VIII. Batzar Nagusiaren itxieran, Andoni Ortuzarrek aldarrikatu du EAJ-PNV prest dagoela pandemiatik ateratzeko bidean Herri hau lideratzeko, eta alderdi jeltzalearen konpromisoa berretsi du atzeratu ezin diren erronkei heltzeko orduan: planetaren iraunkortasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna edo demografiaren erronka
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian
“Egon behar zuen tokian egon da beti Euzko Alderdi Jeltzalea, Euskadiren historiako momentu garrantzitsu guztietan: Gerra garaian, diktaduran, trantsizioan, krisi industrial eta ekonomikoetan, giza eskubideen defentsan. Denek ezin dute gauza bera esan. Egon behar zuen lekuan egon da eta gure Herriak behar zuen guztia egin du. Abal horrekin aurkezten gara, berriz ere, euskal gizartearen aurrean, zintzotasun osoz esateko momentu garrantzitsu batean gaudela: COVIDaren ondoren eta osasunerako, gizartearentzat eta alderdi ekonomikorako ekarri dituen ondorio guztien aurrean, zerbait egin behar da, erronka erraldoi honetatik onik irtetea lortu behar dugu: EAJ prest dago, historiako beste momentu guztietan egon garen moduan, euskal gizartearen ondoan jartzeko eta Herri erronka hau toki onera eramateko”.
Hori izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak , gaur, Barakaldoko BECen EAJ-PNVren VIII. Batzar Nagusiari amaiera emateko egin den ekitaldi politikoan zabaldu nahi izan duen mezu nagusia. BECeko 1. Pabilioian batu dira 2.500 lagun, osasun eta segurtasun neurri zorrotzak betez: etengabe maskara erabili beharra, segurtasun distantzia gorde beharra, sartzeko eta ateratzeko protokolo zorrotzak eta aireztatze egokia, besteak beste. Topaketa honetan, Euzko Gaztedi-EGi erakundeko gazteek berebiziko protagonismoa izan dute. EGIkideetako bat, Ziortza Álvarez, Ortuzarren ondoan izan da atrilean, eta ordezkari jeltzaleei eskaini die “gure indar eta ilusio guztia”. “Gazteak gara, eta gure konpromisoa zintzoa da, gure aletxoa jarri nahi dugu”. Halaber, hainbat EGikide oholtza gainera igo dira Alderdiko buruei `etxerako lanak´ jartzera eta Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak Garapen Jasangarrirako aurreikusten dituen 17 helburuak aldarrikatzera. Zerrenda honi 18. helburua gehitu diote EGikideek: hizkuntza eta kultura aniztasuna. Jeltzaleen agenda honen esparruan sartzen dira ere nazioarte mailako bi erreferente nagusik telematikoki eskaini dituzten hitzak: bata izan da Riccardo Valentini, Bakearen Nobel Sariduna 2007an, Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari buruzko Gobernuen arteko taldeko kide gisa; eta Belén Sanz Luque, Nazio Batzuen Erakundearen baitan Mexikoko emakumeen ordezkari gisa. Andoni Martínez Barañano tenoreak ekarri du aretora momentu hunkigarria, azken hilabeteotan Covid19-a dela eta, hil diren alderdikide guztien izenean eta haien omenez egin den minutu bateko isilunearen ondoren `Agur Jaunak´ abestean. Dibertsioa, bestalde, `Crazy Dance´ taldearen eskutik heldu da, `break dance´ dantzaren eta euskal dantza tradizionalaren fusio ikusgarria eskaini dutenean.
