Espainiako gobernuak alarma egoeraren amaieraren inguruan erakutsi duen jarrera “alderrai eta aldebakarrekoa” kritikatu du Josune Gorospek, eta erabakia “berriro pentsatzea” eskatu du

Kontrol bilkuran, diputatu jeltzaleak Darias Ministro andreari deitoratu dio Gobernuko kideek azken egunotan egin dituzten adierazpen kontraesankorrek “are nahasmendu handiagoa” eragiten duela “dagoeneko nahasita dagoen eta ordena-seinaleak behar dituen” hiritarrengan
21 Apirila | Kongresua

Josune Gorospek, Euskal Taldean Osasun gaietarako bozeramaileak, gaur kritikatu du Espainiako gobernua maiatzaren 9an alarma egoera amaitzearen inguruan erakusten ari den jarrera. Gorospek esan du “alderraia” eta “aldebakarrekoa” dela eta Carolina Darias Ministroari eskatu dio aukerak eman ditzala Autonomia Erkidegoek neurriak hartu ahal izan ditzaten “segurtasun juridiko nahikoarekin”.

Kontrol bilkuran, Gorospek gogoratu du Euskal Taldeak gai honi buruzko interesa erakutsi duela martxoaren 25tik, Osasun batzordean maiatzaren 9aren inguruan Gobernua lantzen ari zen aukerez galdetu zuenetik. Orduko galderak “ezereza” jaso zuen erantzun gisa, hau da, Ministro andreak ez zuen erantzunik eman. Gorospek berak azaldu duenez, 15 egun geroago Sánchez Presidenteak “bat batean” iragarri zuen alarma egoera ez luzatzeko erabakia hartu zuen eta harrezkero “zentzu ezberdineko iruzkinak” entzun direla Gobernuko hainbat kideren aldetik, hauen artean Calvo Presidenteordearen eta Defentsa Ministro andrearen aldetik, alarma egoerarik gabe, Autonomia Erkidegoek jarduteko gaitasun mugatua izango dutela aitortu baitute.

Hala, Gorospek Darias Ministro andreari deitoratu dionez alarma egoerari buruz egin diren adierazpen ezberdinek “are nahasmendu handiagoa eragiten dute dagoeneko nahasita dagoen eta ordena- seinaleak behar dituen hiritarrengan”, eta Espainiako gobernuari gomendatu dio erabakia “berriz pentsatzea” eta aldi labur batez alarma egoerari eustea txertatzearekin batera “prebentzioa” egiteko. “Funtsezkoa da pandemiaren kontrako borrokan mugikortasuna segurtasun juridikoarekin kontrolatzea”, esan du Gorospek. “Emaguzue neurriak hartu ahal izateko ahalmena; egoera hau konpondu behar dugu txertoak jarriaz eta prebentzioa eginaz”, amaitu du.

 

PARTEKATU