Gehiengo zabal batez onartu da Ekonomia Itunaren aldarazpena, hiru zerga berri jasotzen dituena

Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak gaur Kongresuan berretsi den akordioaren garrantzia nabarmendu du “autogobernuan ematen dugun beste urrats bat delako”
23 Abendua 2021 | Kongresua

Ganberaren gehiengo zabal batek babestu du gaur Ekonomia Itunaren aldarazpena, hemendik aurrera hiru zerga figura berri jasoko dituena. Kongresuan gaur egin den osoko bilkuran, legebiltzar talde guztiek, Cs eta Vox izan ezik, hiru zerga-figura berri ituntzearen alde bozkatu dute: OSS BEZa; transakzio finantzarioen zerga, `Tobin tasa´ izenez ezagutzen dena; edo zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga, `Google tasa´ izenez ezagutzen dena.

Euskal Taldearen barruan Ekonomia eta Ogasun gaietarako bozeramaile Idoia Sagastizabalek aditzera eman duenez Kongresuak gaur bertan berretsi duen akordioa “elkarrizketaren eta kontsentsuaren emaitza da; ariketa politiko hau izan beharko litzateke alderdi eta Gobernu guztien mantra. Administrazio eskudunen arteko zerga-harremanak finkatzen lagunduko duen akordioa da hau”.

Hitz egiteko izan duen tartean, diputatu jeltzaleak nabarmendu nahi izan du Ekonomia Itunaren “balio handia”, balio hau EAJ-PNVrentzat ez ezik, euskal gizartearentzat dela gogora ekarriz, eta baieztatu du gaur onetsi den Lege Proiektuak dakarrela “autogobernuan aurrerako urrats berri bat egitea eta EAEren autonomia fiskalean aurrera egitea”.

Cs-k eta Vox-ek adierazitako kritikei aurre eginez, Sagastizabalek gogora ekarri du Ekonomia Ituna “tresna juridiko bat” dela, “Espainiako Konstituzioak aitortzen eta babesten duen foru erregimenean jasota dagoena”, eta alderdi politiko biei txarretsi die “Ekonomia ituna baliatzea, beste autonomiei egiten zaien laidoa balitz bezala eta beren probetxurako interes politikoa lortzeko. Horri esaten diogu demagogia eta oportunismo”, esan du. Hala eta alderdi biei “gauzak nahastea” eta gaur berretsi den akordioarekin zerikusirik ez duten gaiak baliatuta eztabaida zikintzea aurpegiratu ondoren, diputatu jeltzaleak gogora ekarri du Ekonomia Itunaren sistema “alde bakarreko arrisku-tresna” dela “kudeaketa garbia” eskatzen duena, eta nabarmendu du “solidarioa” ere badela Lurralde arteko Konpentsazio Funtsean parte hartzen delako, bai eta Estatuaren zor eta interesetan ere. “Gure diru-bilketaren mende gaude gure gastuei aurre egiteko eta Estatuari ordaindu behar dioguna ordaintzeko; nahikoa biltzen ez badugu, ezin dugu estatuko funtsetatik jaso, Autonomien Likidezia Funtsetik esaterako”, argitu du.

PARTEKATU