BBBk irmotasunez gaitzetsi ditu gaualdean Elorrio eta Ondarroako batzokien kontra egin diren erasoak

EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarrak jarduera antolatu eta kolektibo hauek berehala etetea exijitzen du, azken asteotan lurraldeko batzokiek pairatu duten jazarpen, mehatxu eta hertsapen kanpainaren barruan egin direla gogoratuz
BBBk irmotasunez gaitzetsi ditu gaualdean Elorrio eta Ondarroako batzokien kontra egin diren erasoak
16 Maiatza | BBB

Bizkai Buru Batzarrak bere batzokien kontra egin diren erasoak gaitzestera irten beharra ikusi du gaur berriro ere. Elorrio eta Ondarroako egoitza jeltzaleetan pertsona ezezagunek pintadak egin dituzte goizaldean, zeinetan “PNV faxistak” eta “PNV lotu txakurrak” irakur zitekeen. Honetaz gain, Ertzaintzaren kontrako kartel erraldoiak jarri dituzte. Beste behin ere, ekintza hauek Ernaik izenpetu ditu, ezker abertzalearen gazte erakundeak. EAJ-PNVren Bizkaiko exekutibak jarduera antolatu eta kolektibo hauek berehala etetea exijitzen du azken egunotan lurraldeko batzokiek pairatu duten jazarpen, mehatxu eta hertsapen kanpainaren barruan egin direla gogoratuz. Horrenbestez, gogoratu joan den astean Lemoa, Bedia, Bilbo Zaharra, Mungia, Sabin Etxea eta Erandio Goikoako batzokiek antzeko erasoak jazo zituztela.

BBBk guztiz arbuiatzen ditu horrelako denboraz kanpoko jokaera ulertezinak, eta onartezintzat eta gaitzesgarritzat jotzen ditu. Halako jokaerak erabat onartezinak eta gaitzesgarriak dira, eta agerian uzten dute euskal gizartea iraganeko denboretara eramatearekin tematuta dauden pertsonen ahultasun politikoa eta kultura demokratikorik eza. Halaber, euskal gazteriaren gehiengoa balore demokratikoetan hazita dago eta, beraz, talde hauek eta ekintza hauek ez dituzte, inola ere, gure gazteriaren pentsamoldea eta asmoak ordezkatzen.

Era berean, jarduera hauek erakusten dute pandemiak ekarri duen salbuespen egoera honetan, batzuek jarraitu nahi dutela iraganean utzi nahiko genituzkeen jokamoldeak eta metodoak erabiltzen, besteak beste xantaia, mehatxua edo hertsapena. Oraindik ez dira konturatu euskal gizarteak elkarbizitza aukeratu duela, bai eta ezberdina errespetatzeko bidetik joatea ere, eta erabat arbuiatzen duela gizartean gatazka elikatuko dituen edozein jarduera.

Horregatik, jarduera hauen egile eta erantzuleei erreklamatu nahi diegu berehala amai dezatela amorru- eta haserre-giroa sortzea besterik bilatzen ez duten eraso antolatu eta kolektiboekin. Horrela izan ezik, gizartearen gehiengoari oso zail egingo zaio ezker abertzalea bere sorreraren hamargarren urteurren arranditsuan ahoz aldarrikatzen ari den jarrera demokratikoaren benetasuna sinestea.

PARTEKATU