Ortuzar: “Casado, Merkelengana baino, Orbánengana hurbildu da; Partido Popularra muturreko eskumarantz eramaten ari da”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak “aldrebeskeria” jo du ELAk greba orokorra planteatzea “pandemia atzean uzteko borrokan murgilduta gauden honetan: ez gaude greba orokorretarako, baizik eta gehiago lan egiteko, erritmo handiagoarekin, aurrera atera gaitezen”
04 Urria | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak “balio txikiko ahoberokeria” jo ditu Partido Popularreko presidente Pablo Casadok eginiko adierazpenak, Estatuko presidentetzara iristen bada Espetxeen eskuduntza, Euskadik eta Kataluniak beren ardurapean dutena, Espainiako gobernuak berreskuratuko duela esanez egin dituenak. Hala ere, Ortuzarrek uste du halako adierazpenek agerian uzten dutela Casadok PP muturreko eskuinerantz eramanez eman duen biraketa. “Atzo bertan, Europako terminoetan jarrita, Casado Merkelengana baino, Orbánengana hurbildu da. PP muturreko eskuinerantz eramaten ari da. Vox-ekin ezin duenez, Vox-ena egin nahi du, eta hori hutsegite larria da PPrentzat. Demokraziarentzat eta Espainiako elkarbizitzarako, behintzat, albiste ezin okerragoa da”, baieztatu du burukide abertzaleak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.

Ortuzarren esanetan, Casadok eskuinerantz disimulurik gabe eman duen biraketa PPrentzat ere “albiste txarra” da “muturretan inork ere ez dituelako hauteskundeak irabazten”, baina atea irekita utzi du popularren buruak bere estrategia zuzen dezan. “Espero dut honek Casadori asko ez irautea, Espainiaren alderdirik atzerakoienetik geratu zaizkion arrastoak izatea diskurtso hori ematera eraman dutenak eta gero, eguneroko jardunean, bestela aritzea. Bestela, Sánchezen gobernua izango da, guk luzaro babestuko dugun horietakoa”, iragarri du. Ortuzarrek gogoratu duenez Kataluniak Espetxeen eskuduntza 80. hamarkadatik dauka, eta aldi horretan guztian Partido Popularreko presidenteak egon dira Estatuan, eta ez dute ezer egin Casadok esandakoaren ildotik.

Andoni Ortuzarri galdetu diote ELA sindikatua planteatzen ari den greba orokorraz, Ortuzar bera sindikatuko kide delarik, eta jeltzalean buruak argi utzi nahi izan du hau ez dela grebetarako momentua,baizik eta bakoitzak bere alea jartzekoa, krisia atzean uzteko egin behar den lan aldian. “ELAk ez du EAJ baldintzatzen. Grebak egin dizkigute, manifestaldiak deitu dizkigute hauteskunde prozesu baten erdian, manifestaldiak egin dizkigute Ajuria Enea aurrean,…. ohituta gaude, ez gara horren erraz asaldatuko. Zentzu horretan, ez gara sentitzen ez baldintzatuta, ezta xantaiaren mende ere. Egiten duguna da esaten digutena ondo aditzea. Orain bai, ELAren errezeta bada `nik nahi dudana egin ezean, greba orokorra´… pandemiatik irteten ari garen une honetan, gure Herriko egoera sozio-ekonomikoak, argi-ilunekin, gauzak ondo egiten baditugu egoera honetatik irteteko aukera emango digularik….; une honetan greba orokor batetara eraman nahi izatea, horrek egingo duen gauza bakarra gaurko zuloan sakonago sartzea delarik…. Nik uste dut aldrebeskeria hutsa dela. Ezin dut babestu greba orokorraren antzik txikiena izango duen neurririk. Ez gaude greba orokorretarako: lan egiteko gaude, kirtenari gogorrago eragiteko, gehiago lan egiteko, erritmo handiagoarekin, aurrera irten gaitezen. Jokoan daukagu Herri honen etorkizuna, gizarte honen geroa, bai eta milaka eta milaka pertsonena ere. Inork pentsatzen badu greba orokorrarekin hau konponduko dela, oso erratuta dago”, izan da bere erantzuna.

Ortuzarrek espero du Euskadira iritsiko den hurrengo eskuduntza Gutxieneko Diru Sarreraren kudeaketa izatea, Escrivá ministroa Estatuko gobernuko presidenteorde Carmen Calvok eta Ortuzarrek berak 2020ko maiatzean izenpetu zuten akordioa betetzearen aurka agertu den arren. “Ez ditut zalantzan jartzen haren ezagutza teknikoak, baina Escriváren trebetasun politikoa eskasa da”, baieztatu du, eta jarraian esan du EAJ-PNV prest dagoela oztopo hori “gainetik” gainditzeko. “Guk negoziaketak Gobernuarekin ditugu, eta Gobernu horrek erreferente batzuk ditu, eta gakoa hor dago. Gaia oso garrantzitsua da, eta are garrantzitsuagoa momentu honetan. Konpromisoa izenpetuta dago eta bete egin beharra dago”, gaineratu du. Zentzu horretan, exekutiba jeltzaleko buruak esan du ez duela ulertzen epe laburrean aurrekontuen inguruko negoziaketa irekiko delarik “Aurrekontuak aurrera ateratzeko botoak eskatzen dizkigun inork akordio bat horren argi eta garbi urratzea. Ez luke zentzurik izango. Nik ez nuke adorerik izango beste batengana jotzeko eta ´Hau ez dizut emango, baina zuk Aurrekontuaren aldeko botoak eman behar dizkidazu´ esateko”.

PARTEKATU