EAJ-PNVk bere jarduketa politikoa sinkronizatu du Euskadi krisitik ateratzeko lanari heltzeko “inor atzean utzi gabe”

Euzkadi Buru Batzarraren Osokoa Miramongo Teknologia parkean batzartu da gaur Covid 19aren pandemiaren amaieran Euskadik dituen erronka nagusiei heltzeko orduan aurrera eramango duen estrategia adosteko. Erronka nagusi horiek izango dira ekonomia suspertzea, enplegua sortzea eta Euskadiko gizarte babes sistema blindatzea
27 Uztaila | EBB

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak bere Osokoa batu du gaur arratsaldean alderdi gisa daraman jarduketa gobernu erantzukizunak dituen erakundeetako lanarekin uztartzera begira eta, koordinatuta eta era erabakigarrian, alderdi jeltzaleak une honetan duen helburu nagusiari heltzeko: Euskadi Covid-19ak eragin duen krisi ekonomiko eta sozialetik ateratzeko lana bultzatzea eta lan hori egitea “inor atzean utzi gabe”. Hala mintzatu da EBBko presidente Andoni Ortuzar, Miramongo Teknologia Parkean, EAJ-PNVko 80 barne arduradun eta erakundeetako ordezkari batu dituen topaketa hasi baino lehen. Aberri Exekutibako burukideez gain, gaur arratsaldeko konklabean parte hartu dute bost Herrialde Buru Batzarretako burukideek (ABB, BBB, GBB, IBB y NBB); Iñigo Urkullu Lehendakariak; hiru Herrialde Historikoetako ahaldun nagusiek; EAEko hiru hiriburuetako alkateek; eta Aberri Batzarreko koordinatzaileek. Pandemiak eragin duen krisi ekonomiko eta sozialaren kudeaketa, etorkizunean kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko beharra eta 2019eko egoerara itzultzera begira heldu beharreko jarduketa izan dira jeltzaleen foroan jorratu diren gai nagusiak. Hausnarketa partekatu hauetatik eta, batez ere, adostutako ondorioetatik aterako dira gobernu erantzukizunak dituzten EAJ-PNVko emakume eta gizonek, era koordinatuan, Euskadiko erakunde nagusietan praktikara eramango dituzten politikak.

“EBBren Osokoa aparteko egoeretan biltzen da eta gaur deitu dugu aparteko egoera bizi dugulako. Ohiz kanpoko egoera da gure bizitzako alderdi guztietan, Covid-19aren pandemia dela-eta”, azaldu du Ortuzarrek Osokoari hasiera eman baino lehen. “Une honetan deitu dugu, alde batetik, EAJ-PNVk iazko uztailaren 12ko hauteskundeetan lortu zuen garaipenaren lehen urteurrena betetzen delako eta, bestetik, Foru Aldundietan eta gure Udaletan legealdiaren erdialdera iritsi garelako. Gaurko zailtasunekin eta bosgarren olatuak gogor jo gaituen arren, krisi honen amaierari aurre egiteko bidean gaudela uste dugu”.

“Horregatik, une egokia da Alderdiak eta Herri honetako erakunde nagusiek bat egin dezagun, egoeraren diagnosi partekatua egin dezagun eta, garrantzitsuena dena, Euskadik eta bere erakundeek jarraitu beharko duten estrategia erabaki dezagun, albait arinen krisi hau atzean utz dezagun”, azaldu die lider abertzaleak hedabideetako ordezkariei.

Ortuzarren hitzetan, “momentu egokia da, denon artean, beharrezko bultzada emateko, une esanguratsu honetan, gure ekonomia suspertzeko eta enplegu gehiago eta hobea sortzeko. Eta, jakina, inor atzean utzi gabe, pandemian hain eraginkorra izan den gure babes-sisteman sakonduz”. EBBko presidenteak aitortu duenez pandemiaren intzidentziari buruzko azken datuek “kezkatu egiten gaituzte, nola ez”, baina ildo beretik balioetsi duenez “beste datu batzuk daude baikor izateko arrazoiak ematen dizkigutenak. Jarduera ekonomikoak gora egin du Euskadin. Berriro ere, enplegua sortzen hasi gara, ia ia %10eko langabezi tasara iritsi gara. Dezima batzuk baino ez dira falta. Esan beharrik ez dago politika sozialik onena dela enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea”.

“Beraz, itxaropentsu egoteko arrazoiak ditugu”, esan du Ortuzarrek, baina hiritarrei eskatu nahi izan die une oro eta egoera guztietan gogoratzea “birusak gure artean jarraitzen duela. Covid-19aren krisia bere amaieran egon arren, bere efektuak sufritzen ditugu egunero. Beraz, erne jarraitu behar dugu, osasun gomendioak errespetatu, ematen dizkiguten jarraibideak bete, nagusiok eta gazteok. Birusak, egunero ikusten dugu hau, ez ditu adinak bereizten. Zaindu dezagun gure burua, zaindu dezagun gure ingurua”, amaitu du jeltzaleen buruak.

PARTEKATU