Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Bakartxo Tejeriak “euskal politikagintzaren eragile handienetakoaren” figura eta legatua goraipatu dute, “euskal erakundeak berreskuratzen, eraikitzen eta handi egiten lagundu zuela” gogora ekarriz
02Otsailak EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonok doluz gaude gaur Juan José Pujanaren heriotzagatik. Eusko Legebiltzarreko lehen Presidentea izan zen, bai eta Euzkadi Buru Batzarraren Idazkari ere, herritarren zerbitzura egin zuen ibilbide luzean. Abertzale sutsua zen, betiereko abertzalea. Pujana atzo zendu zen 79 urte zituela. Goian Bego.
Bilbon jaio zen, 1943an. Pujana Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Klandestinitate garaitik EAJ-PNVko alderdikide zelarik, bere bulegoak Alderdiaren hainbat bilera hartu zituen errepresio urte haietan. EBBren idazkari izan zen eta Txibertako elkarrizketetan parte hartu zuen, non EAJ-PNVk hitza hobetsi eta aukeratu baitzuen, bai eta demokraziaren eta`indarkeriarik ezaren´ bidea ere, Euskal estatu askea eraikitzeko bidea egiterako orduan. Pujana aitzindarien taldean agertzen zaigu, hutsetik hasita, Euskadiren erakundetze prozesua bideratu baitzuten oso momentu konplikatuetan, gizartean frankismoarekin amesten zuten elementuen eta ETAren ekintzak pairatzen zirela. Euskal Kontseilu Orokorraren Lurraldearen Antolamendu, Hirigintza eta Ingurumen sailburu izan zen, Euskadiko lehen hauteskundeen ondorioz berrezarriko zen Eusko Legebiltzarraren presidente aukeratua izan baino lehen. Bi legealdi eman zituen karguan. Eusko Alkartasunaren fundatzaile izan zen eta alderdi hau utzi zuen EAJ-PNVrekin sortu zen koalizioa haustea erabaki zutenean. Izen handiko abokatua izan zen, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen. Euskarara ekarri zituen bere bigarren pasioa zen Greziako mundu klasikoaren lanak. 2005ean Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren Koordinatzaile Nagusi izendatu zuten (Musikene). Erantzukizun hori bete zuen 2009ra arte.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Pujanaren galeraz tamaldu da. “Gizaseme handi bat joan da, euskal politikagintzaren eta Euskadiren nazio eraikuntzaren eta erakundeen sorreraren eragile historikoa. Gizon jantzia, bere herria, hizkuntza, tradizioak bihotzez maite zituena, Berak osatu zuen, beste hainbatekin batera, Trantsizioa egin zuten eta diktaduraren gau ilunaren ondoren askatasuna berreskuratu nahi zuen euskal gizarte haren desio eta ametsak Erakunde eta Arau bihurtu zituzten emakume eta gizonen lehen lantaldea. Egun egokia dugu gaur, Juanjo Pujanaren lana goraipatuaz, gure Herria autogobernurantz eta askatasunerantz gidatzen jakin zuten emakume eta gizon haiek guztiak omentzeko. Gaurko Euskadi, neurri handi batean, beraien lanaren fruitu da”.
Iñigo Urkullu Lehendakariak ere Pujana gogoratzeko eta goresteko hitzak esan ditu. Euskal herritarren zerbitzura egin zuen ibilbide luze eta oparoaz gain “Beti herritik hurbil eta gaitasun intelektual handiko pertsona. Euskal erakundeen berreskurapen, eraikuntza eta ospeari lagundu zion. Bizitza osoan Euskadirekin izandako konpromisoa erakutsi zuen. Goian bego!”, esan du Iñigo Urkullu Lehendakariak.
Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Bakartxo Tejeriak, Eusko Legebiltzarreko lehen presidente izandakoaren “Euskadirekiko konpromisoa” azpimarratu du. “Herri honetan sinistu zuen, maite izan zuen eta beragatik lan egin zuen, bere berreraikuntzagatik eta askatasunagatik”, nabarmendu du. “Belaunaldi paregabearen adierazle zintzoa da. Diktaduratik ateratzen ari zen eta herria suntsituta zegoen; herria egituratzea eta zutik jartzea lortu zuten; erakundeak egituratu zituzten; eta gaur egun garena bera bezalako gizon emakumei esker da, zor zaie”, azaldu du”. Eusko Legebiltzarreko lehen lehendakaria izan zen, eta bere legatuak gurean dirau”, amaitu du.