Irtenbideak bilatzeko bide horretan, Ortuzarrek baieztatu du EAJ-PNV ez dela “Sabin Etxe barruan geratuko”, “plaza publikora joango da gure gizartearekin hitz egitera, gizarte zibil antolatuarekin, jendearen aurreikuspenez galdezka, pertsonen nahiez, beren ametsez galdetzera, baina baita beldurra eta ardura eragiten dieten gauzez ere. Entzutea, eztabaidatzea, gizartearen kezka guztiei eman beharreko bueltak ematea, eta gero ibilbide orri bat adostea Euskadi, berme guztiekin, 2050era eramateko. 2050a da nazioartean gure planetari bideragarritasuna eta etorkizuna emateko ezarri den helmuga. Gure proiektu abertzalearen bideragarritasunaren helmuga ere izango da” esan du EBBko buruak `Entzunez eraiki´ izenburupean talde jeltzaleak atzo aurkeztu zuen eta epe laburrean, 2022ko hasieran abian jarriko duen proiektuaz. Euskal gizartearekin egin nahi den topaketa honetara EAJ-PNV ez da orri zuri batekin joango, baizik eta “ia urte bete osoan gai nagusi guztiak jasotzen dituen diagnostikoa egin ondoren: trantsizio ekologiko, sozial eta digitala; garapen ekonomikoa, aberastasuna justiziaz banatzeko eta kalitatezko enpleguak sortzeko; emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna; kalitatezko gizarte zerbitzuak; gaur egungo arazo demokratiko larria eta gure zahartzea gizarte gisa; euskal nazio nortasuna bermatzeko behar dugun autogobernua eta euskararen biziraupena, gure Herriaren ongizateaz gain”, azaldu du Ortuzarrek. “Nazioarteko parametrorik aurreratuenekin lerrokatuta dagoen diagnostikoa da. Agiri honekin, eta gure ilusio guztiekin, euskal gizartearekin hitz egingo dugula hitzematen dugu, entzungo diogula, elkarrizketa horretatik, proposamenik onenak aterako ditugula, beharrezkoen ditugun neurriak, ilusiorik handiena piztuko diguten proiektuak. Eta hitzematen dugu, behar bada garrantzizkoena izango da hau, praktikara eramango ditugula. Bai, hau ez da hitz egitea hitz egite hutsagatik, ez dugu hitz egingo inorekin ondo geratzeko. Hitz egingo dugu, ondoren, gauzak egiteko. Alderdi gisa, EAJk herri honi hitzematen dio etorkizunerako bideari helduko diola berriz, ongizatezko etorkizuna, onbideratze eta askatasun bidea Euskadirentzat”, bermatu du jeltzaleen buruak.
Ortuzarrek baieztatu du gaurko momentuan, bizitzaren alderdi guztietan Covid-19aren pandemiak baldintzatuta gaudelarik, Euskadirentzat “ 70. hamarkadan Trantsizioa,80. hamarkadan Euskadiko erakundeen sorrera edo 90. hamarkadan krisi ekonomiko sakona edo 2000tik aurrera Herri hau kinka larrian jarri zuen indarkeriaren amaiera” bezain garrantzitsua izango dela gaur egun daukagun erronka. Eta EAJ-PNVk erronka horri egingo dio aurre “alderdi indartsu eta sendo gisa, gizartean daukagun sustraitze sakonarekin eta erakundeetan dugun presentzia handiarekin”, Euskadik horiek behar baititu une latz hau gainditzeko. “Herri honetako erakunde gehienak gobernatzen ditugu, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta Ipar Euskadiko Herri Elkargoan ere bagaude. Eraginkorrak gara Madrilen eta errespetuarekin entzuten digute Euskadin, txikiak garen arren, gauzak ondo egiten ditugulako eta gauden tokian gaudela egonkortasuna eskaintzen dugulako, ia mundu osoan ikusten ari garen deriba populista eta estremista ikusita, ia miraria den zerbait. Indar horrekin, berezko dugun izaera honekin, orain berriro ere asmatzen jakin behar dugu. Jakin dakit asmatuko dugula, Euskadik guk asmatzea behar duelako”, baieztatu du.
EBBren presidenteak mezu bat bidali nahi izan die EGiko gazteei “Eraiki nahi dugu, bai. Eraiki, batez ere belaunaldi berrientzat. Horregatik, zuekin egin nahi dugu hori, zuekin eraiki. Zuen ordua da, bai eta zuen erantzukizuna ere. Gure Aberria zuen aberria ere badelako, etorkizuneko Euskadi. Zuen ekimena behar dugu, zuen bultzada, zuen ilusioa, zuen konpromisoa, bai eta bidegabekeriaren kontra altxatzeko eta kritiko izateko duzuen gaitasuna ere. Konplexurik gabe, eta alderdirik onenean zaudetela jakinik. Zuei dagokizue lekukoa hartzea. Erronka ederra daukagu eta daukazue aurretik: Aberrigintza, herri bidezkoa eraikitzea, solidarioa, iraunkorra, euskalduna,herri askea!.
Hain zuzen ere, EGIkide batek, Ziortza Alvarezek, Ortuzarrek baino lehen hartu du hitza baieztatzeko Euskadiren oraina eta etorkizuna eraikitzeko orduan “asko dugu eskaintzeko” esateko. “Gure energia eta ilusio osoa eskaintzen dizuegu. Entzutea nahi dugu, eguneroko jardunean inplikatzea eskatzen dizuegu”; “konbentzituta bainago Alderdi honen eta gizarte honen giltzarria garela. Oraina eta etorkizuna gara. Eraldaketa eta aldaketa etengabean dagoen etorkizuna, aldaketak arinegi baitatoz eta lemazainarena egin beharko baitugu”, esan du. “Klima aldaketari egin beharko diogu aurre; desberdintasunei aurre egin beharko diegu; inor atzean ez uzteko gizarte politikak bultzatzen jarraitu beharko dugu; eta, jakina, ez gara euskaraz ahaztuko. Hori dena, askatasun osoa lortzeko bidean eman beharreko hurrengo urratsetan asmatzeko. Prest gaude”, baieztatu du.