Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ekonomia suspertzeko eta enplegua sustatzeko Berpiztu Programa onartu du

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonimoaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera
03 Azaroa | Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskadiko ekonomia suspertzeko eta enplegua sustatzeko BERPIZTU Programa onartu duela; helburua gisa galdutako enplegu guztia berreskuratzea eta langabezia-tasa % 10etik behera jartzea duen programa, 130.000 enplegu dinamizatuz, hain zuzen.

Iñigo Urkullu Lehendakariak irailaren 29an aurkeztu zituen oinarriak Elkarrizketa Sozialerako Mahaiarekin eta Mahai sozioekonomikoko eragile ekonomiko eta sozialekin kontrastatu eta jasotako ekarpenak gaur onartutako behin betiko programan sartu dira. Ondoren, Legebiltzarrera bidaliko da.

Zupiria sailburuak argitu duenez, BERPIZTU programa osasun-pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko euskal erakundeen erantzuna da; erantzun propioa, izan ere, abiapuntutzat aurrekontu-baliabide propioak hartzen ditu, Europako funts gehigarriak kontuan hartu gabe. 13.250 milioi euro aurreikusten dira, aurrekontu-baliabideen eta abal publikoen artean.

Programak bi ardatz bertikal ditu: lehen ardatza ekonomia suspertzekoa eta bigarrena enplegua dinamizatzekoa. Gainera, hirugarren zeharkako ardatz bat gehitu da: enpleguaren kalitatea eta genero-berdintasunari dagokiona.

“BERPIZTU programa irekia eta malgua da, eta Euskadi eraldatzeko lau urterako apustua. Euskadi berdeagoa, digitalagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko balioko du, Europako estrategiarekin bat”, esan du Zupiriak.

Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Lege-proiektua

Bere aldetik, Ekonimoaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Lege-proiektua onartu duela; hau Legebiltzarrera igorriko da bertan eztabaidatzeko. Arantxa Tapiak uste du "Legea eztabaidatzeko eta behin betiko onartzeko unea dela" eta ziur dago "ahalegin hau behin betikoa izango dela".

Tapia sailburuak nabarmendu du etorkizuneko lege honek ingurumenean eragina duten jardueretarako aurreikusitako administrazio-prozedurak antolatu, sinplifikatu eta bateratuko dituela. Azaldu duenez, indarrean dagoen araudia asko hobetzen duen proiektua da, ingurumenean eragina izan dezaketen jardueren kontrolean urratsak ematen dituelako, eta honetatik haratago doazen tresnak gehitzen dituelako, adibidez, INGURUNET tresnaren normalizazioa —sektore pribatuak aspaldi eskatzen zuena—, ingurumeneko elkarlanerako erakundeen figura, eta ingurumenari lotutako boluntarioak, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa den Erosketa publiko berdea, eta hainbat figuren bitartez etorkizuna sustatzea, adibidez, Ekoberrikuntza eta ingurumen-fiskalitatea.

Gobernu Kontseiluan onartutako beste gai batzuk

Bestalde, Zupiria bozeramaileak azaldu du gaurko Gobernu Kontseiluan 2020rako zor publikoen jaulkipen bat edo batzuk egitea erabaki dela, baita mailegu-eragiketak hitzartzea baimendu ere. Gehienez 1.374 milioi euroko zenbatekoa izango dute.

Amaitzeko, Bingen Zupiria sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko "Euskadi Turismo Bono" diru-laguntzen programaren atxikipen-epeak eta indarraldia luzatzeari. Bozeramaileak argitu du mugikortasun-murrizketek jarduera baldintzatzen dutenez, atxikitzeko eta indarrean jartzeko epeak luzatzea erabaki dela. Horrela, establezimenduak eta enpresak diru-laguntza programara atxiki ahal izateko epea datorren azaroaren 30era arte luzatuko da, eta bonuak 2021eko maiatzaren 31ra arte egongo dira indarrean.

Iturria: Irekia

PARTEKATU