Bildarratz: "Ikastetxe guztiak inplikatuko dira eskolaratze orekatuagoa lortzeko"

Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, “Ikastetxe guztiak inplikatuko dira eskolaratze orekatuagoa lortzeko, are kohesio sozial hobea lortze aldera”, baina ildo beretik gogora ekarri duenez “prozesu berriak ez die eragingo dagoeneko eskolan dagoen ikasleriari" ________________________________________

Bildarratz: 13Otsailak
2023
2023 OtsailaK 13 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Jokin Bildarratz elkarrizketatu dute gaur goizean Onda Vascako “El primer café” tartean. Bertan, besteak beste, 2023-2024 ikasturterako aurrematrikula kanpainari buruz hitz egin du. Gaur, otsailak 13, ireki da eskaerak aurkezteko epea, eta hilaren 24ra arte egongo da zabalik.

Hezkuntza Sailak prozesu honetan egin dituen aldaketei dagokienez, Bildarratzek lasaitasun-mezu bat helarazi nahi izan du, eta nabarmendu du, hezkuntza bera bezalaxe, urte askotarako prozesua dela gizarte-kohesioa helburu hartuta burutzen ari den prozesu hau ere, alegia, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztiek gizarte-kohesio horren ardura har dezala, ikasle zaurgarrien eskolatze orekatuago baten bidez. Era berean, gogorarazi du dagoeneko eskolatuta dauden ikasleei ez dietela neurri berriek eragingo, eta ez dela inolaz ere aurreikusten ikasle horiek ikastetxe batetik bestera mugitzea.

Sare publikoko zein itunpeko ikastetxeetan eskolatutako ikasle zaurgarriei dagokienez, Hezkuntza sailburuak argitu nahi izan du, oro har, ikastetxe publikoak direla ikasle mota horien ehuneko handiena hartzen dutenak, baina kasu eta udalerri batzuetan itunpeko ikastetxeek artatzen dutela gehien errealitate hori. “Hori da zuzendu nahi duguna, pixkanaka jardunez”. Ildo horretan, baztertu egin du sare publikoaren eta itunpekoaren arteko liskar-egoerarik gertatzen ari denik.

Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasa baxuari eta horrek ikastetxeetan duen eraginari buruz galdetuta, Bildarratz gai horri buruz modu positiboan hitz egitearen alde agertu da, “ikastetxe sendoak eta ondo finkatuak” egiteko aukera gisa ikusita, ikastetxeen itxieraz hitz egin beharrean. Gai horri dagokionez. Iazko maiatzean sindikatuekin ratioak doitzeko lortutako akordioa gogorarazi du. “Egoera hau baliatu nahi dugu kalitate hobea eskaintzeko”, adierazi du.

Amaitzeko, Hezkuntza sailburuak etorkizuneko Hezkuntza Legea ere izan du hizpide. “Hezkuntza ez da hilabete batetik besterako kontua. Herritarrez, gazteez, pertsonez… ari gara, eta pertsonekin lan egitea oso epe luzean aritzea da. Oso irismen luzeko eta oso epe luzeko prozesuak dira, eta ia talde politiko guztientzat lehentasunezkoa den zerbaitetan jartzen ari gara oinarriak: hezkuntza lehentasuna izatea. Euskal gizarteak hezkuntza lehenesten du, badakielako gure etorkizunaren oinarria dela”. Hezkuntza Sailak Gobernu Kontseiluan Hezkuntza Lege Proiektua 2023ko lehen hiruhilekoan onartzea aurreikusten duela esan du, ondoren Legebiltzarrera bidaltzeko.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez