Kontrol saioan, diputatu jeltzaleak ministroari aurpegiratu dio interpretazio tekniko batean ezkutatzen dela laguntza 18 urtetik 23 urtera luzatzea ez aplikatzeko, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Euskal Taldearekin hitzartutakoa izan arren, eta soluzioak eskatu dizkio kaltetuen familien sufrimendua saihesteko.
Espainiako gobernuari kontrola egiteko 2022ko lehen bilkuran Iñigo Barandiaran Gizarte Eskubideen eta Desgaitasunaren Politika Integralen arloko Euskal Taldeko bozeramaileak José Luis Escrivá Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari leporatu dio EAJ-PNVk Espainiako Gobernuarekin 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren esparruan lortutako akordioa ez betetzea. Akordio horren bidez, gaixotasun larria duten adingabeak zaintzeagatik ematen den prestazio ekonomikoa handitu egiten da, prestazio hori 18 urtetatik 23 urtetara luzatuz.
Barandiaranek Ministroari deitoratu dio “interpretazio teknikoan babestea” luzatze hori ez aplikatzeko, diputatu jeltzalearen esanetan “beti gertatzen den zerbait” Escriváren ministerioarekin. “Lege aldarazpena behar bazen Aurrekontuetan jaso beharko zen. Ez da egokia gauden unean interpretazio teknikoa baliatzea hainbat familiak aldarazpen honetan jarri zuten itxaropenak ez betetzeko”, gaitzetsi du Barandiaranek.
Familia horiei konponbideak emateko eta sufrimendua saihesteko eskatu dio Barandiaranek ministroari. “Esan nola eta noiz beteko duzun, une honetan babesgabetasun-egoeran dagoen jendea dagoelako, eta horri erantzuna eman behar zaiolako. Jarraian, diputatuak deitoratu du egoera horrek ondorio dramatikoak eragiten dizkiela familia askori.
Azkenik, Barandiaranek baieztatu du prestazio hori behar duten familien alde jarraituko duela, eta gaineratu du Euskal Taldearen bokazioa dela laguntza hori indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitakotik haratago zabaltzea.