Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du epe laburrean, Ekonomia Sustatzeko Sailaren bitartez, suspertzeko eta lehengoratzeko neurri berriak jarriko dituela abian. Ainara Basurko diputatuak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran iragarri duenez 4 laguntza-lerro berri aktibatuko dira, datozen asteetan xehetasun handiagoz zehaztuko direnak
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du epe laburrean, Ekonomia Sustatzeko Sailaren bitartez, suspertzeko eta lehengoratzeko neurri berriak jarriko dituela abian. Ainara Basurko diputatuak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran iragarri duenez 4 laguntza-lerro berri aktibatuko dira, datozen asteetan xehetasun handiagoz zehaztuko direnak, eta 2 milioi euroko inbertsio globala beharko dutenak:
"Bi milioi euroko aparteko inbertsioa; munta horri gehitu behar zaizkio Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak lehen sektorerako aktibatutako 1,2 milioiak, Ogasun Sailak aktibatutako zerga-neurriak, ekonomiari 100 milioi euro gaineratuko dizkiotenak, eta Ahaldun Nagusiak, Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako foru-erakundeekin batera, iragarritako Erakunde arteko Planaren baitako inbertsio estrategikoak, eta baita erakunde honen inbertsioak ere, 2021eko gerakinean oinarrituta daudenak", gogorarazi du Ainara Basurkok.
Ekonomia Sustatzeko diputatuak balioetsi egin du Ukrainako gerra bezalako ustekabeko egoeren aurrean ehun ekonomiko eta enpresarialak dituen beharrak eta eskaerak ezagutzeko Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen entzute aktiboa. Ildo horretatik Ainara Basurkok azaldu du aurreikuspenak baikorrak zirela duela hiru hilabete, eta gerraren ondorioz zailtasun eta ziurgabetasun handiak sortu direla besteak beste lehengaien kostuen igoeragatik eta hornidura-zailtasunengatik, eta garraio-kostuen eta energia-kostuen igoerengatik.
ITURRIA: BFA