EAJ-PNVk Euskal gizartearekin partekatu du pandemiak utzi duen mundu berriaren aurreko diagnostikoa: iraunkortasuna, berdintasuna eta erronka demografikoa, lehentasunen multzoan

Talde jeltzaleak gaur goizean eman dio hasiera Barakaldoko BECen bere VIII. Batzar Nagusiari: “Gizarte osoari eskaintzen diogu diagnostiko zintzo hau, eta horretan jaso eta landu ditugu Euskadik gizarte gisa eta Herri gisa hemendik aurrera izango dituen erronkak”, baieztatu du Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxak
27
Azaroa
2021
EBB
PARTEKATU
27 Azaroa 2021 | EBB

OHARRA: Adierazpenen irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

‘Abian zurekin’. EAJ-PNVk Barakaldoko BECen hasi du gaur goizean bere VIII. Batzar Nagusia. Eta egin du euskal gizartearekin diagnostiko bat partekatuaz. Talde jeltzaleak, alderdiaz kanpoko askotariko adituekin azken hilabeteotan egin duen lanketa eta hausnarketaren ondorio gisa, egungo egoeraren diagnostiko bat osatu du Covid-19aren pandemiak utziko digun “ mundu berriaz”. Euskadiren orainaren eta etorkizunaren ikuskera hau, laburpen gisa lerro hauen azpian eskaintzen dena, hemendik aurrera talde jeltzaleak egingo duen lanketaren oinarria izango da. Euzko Alderdi jeltzaleak abian jarriko du hemendik aurrera topaketa eta bilera erronda bat, hurrengo hilabeteotan egingo duen entzuketa aktiboko prozesu batean, gaur arratsaldean bertan BECen aurkeztuko dena. Diagnostiko honek identifikatzen ditu Euskadiri egunotan planteatzen zaizkion erronkak, bai eta hemendik aurrera hurrengo urteotan izango dituenak, eta lehenetsi beharreko erronka batzuk jasotzen dira, hauen artean planetaren iraunkortasuna, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eta Euskadik egun bizi duen krisi demografikoa, jaiotze tasa minimo historikoetara erori baita. Kalitatezko zerbitzu sozialei eustea eta gaur egungoak hobetzea, gure osasun sistema hobetzea, gizarte ongizatea finkatzea, enplegua sortzea, jarduera ekonomikoa babestea, digitalizazioa, hezkuntza eta euskara dira gaur goizean aurkeztu den diagnostikoaren zati handi bat hartzen duten kontzeptuak. EAJ-PNVren helburu nagusia da agiri hau euskal gizartearekin lantzea, arestian esandako entzuketa prozesuan zehar, hiritargoak egoki jotzen dituen ñabardurak egin ditzan, zuzen eta osatu dezan , azken finean, hobetu, EAJren aburuz Euskadiren eta hiritargo osoaren onurarako izango den zerbait.

Batzar Nagusia osatzen duten 600etik gora emakume eta gizonak gaur goizean lehen orduan batu dira BECeko auditorioan, agiri hau ezagutzeko eta lau urtero bezala, topaketa handi honetan egin ohi den debate bizi eta aberasgarrian parte hartzeko. VIII. Batzar Nagusi honetan, 2016an Iruñean egin zenean gertatu zen bezala, ez da txosten politikorik aurkeztu.

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak jeltzaleen topaketa handiaren xehetasunak azaldu ditu, bai eta diagnostikoarenak ere, BECera hurbildu diren kazetariei eta hedabideetako profesionalei. “Une honetan, Batzar Nagusiko 600etik gora pertsonei azaltzen ari gatzaizkie hurrengo hilabeteotan abian jarriko dugun entzuketa aktiboko prozesua”, azaldu du Atutxak. Prozesu honetara, Atutxaren hitzetan “ Euzko Alderdi Jeltzalea ez da esku hutsik joango, ez du orri zuria eramango”, baizik eta “diagnostiko landua, zeinetan aurkeztu ditugun Euskadiri hemendik aurrera planteatuko zaizkion erronka nagusiak. Horiei denei aurre egin beharko diegu gizarte gisa eta Herri gisa, gaur egun eta Covid osteko garaian”, gaineratu du burukideak.

“Une historikoa bizi dugu egunotan, eta ziurgabetasuna da nagusi. Pandemia etorri da alderdi sozial eta politikoan lehenagotik hasi ziren aldaketak bizkortzera, eta EAJ-PNV horretaz guztiaz jabetuta dago”, baieztatu du Atutxak. Aldaketa horiek “gero eta arinagoak eta sakonagoak” dira eta “erantzunak eta soluzioak” eskatzen dituzte, eta “ gizartearen eskutik erantzun horietan asmatzea da gure konpromisoa”. “Diagnostiko hau, dokumentu hau da euskal gizarteari aurkeztuko diogun oinarria, entzuketa aktiboko prozesu hau abian jartzeko orduan. Abiapuntu gisa erabiliko dugun agiri hau izango da oinarria , eta euskal herritarrek adieraziko dizkiguten ekarpenekin, kezkekin eta beharrekin aberastuko dugu”, azaldu du BBBren buruak. Atutxak, halaber, beren beregi aipatu nahi izan ditu Euskadik egun dituen eta etorkizunera begira izango dituen erronketako batzuk: “klima aldaketaren kontrako borroka; emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna; jaiotze tasa igotzen laguntzea, Herria gaztetu ahal izateko; gero eta anitzagoa den gizarteari bultzada ematea; gero eta toleranteagoa eta solidarioagoa izan dadin; edo belaunaldien arteko harremanak sendotzea, baloreetan aberatsa izango den eta aldi berean kohesionatuta egongo den gizarte baten berme gisa”, azaldu du BBBren buruak.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