Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak harrera indibidualizatua defendatu du gaur goizean Espainiako gobernuak Gasteizko Arana klinika kokatuta zegoen eraikinean proiektatzen duen makrozentroaren aurrean. “Eredu hau ez dator bat Herri honetan garatzen saiatzen ari garenarekin, euskal administrazioek ez ezik errefuxiatuen mesedetan lan egiten duten GKEek ere ez baitute ontzat ematen”.
Barakaldon bertan hedabideei eskaini zaizkien adierazpenetan, non Ezkerraldeko eta Meatzaldeko alkateekin eskualde horretan Espainiako estatuaren ardurapean dauden proiektuak aztertzeko lan-bilera egin baitu, Estebanek ziurtatu du Gizarteratze,Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak Euskal Taldeari ez diola informaziorik eman Arabako hiriburuan martxan jarri nahi duen proiektuari buruz, ezta berrikitan Escrivá ministroarekin izan zuen bileran ere. “Ez zuen gaiari buruzko aipamenik egin”, esan du. Edozein kasutan, bozeramaile jeltzaleak baieztatu du egoera “bideratu ahal dela” eta Espainiako gobernua gonbidatu du gaiaz “hitz egitera”.
Eneko Anduezak EAJ-PNVri “xenofobia” leporatuz egin dituen adierazpenez galdetu diotenean, Estebanek adierazpen horiek “bidegabe” jo ditu eta berretsi duenez “mahai gainean ditugu bi eredu elkarren artean talka egiten dutenak”. Euskal erakundeek eta EAJk esparru honetan garatzen duten politika ezagutzen duen edonork jakin daki hori (xenofobia) ez dela egia. Gainera, halako kalifikazioak egiten direnean salaketa ez da soilik EAJren kontra egiten, baizik eta baita euskal erakundeen aldetik garatzen den eredua defendatzen duten alderdi politiko guztien kontra ere, eta bereziki GKEen kontra eta errefuxiatuen mesedetan lan egiten duen gizarte zibilaren kontra, haiek baitira,hain zuzen euskal erakundeen eredua defendatzen dutenak. Adierazpenak lekuz kanpo daude, neurri guztietatik kanpo daude”, amaitu du.