Aitor Esteban Felipe VI.aren diskurtsoaz: “Bizi duguna moduko une batean ere ez die zuzenean eragiten dioten gaiei gardentasunez eta argitasunez aurre egin”

Sabin Etxean egin den prentsaurrekoan, Euskal Taldeko bozeramaileak Erregearen diskurtsoaz esan du “trokelean” eginda dagoela, eta gaineratu duenez “2020an instituzioa jokoan egon delarik, linea kantatu zuten eta atzoko diskurtsoarekin ematen du bingoa kantatu arte jarraituko dutela”
25 Abendua 2020 | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur deitoratu du Felipe VI.a “oin puntetan” ere ez zela igaro bere ardurakoak diren eta zuzenean eragiten dioten gaietatik, eta Erregeak atzo eman zuen diskurtsoaz esan du “trokelean” eginda zegoela eta “orokorkeriaz” josita zegoela.

Sabin Etxean eman den prentsaurrekoan, Estebanek kritikatu du Felipe VI.ak ez zuela telebistako diskurtsoa baliatu azken urte honetan 40 urtetan Estatuko burua izan den Juan Carlos I.aren inguruan ezagutu diren gaiei buruzko azalpenak emateko. Era berean, bozeramaile jeltzaleak deitoratu du Erregeak ez zituela aipatu ere egin zuzenean berarengana jo zuten militar ohiek bidalitako eskutitzak edo berrikitan argitaratu diren txat “totalitarioak”. “Azken urte honetan erakundea bera izan dute jokoan; linea kantatu zuten baina diskurtso horrekin eta jarrera horrekin bingo kantatu arte jarraituko dutela ematen du”, laburbildu du.

Izan ere, Estebanek salatu du ustez Juan Carlos I.aren erreferentzia egiten zuen “esaldi ilun” hura “interpretatu” egin behar izan dela. “40 segundo eskasetan ezin da halako gai bat jorratu. Interpretazioak behar badira, txarto, azalpenak eman ez diren seinale”, esan du. “Zer pentsatuko genukeen Erregearen ordez Pedro Sánchez edo alderdi politiko bat izan balitz halako gai bati aurre egiteko orduan esaldi ilun bat baliatu zuena?”, galdetu du.

Amaitzeko, Estebanek kritikatu du Felipe VI.aren hitzaldia “orokorkeriaz” josita egon zela. “Erregeak Gabonetan egin ohi dituen diskurtsoak 'trokelean' eginda daude, eta zuzenean eragiten dioten gaien inguruan zehaztea eta “bustitzea” zegokionean, ez du egin”.

Estebanek ildo beretik kritikatu duenez “egungoa moduko momentu batean ere”, Felipe VI.a ez da gai izan “zuzenean dagozkion gaiei gardentasunez edo argitasunez aurre egiteko”.

PARTEKATU