Aitor Estebanek eta Eneko Anduezak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dute EBBren presidenteak “prozesu administratiboak bizkortzeko eta industria sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko autobide arautzaile” deitu duen proposamena. Ildo beretik adierazi duenez “mugarri izan daiteke Euskadiren ongizatean”
04Ekainak EAJ-PNVren EBBko presidente Aitor Estebanek eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak gaur bertan Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dute “jarduera ekonomiko iraunkorra sinplifikatzeko eta arintzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena”, alderdi bien artean adostutakoa. "Autobide arautzaile" horri esker, %75era arte murriztu ahal izango dira Euskadiko jarduera ekonomiko jasangarriari eragiten dioten proiektuak onartzeko administrazio-izapideen epeak. "Euskadiren ongizatean mugarri bat izan daiteke", nabarmendu du Estebanek.
Araudi hori onartzean, Euskadik izango du Estatuko autonomia erkidegoen arteko araudirik osoena eta arinena, Europar batasunaren zuzentarauetara egokitua eta bermatzailea ingurumenarekin. 6 hilabetekoa izango da Euskadin interes publikoko proiektua baimentzeko gehienezko epea. Europako Batzordeak Net-Zero Industria (NZIA) bezalako araudietarako ezartzen duen gehiegizko epearen erdia hain zuzen, epe horiek 12 hilabetekoak baitira.
Hala, eraldaketa digitala, eraldaketa energetikoa eta Europako autonomia estrategikoa bizkortzeko premiaren aurrean, administrazio-prozesuen sinplifikatze eta bizkortzea lideratuko du Euskadik, bere lehiakortasuna bultzatzera begira.
Hala, Estebanek aipatutako ondorio positiboen artean nabarmen daitezke, esaterako, epe eta zama administratiboa murriztea, bereziki espediente konplexuetan zeinetan administrazio edo sail desberdinek esku hartzen baitute; eta ondorengo sektoreekin zerikusia duten proiektuak bizkortzea: trantsizio energetikoa, deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra, biltegiratzea, hidrogenoa, bero-sareak, nekazal-elikadurarako azpiegiturak eta ingurumena. Arauak ere jorratzen du itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren eta portuko jabari publikoaren kudeaketa, euskal erakundeen arteko eskumen banaketa errespetatuz.
Gaur erregistratu den arauarekin ados, proiektu bat sinplifikatze administratiboko prozesura sar dadin, “Interes Publiko Goreneko Proiektua” figura sortu da. Ondorengo proiektu motak jo daitezke Interes Publiko Goreneko Proiektu:
- Proiektu eraldatzaileak.
- Sare elektrikoak handitzeko jarduerak eta proiektuak.
- Energia berriztagarrietarako proiektuak.
- Lehengaietarako proiektuak.
- Hondakinak kudeatzeko proiektuak eta ekonomia zirkularra.
Azkenik, Aitor Estebanek adierazi du erregistratu berri den hau lege “erabakigarria” izan daitekeela, prozesu administratiboak arintzean “proiektu eta inbertsioak” erakarri ahal izango direlako. “Euskadik ezin du galdu eraldaketa digitalaren eta eraldaketa energetikoaren arteko aukera hau. Arau honek mesede egin diezaioke ekonomiari, lanpostu gehiago sortuz eta euskal herritarren ongizatea hobetuz”, esan du .
Jarduera ekonomikoa sinplifikatzeko eta arintzeko premiazko neurrien lege-proposamena