Gotzone Sagardui osasuneko sailburuak, XII. Legegintzaldian, desberdintasunik gabeko osasunaren alde egingo du, hurbileko eta pertsona guztien zerbitzura dagoen osasunaren alde

Lehen erronka COVID 19-ari aurre egitea izango da eta, hori dela eta, Sailburuak euskal gizartearen erantzukizun indibiduala eta kolektiboa aldarrikatu du, gaur egungo egoera “oso kezkagarria” baita
Gotzone Sagardui osasuneko sailburuak, XII. Legegintzaldian, desberdintasunik gabeko osasunaren alde egingo du, hurbileko eta pertsona guztien zerbitzura dagoen osasunaren alde
02 Azaroa | Eusko Jaurlaritza

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu du legegintzaldi honetan osasun-politiken helburuak honako hauek izango direla: kalitateko eta bikaintasuneko osasun publiko unibertsaleko euskal sistema finkatzen jarraitzea; lehen mailako arreta sustatzea eta sendotzea; osasun publikoko sistema sustatu eta finkatzea; koordinazio soziosanitarioaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, eta osasun-arloan ikerketako eta berrikuntzako berezko ekosistema garatzen jarraitzea.

Iñaki Berraondo Osasuneko Sailburuordearekin eta Nerea Urien Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordearekin eta Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, Osasun Sailburuak bere sailak legegintzaldi honetarako duen Esparru Estrategikoaren edukia azaldu du. Hura 3 ataletan egituratzen da: printzipio nuklearrak (osasuna politika guztietan eta desberdintasunik gabe, hurbilagoa eta pertsona guztientzat); zeharkako elementuak (batetik, profesionalak eta sareko lana eta, bestetik, arreta integratua eta asistentziaren jarraitutasuna) eta sei instrumentalak (euskal osasun-sistema, lehen mailako arreta, osasun publikoa, arreta soziosanitarioa eta I+G+b).

COVID 19

Sailburuak esan du lehen erronka pandemiari aurre egiten jarraitzea dela. Gotzone Sagarduik esan du koronabirusaren bilakaera “oso kezkagarria” dela, eta esan du Eusko Jaurlaritzak eskura dituen tresna material eta pertsonal guztiak jarriko dituela, birusa gehiago heda ez dadin. Zaintza eta Miaketa Sareak egiten duen detekzio goiztiarraren ahalegina nabarmendu du; dagoeneko, 600 pertsona baino gehiago ari dira, eta berriz ere aldarrikatu du euskal gizartearen erantzukizun indibiduala eta kolektiboa. Gainera, pertsona bakoitzak COVID19-aren aurka borrokatzeko bere esku dituen oinarrizko neurriak azpimarratu ditu: urruntze soziala, maskararen erabilera, eskuen higienea, elkartasuna, ez fidatzea eta espazio itxien aireztapen egokia.

ELEMENTU NUKLEARRAK (2)

OSASUNA POLITIKA GUZTIETAN

Osasuna politika guztietan esaten dugunean, honako hau esan nahi da: “erantzunkidetasuna, inplikzioa, konpromiso partekatua eta elkarlana erakundeen artean, pertsonen ongizatea hobetzeko eta osasunean ekitatea bermatzeko”, esan du Sailburuak. Eremu horren barruan 2028. urtera artekoa izango den Osasun Plan berriaren garapena nabarmendu du; Osasun Publikoaren Lege berria garatzea Euskadin, eta Euskadin Batzorde Epidemiologiko iraunkorra sortzea, gai horretan osasun publikoko jarduketak Europako estrategiekin bat datozela bermatzeko.

OSASUNA DESBERDINTASUNIK GABE, HURBILAGOA, PERTSONEN ZERBITZURA DAGOENA

Sailburuak bost helburu aipatu ditu puntu horren barruan:

  1. Osasun-sistema sendotzea, herritarrenganako osasun publikoaren mehatxu berriei aurrea hartu eta erantzun egokia eskaintzeko, batik bat pertsona kalteberenei dagokienez.
  2. Osasunean gizarte- eta genero-desberdintasunak murriztea. Adinekoen hauskortasunari arreta emateko plana nabarmendu du, bai eta haurrentzako protokolo berriak ere, besteak beste diabetesari arreta emateko protokoloa edo bihotz-biriketako bizkortze-ikastaroak, eta sexuen aldetiko desberdintasunak dituzten osasun-arazoei heltzea, besteak beste.
  3. Prebentzioko, txertaketako eta baheketako programak sustatu eta zabaltzea. Umetoki-lepoko minbiziaren biztanleria-baheketa % 100 arte ezartzea espero da; jaio aurreko baheketan odolean zirkulatzen duen fetuaren DNA testa sartuko da, Down-en sindromearen kasuen detekzioa areagotzeko, teknika inbaditzailerik erabili gabe…
  4. Osasun Behatokia sustatzea, Euskadiko pertsonen osasun-egoera ezagutzeko eta zabaltzeko espazio gisa. Haren helburua izango da biztanleriaren osasuna monitorizatu eta ebaluatzea, plangintza hobea egiten eta erabaki hobeak hartzen laguntzeko. Desberdintasun-ardatz nagusietan zentratuko da: generoa, klase soziala, adina, bizilekua eta osasun-zerbitzuen erabilerari buruzko informazioa eskainiko du eta, horrela, informazio esanguratsua eta kalitatekoa sortuko du, ondoren euskal gizartearen osasuna hobetzeko diseinatzen diren politikak diseinatu eta planifikatzeko.
  5. Pertsonetan eragin handiena duten gaixotasunei arreta handiagoa ematea, bai eta bizitzaren amaierari ere. Helburua da heriotza-tasa, mendekotasuna eta zenbait gaixotasuni lotutako sufrimendua murriztea –besteak beste minbiziari, gaixotasun kardiobaskularrei, gaixotasun arraroei edo neurodegeneratiboei eta neuromuskularrei lotutakoa.

