Iturratek Nafarroako aurrekontu-akordioa baloratu du, baina gaitzetsi egin du maniobra-marjina askoz handiagoa izan zenean Bilduk EAEn ez egitea

Bilduk Madrilen eta Nafarroan izan duen jarrera "eskuzabala" funtsik gabekoa dela esan du legebiltzarkide jeltzaleak, eta EAEn ez duela "ez Jaurlaritzari ez EAJri urik ematen". "Alderdi honek lau hamarkada daramatza euskal agenda defendatzen Madrilen. Azaldu diezagula Bilduk zergatik emango dion babesa Sanchezi"
16 Azaroa | Eusko Legebiltzarra

Iñigo Iturrate EAJ-PNVko legebiltzarkideak Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioa baloratu du, "Aurrekontuak funtsezko tresna direlako Gobernuaren ekintza ahalbidetzeko eta COVID delakoaren ondoriozko arazo larriei erantzuteko"; baina, aldi berean, bere jardunaren funtsik eza agerian utzi nahi izan du. Onda Vascako "Euskadi Hoy" saioan egindako elkarrizketan, Iturratek gogorarazi du akordio horrek EH Bilduren zuzenketak jasotzen dituela, 1,9 milioi eurokoak, baina EAEn, aurrekontuen azken negoziazioan, Iñigo Urkulluren Exekutiboak askoz diru gehiago eskaini ziela, baina atea danbateko batez baztertu zutela. "Harrigarria da Nafarroan akordio bikain gisa aurkeztea, izan ere, bere zuzenketak 1,9 milioi eurokoak eta neurri fiskalei buruzko bi txosten dira. Duela urte eta erdi, EAEn, akordio bat ixteko zorian egon ginen, DBEa bi urtetan % 7 igotzea eta 80 milioitik gorako balioa zuten partidak aurreikusten zituena. EH Bilduk eskuzabaltasun handiz jokatzen du leku batzuetan, eta beste batzuetan ez dio ez Eusko Jaurlaritzari ez EAJri urik ematen".

"Funtsik eta koherentziarik gabeko" estrategia horretan bertan kokatzen du Iturratek Pedro Sanchezen kontuak babesteko Bilduk egindako iragarpena, toki batzuetan aurrekontuen onarpena bultzatzeko eta beste batzuetan boikota egiteko. Ordezkari jeltzaleak Bildu politikaren eta gobernagarritasunaren alorrean sartu izana agurtu du, baina ezker abertzalearen aldetik EAJ-PNVk historikoki jaso izan dituen irainak eta deskalifikazioak gogorarazi ditu, beraiek orain egingo duten gauza bera egiteagatik. "40 urte baino gehiago daramatzagu Madrilen Euskadiren interesen alde lanean, eta horregatik euskal agenda deitu diogu. Hori da gure jarduna eta gure aurkezpen-gutuna. Eta horren aurrean, EH Bildu traidore, espainiar, Euskadi dilista plater baten truke saltzea... leporatu digu. Ongi etorri, baina Manuel de Irujok esan zuen bezala, bihurtuak isatsera".

Hala ere, Iturratek argitasunaren eta gardentasunaren falta sumatu du Bilduren negoziazioetan, izan ere, gaur egun ez dira akordioaren nondik norakoak ezagutzen, ezta lortu ahal izan diren kontrapartidak ere. "Ez dakigu ezer akordio horri buruz, badirudi euskal agenda ezkutua defendatzen ari direla Madrilen, ez baitute azaldu zeren truke egingo duten babes iragarpen hori". Espainiako Gobernuarekin akordioa ixten duen bakoitzean EAJk Madrilen egiten duena egiteko gomendatu die Iturratek: beltza zuriaren gainean jartzea, negoziazioaren nondik norakoak publiko egitea eta euskal gizarteari azaltzea. Baina mundu horretan oso ohituta daude hitz handietara eta akordioetara, eta gero ez dira inora iristen.

Kongresuko Euskal Taldeak Aurrekontuen onarpenari begira izango duen jarrerari dagokionez, legebiltzarkide jeltzaleak azpimarratu du beti egongo direla euskal herritarren interesak aurretik. "Gure babesa Madrilek Euskadiko inbertsioei, industriari, ekonomiaren suspertzeari eta autogobernuari buruz hartzen dituen erabakien menpe egongo da. Erakundeen egonkortasunarekin konprometituta gaude, baina horrek ez du esan nahi gure botoak ezeren truke ematen dituguenik”.

PARTEKATU