 61.5 milioi Industria Garapenerako eta 20.103.600 euro Internazionalizaziorako.

Bestalde, landa eta itsasertzeko eremuan ekonomia eta enplegua sustatzeko honako partida hauek daude:

  • Elikagaien Industriarako laguntza 39.680.000 €
  • ETEak Lehen Sektorea 21.655.000 €

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez