Aurtengo lehentasunak mantendu egingo dira 2021ean:herritarren gizarte babesa bermatzea, hiri ekonomia suspertzea eta kultura babestu eta komunitatea sendotzea, herriarentzat estrategikoak diren proiektuetan aurrera pausoak ematearekin batera. Inbertsio soziala %9 igoko da, guztira ia 3 milioi euroko aurrekontuarekin.
18Abenduak Atzo arratsaldean ospatutako Osoko Bilkuran onartu da datorren urterako udal aurrekontua. Guztira, 27.037.040 euroko aurrekontua izango da, iaz baino %1,24 gutxiago.
Egungo egoerara egokitutako eta bereziki, ezohiko egoera honi erantzuteko aurrekontua da, Suspertu Planaren jarraipena izango dena. Eta hortaz, aurtengo lehentasun eta ardatzak mantendu egingo dira datorren urtean:
Aurrekontu osoaren ia %40a bideratuko da herritarren arlora
Gizarte Zerbitzuen alorrak %9ko igoera izango du, 2.922.691 euroko aurrekontuarekin. Beraz, inbertsio soziala nagusi izango da datorren urtean, zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak babesten jarraitzeko helburuarekin, kohesio sozialaren, integrazioaren, berdintasunaren eta tolosar guztien ongizatearen aldeko apustuan. Hainbat lerro eta programa indartuko dira herritarren beharrei erantzuteko:
Enpleguaren eta ekonomiaren sustapena, beste lan lerro nagusietako bat izango da datorren urtean. Lanbideren bitartez, Gazte Planaren barruan, langabezian dauden 30 urte azpiko bi pertsona kontratatuko dira, eta eskualdeko Enplegu Planaren baitan beste bi. Hiri ekonomia suspertzen jarraitzeko:
Kultur programazioa ere bere osotasunean mantenduko da, kultur jarduera sustatzen jarraitu eta herriko talde eta artisten lana babesteko. Kultur arloan, gainera, kultur eskaintzari buruzko azterketa egingo da eta kultur jarduera berriak martxan jarriko dira, aurten Kultura Plazara egitasmoarekin egin den moduan.
Komunitateak garrantzia berezia hartu duen honetan, gobernantza eredu berrietan sakontzeko eta partaidetza sustatzeko: gobernantza ordenantza berria garatuko da, Tolosatzen prozesua gauzatu, Tolosatzen herri aliantza abiaraziko da urtarrilean eta Tolosatzen Eskola Irekiak ikasturte berriari ekingo dio.
Herriko talde eta eragileei zuzendutako diru laguntza guztiak mantentzearen aldeko apustua ere egin da eta inbertsio publikoa ere mantenduko da, jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri modura.
Estrategikoak diren proiektuetan aurrerapausoak
Legealdi Planean aurreikusitako eta herriarentzat estrategikoak diren zenbait proiektutan aurrerapausoak ere emango dira eta aurten gauzatu ez diren zenbait obrei ere hasiera emango zaie:
Trantsizio energetikoaren alorrean, energia berriztagarrien aldeko apustuan:
Amaitzeko, etxebizitza hutsen inguruko azterketaren ondorioak kontuan izanik, alokairua sustatzeko lan lerro berriak zehaztu dira datorren urtera begira: batetik, alokairuaren ordainketa errazteko laguntzak eta bestetik etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzak emango dira, Etxebidek eskaintzen dituenak osatuz, herritarrei aukera berriak eskaintzeko etxebizitza alorrean.
Osoko Bilkuran onartu diren beste hainbat punturen artean daude: Tolosako udal eraikinak eta hiri-altzariak garbitzeko zerbitzu-kontratua arautuko duen esleipenaren kontratazio espediente eta lizitazioari hasiera ematea; 2021. urterako udaleko lanpostu zerrendari hasierako onarpena ematea, 2020-2022 Tolosako Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren aldaketa eta aurrekontu-kreditu batzuk berriro erabilgarri jartzea, besteak beste.
Era berean, 2020ko urtarrilaren 1eko Tolosako biztanleen kopuru ofizialaren berri eman da: 19.816 biztanle ditu azken datu ofizialaren arabera Tolosak; eta azkenik, EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako mozioak atzera bota ditu eta beraz, ez dira jorratu.