“EAJ beti egon da egon behar zuen lekuan”

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak elkarrekin eginiko lehen elkarrizketa eskaini diete Onda Vasca irratiari eta Noticias Taldeari, EAJ-PNVk 125 urte bete dituen urtea amaitzeko zorian dagoela
21 Abendua 2020 | EBB

Sabin Etxea, EAJ-PNVren egoitza, Sabino Aranaren familiaren etxea zegoen orubean eraiki zen, eta bertan egin da gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek elkarrekin egin duten lehen elkarrizketa. Hitzordua sustatu dute Onda Vasca irratiak eta Noticias taldeak EAJ-PNVk 125 urte bete dituen urtea amaitzear dagoela. Efemeride esanguratsu hau ezin izan dute ospatu talde jeltzaleak hasiera batean pentsatu bezala, Covid-19aren ondorioz hedatu den pandemia dela eta.

Urkulluk  eta Ortuzarrek EAJ-PNVren ibilbideaz hitz egin dute, baita sortu zenetik 125 urte igaro ondoren euskal hiritargoaren gehiengoaren babesa jasotzen jarraitzeko arrazoiak ere. “Alderdi honen indarra bere batasunean datza: sigla bere agintarien batura baino gehiago da. EAJren baitan,zorionez, ez dago lidergo pertsonalistarik”, baieztatu du Ortuzarrek. “EAJk 125 urte bete ditu osasuntsu eta indartsu, batasunarekin eta ideia argiekin. Aldi honetan ondo eginak eta hutsegiteak gertatu dira, baina erabat asmatu du erabaki garrantzitsuenetan”, esan du Urkulluk. “EAJk bete betean asmatu du  Herriaren interesak interes pertsonalen edo Alderdiaren interesen gainetik jartzean. Eta beti, beti, une bakoitzean egon behar zuen lekuan egoten jakin izan du, tokirik erosoena izan ez arren: hasieratik egon da euskal aberria ukatzen zutenen kontra, Primo de Riveraren kontra ere, eta Guda Zibilean Errepublikaren alde egon zen  demokrazia defendatzen zuelako. Gudan eta erbestean, baita Trantsizio delakoan ere…. ETAren kontrako borrokan  ere alde zuzenean egon ginen. Ahalegin zintzoak ere egin genituen herri honi bakea ekartzearren, besteak beste Lizarrako Itunean”, baieztatu du Ortuzarrek.

Urkulluk euskal gazteria animatu du “EAJrengan  ikustera printzipio humanistak eta kontzientzia soziala  aberrigintzarako borondatearekin uztartzen dituen alderdia”. “Gazteentzat ez da erraza Gobernuko alderdiarekin identifikatzea, gazteen artean berezko zerbait delako aurka egotea”, esan du Ortuzarrek “baina gaurko gazteek badakite ezberdintzen botoaren bidez kritika politikoa egiteko gaitasuna eta atxikimendua. Legebiltzar talderik gazteena daukagu,baita Euskadiko zazpi herrialdeetako alkaterik gazteena ere. Ez da kasualitatea. EAJk belaunaldien erreleboa lehenesten du”, baieztatu du EBBko buruak.

Lehendakariak aitortu du 2020 a oso urte gogorra izan dela guztientzat, baita EAJrentzat ere. “125 urteko ibilbidean, Alderdi honek hainbat gauza bizi izan ditu: beste pandemia batzuk, gerra, erbestea, terrorismoa… Sektore tradizionalen krisia bizi izan dugu, industriarena, baita krisi finantzarioak ere. Denetatik izan dugu. Eta orain, 125. urteurren honen amaiera bizitzea dagokigu oso urte konplikatuan, planeta osoa ematen den krisiarekin, krisi globalarekin. Baina, aurrekoetan ez bezala, orain  gure aurrekoak baino egoera hobean gaude zailtasun honi aurre egitera begira”, nabarmendu du Urkulluk. Lehendakariak dei berezi bat egin nahi izan du, urteko sasoi honetan, Gabonetan, bete beharreko osasun neurrien aurrean jarrerak lausotu ahal direla gogoan. Zentzu berean Urkulluk gogora ekarri du Eusko Jaurlaritza izan zela, martxoan, Estatu osoan neurri murriztaileak hartu zituen lehena, eta  egoki jo du Erresuma Batuarekin lotzen gaituen aireko espazioa ixtea, Londresen birusaren andui berri bat antzeman dela gogoan.

Urkullu eta Ortuzarri gaur egin dieten elkarrizketaren laburpen zabala eskainiko da abenduaren 31n, osteguna, Noticias Taldeko egunkariek EAJ-PNVren urteurrenaren kariaz argitaratuko duten gehigarrian.

PARTEKATU