ELEMENTU INSTRUMENTALAK (6)

EUSKAL OSASUN-SISTEMA

  • Sailburuak sistema publikoa, unibertsala, ekitatiboa, aurreratua, erabakitzailea, kalitatekoa eta bikaintasunekoa sendotzeko lan egingo du. Doitasunezko medikuntza pertsonalizatuan lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du. Hala, medikuntza pertsonalizatuaren Plangintza eta Kudeaketa Batzordea sortzeak azken belaunaldiko sekuentziazio masiboko teknologia diagnostikoen sarean integratuko duela esan du.
  • Zentroak, egiturak eta ekipamenduak erosi, hobetu, modernizatu eta egokitzea izango da jarraituko den beste lerroetako bat.
  • Bikaintasuna bilatuko da arreta espezializatuan eta ospitalekoan, eta itxarote-zerrenda kirurgikoak berreskuratzeko eta finkatzeko lan egingo da.
  • Era berean, pertsonen gaikuntza eta gogobetetze handiagoa lortzeko lan egingo da. Hori horrela, Sailburuak nabarmendu du 000 plaza deituko direla LEPetan, 2020-2024 aldian, eta, horretarako, hautaketarako eta lanbide-sustapenerako Eusko Legebiltzarrean onetsi diren eredu berriak aplikatu direla.

LEHEN MAILAKO ARRETA

Sailburuak arreta berezia jarri du lehen mailako arretaren eremuan; izan ere, espazio berezia hartu du legegintzaldi honetarako esparru estrategikoan. Hala, Sailak laguntza-eremu horren inguruan duen konpromisoa islatzen da.

  • Lehen Mailako Arretarako Zuzendariordetza sortzea, Osakidetzaren Osasun-laguntza Zuzendaritzaren barruan.
  • Pertsonal medikoak eska ditzakeen proba diagnostikoen zorroa zabaldu eta homogeneizatzea.
  • Fisioterapia, pixkanaka, Osakidetzaren zerbitzu-zorroan integratzea
  • Lehen mailako arretaren gaineko ikerketa sustatzea
  • Plantilla handitzea eta, horretarako, pertsonal fakultatiborako eta erizaintzako pertsonalerako plazak sortzea.
  • Administrazio-arloak indartzea eta, horretarako, profil berrien aldeko apustua egitea, eta lehen mailako arretako farmazialariaren irudia sustatuko da, ezarritako zerbitzu-zorroarekin.
  • Pediatriako BAME eta familia eta komunitateko BAME eta BAEE prestakuntza lehenetsiko da.
  • Inbertsioak: egitura berriak irekiko dira, osasun-zentroak zaharberrituko dira eta ekipamendu berrietan inbertituko da.

 OSASUN PUBLIKOA

  • Osasun Sailak Legebiltzarrera Euskadiko Osasun Publikoko Legea eramango du; lege horrek zenbait alderdi sendotuko ditu, besteak beste, alerta-sistemak eta biztanleen osasunerako mehatxua eragin dezaketen arriskuak detektatzeko erantzun azkarra.
  • Osasun komunitarioaren garapenaren aldeko apustua egingo da, ingurune eta bizi-estilo osasungarrien, elikaduraren, jarduera fisikoaren edo sexu- eta ugalketa-osasunaren bidez.
  • Adikzioak dituzten pertsonen prebentzioan eta arretan lanean jarraituko da

ARRETA SOZIOSANITARIOA

  • Egitura sendotzea, Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritza berriaren bidez
  • Baliabide soziosanitarioen katalogo berria
  • Telelaguntzako zerbitzua eskainiko zaie 80 urtetik gorako pertsona guztiei, eta arreta profesionaleko lerro berezia abiaraziko da bakarrik dauden pertsonentzat.
  • Gobernamendua hobetzea, foru-aldundiekin eta udalekin akordioak adostuz.
  • Arreta soziosanitarioaren eredu integral berria, osasun- eta gizarte-asistentziarako lehen mailako sareak koordinatuz.

I+G+b OSASUNEAN

  • Geure ekosistema garatzen jarraitzea, osasun-ikerketaren eta -berrikuntzaren inguruan, gure industria-errealitatearekin elkarlanean.
  • Osasun-arloko ikerketa eta berrikuntzarako estrategia 2021-2024

GOBERNAMENDUA

Ebaluazioa eta kontuak ematea, ahots guztiak aintzat hartuta: pazienteak, familiak, zaintzaileak, elkarteak, profesionalak, erakundeetako arduradunak, instituzioetako ordezkariak.

  • Herritarren parte-hartze handiagoa sustatuko da
  • Autogobernuaren defentsa:
  • Hizkuntza-eskubideen defentsa.
  • Osasun-sistema berdea, ingurumenarekin konprometitua.

Iturria: Irekia

PARTEKATU