Euskal Taldeak energia-trantsizio “justu eta malgua“ defendatu du, “politika teknologiko eta industrial berritzaile eta iraunkor baten eskutik“

Trantsizio Ekologikoaren Batzordean, Idoia Sagastizabal diputatuak deitoratu du Klima Aldaketaren Legearen tramitazioan "elkarrizketarik, entzuterik eta adostasunik" ez egotea eta EAJren botoa abstentzioa izango dela iragarri du
Euskal Taldeak energia-trantsizio “justu eta malgua“ defendatu du, “politika teknologiko eta industrial berritzaile eta iraunkor baten eskutik“
08 Apirila | Kongresua

Euskal Taldeak Kongresuko Trantsizio Ekologikorako Batzordean eztabaidatu den Klima Aldaketaren Legearen inguruko jarrera azaldu du gaur. Gai honetan jeltzaleen bozeramailea den Idoia Sagastizabalen ustez, arau hori "beharrezkoa eta premiazkoa" da eta energia-trantsizio "justu eta malgua" defendatu du, "kalitatezko enplegua sortzeko eta adostasunak eraikitzeko gai izango den politika teknologiko eta industrial berritzaile eta iraunkor baten eskutik".

Hala eta guztiz ere, Euskal Taldeko diputatuak deitoratu duenez, nahiz eta deskarbonizazioaren helburuarekin bat etorri, ezinbestekoa da "denborak, erritmoak eta konponbideak egokitzea, eskualde bakoitzaren errealitate espezifikoaren arabera deskarbonizatzeko". Zentzu horretan, Sagastizabalek adierazi du gaur eztabaidatu eta bozkatu den Klima Aldaketaren Legean "ez direla behar adina pauso eman energia-trantsizioa industria alorreko politika eta I+G+B politikara lotzeko, industriak lehiakortasunean eta posizionamenduan irabaz dezan laguntzeko mekanismoak ezarriz". Azken finean, energia-trantsizioak "ekonomian, gizartean eta enpleguan dituen ondorioak kontuan hartzea" proposatu du Sagastizabalek, "abiapuntuko errealitatea kontuan hartuta". "Pandemiak erakutsi digu industria indartsu baten beharra, eta hau ez da bateraezina ingurumenaren iraunkortasunarekin", nabarmendu du.

Era berean, Idoia Sagastizabalek salatu duenez, "benetako adostasun batera iristeko aukera ez da aprobetxatu" eta, azaldu duenez, Legearen tramitazioan "ez da negoziatzeko tarterik egon". Ildo horretan, prozedura "parte-hartze gutxikoa" izan dela aitortu du. "Ez dugu eztabaidatzeko aukerarik izan", kritikatu du diputatu jeltzaleak, "hainbeste erronka dakartzan" arau batean "elkarrizketarik, entzuterik eta adostasunik" ez egotea deitoratu ondoren. Hori dela eta, Klima Aldaketaren Legea "Gobernuaren Legea" dela esan du.

Azkenik, eta EAEren eskumen-esparrua defendatzeko Euskal Taldeak proposatutako zuzenketak kontuan hartu ez direla adierazi ostean, Sagastizabalek EAJ-PNV Legearen bozketan abstenitu egingo dela iragarri du, eta Senatuaren tramitean testua hobetzeko "elkarrizketa eta entzute maila handiagoa" lortzeko lanean jarraitzera gonbidatu ditu taldeak.

PARTEKATU