EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Podemosek “trans legearen” erreforma bultzatu dute Legebiltzarrean, berdintasunaren aldeko borrokan beste urrats bat

Testua komunitate transgeneroarekin eta transexualarekin egindako akordioan oinarrituta dago, eta askatasuna babesteko eta pertsonen garapen osoa errazteko eskubideak eta bermeak zabaltzea dakar. “Aniztasuna errespetatuko duen gizartea lortzeko, etengabeko borroka behar da”, Iñigo Iturrate eta Gloria Sánchez legebiltzarkideek nabarmentzen dute

EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Podemosek “trans legearen” erreforma bultzatu dute Legebiltzarrean, berdintasunaren aldeko borrokan beste urrats bat 21Otsailak
2022
2022 OtsailaK 21 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

2012an, Euskadi izan zen genero-arrazoiengatiko diskriminaziorik ezari eta transexualen eskubideei buruzko araudi propioa izan zuen lehen autonomia-erkidegoetako bat. 2019an, despatologizaziorako eta norberaren nortasunari buruz erabakitzeko eskubiderako lehen erreforma onartu zen. Eta aurten, transexualen eta transgeneroen komunitatearen aldeko kolektiboen eta elkarteen eskutik, legearen aldaketa integral bat aurkeztu dugu Legebiltzarrean, “pertsona horien bizi-baldintzak hobetzeko eta erakunde publikoek haien beharrei erantzuteko”. Jeltzaleek eta sozialistek onartu dute, egindako bidea eta lortutako aurrerapenak gorabehera, oztopo asko daudela gaur egun, eta oztopo horiek eragotzi egiten dutela pertsona horien garapen osoa. "Gudua ez da amaitzen gauden tokian. Aniztasuna errespetatzen duen gizartea lortzeak etengabeko borroka eskatzen du. Ezin dugu erne egoteari utzi, eta berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde urte luzeetan lan egin arren, eskubide guztiak bermatuta ez dauden espazioak geratzen dira”, azpimarratu dute sinatzaileek, Iñigo Iturrate EAJ-PNVtik eta Gloria Sanchez PSE-EEtik.

Aurrekoetan bezala, Eusko Legebiltzarrera iristen den lege-testua trans komunitatearen eta hura ordezkatzen duten kolektiboen bultzadarekin eta lankidetzarekin iristen da. Ekimenaren bultzatzaileek ezinbestekotzat jo dute parte-hartze hori. “Protagonisten ahotsa ez izatea errealitateari bizkarra emanez eta ikuspegi mugatu eta desitxuratuarekin legeak egitea litzateke”. Iturratek eta Sanchezek espero dute Legebiltzarrean gizarte zibilarekin lortutako akordioa errepikatzea eta araua, aurreko urteetan bezala, alderdi guztien laguntzarekin ateratzea. “Gure gobernu-programa betetzen ari gara, baina, batez ere, pertsona guztien eskubideak eta askatasunak defendatzeko dugun konpromisoa betetzen ari gara. Nahi dugun gizartea definitzen ari gara, eta eredu horrek errealitate guztiak arautu behar ditu. Transexualitatea giza aniztasunaren parte da, errealitate horrekin sortzen da, eta gure betebeharra da pertsonei eskubideetan oinarritutako bizitza osoa oztopatzen dieten oztopo guztiak kentzea”.

Erreforma dagoeneko erregistratu da Legebiltzarrean, eta gai “garrantzitsuak” jasotzen ditu, transexualek euskal administrazio publikoetatik arreta integrala eta beren hezkuntza-, osasun-, zuzenbide- edo lan-premietara egokitua jasotzeko duten eskubidea erabat bermatze aldera; horrez gain, pertsona horien pertzepzio sozial eta instituzionalari negatiboki eragiten dioten estereotipoak gainditzen laguntzen du, eta, horretarako, neurri zehatzak ezartzen ditu gizarte bidezkoagoa, askeagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko. “Lege honek transexualen edo transgeneroen eskubideak eta eskubide horiek gauzatzeko garatu beharreko ekimenak indartzea eta sakontzea nahi dugu. Eskubideak batzen dituen legea da”, esan dute.

Osasunaren arloan, arauak zerbitzu-zorroa zabaltzea ezartzen du (aurrerapen mediko eta zientifikoetara egokitzeko), eta sei hilabeteko epea ezartzen du transexualitateari Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak eta Unitate Espezializatua abian jartzeko, erregelamendu-maila izatetik lege-maila izatera igaroz. Testuaren arabera, gutxienez Transexualitateari Lehen Mailako Arreta emateko Zerbitzu bat ezarriko da lurralde historiko bakoitzean. Hezkuntza-sisteman, sexu-identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak garatuko dira, eta transexualak dauden zentroetan, hezkuntza-komunitate osoaren prestakuntza bermatuko du sailak, irakasleak, administrazioko langileak, familiak eta ikasleak barne. Diskriminazioaren aurkako planak lan-eremura, eremu publikora eta eremu pribatura ere iritsiko dira, eta lan-ikuskaritzako eta arriskuen prebentzioko arduradunen prestakuntza espezifikoa sustatuko da.

Idazketa berriak jasotzen du adingabeko transexualek eskubidea dutela entzunak izateko eta erabaki medikoak hartzen parte hartzeko. Tratamenduen norainokoa ulertzeko gai ez bada edo 16 urtetik beherakoa bada, legezko ordezkariak emango du baimena. Familia-eremuko, kulturako, aisialdiko eta kiroleko neurriak ere arautzen ditu lege-proposamenak, bai eta epaitegietako eta polizia-bulegoetako arreta ere. Erreforma integrala, sustatzaileek ondorioztatu dutenez, transexualitatea “naturaltasunez, beldurrik gabe eta askatasun osoz bizi ahal izateko”.

Interesatu Zaitez