Mireia Zaratek bart gauean Bilbon erregistratu ziren istiluak “onartezin” jo ditu, eta ezarritako neurriak “guztion segurtasuna bermatzeko” direla ziurtatu du

EBBko idazkariak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak jarritako neurriak Covid-19aren transmisioa murrizteko direla eta, hori gerta dadin, gizarteari “arduraz eta erantzukizunez” jokatzea eskatu dio
30 Urria | EBB

Mireia Zarate, Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria, haserre agertu da atzo gauean Bilbon gertatutako istiluekin. Hauetan, berrehun bat lagun elkartu eta, segurtasun neurriei muzin eginez, hogei edukiontzi baino gehiago erre zituzten. “Atzo bizi izan genituen istiluak ez dira bat ere onargarriak. Bide honetan, milaka hildako utzi ditugu. Gustatuko litzaidake istiluetan ibilitakoak hildakoen familiei galdetzea ia neurriak hartu behar diren ala ez. Denoi dagokigu arduraz jokatzea”, eskatu du. Mundu osoan eragina izaten ari den Covid-19aren pandemia honen aurrean Gobernu guztiak erabaki zorrotzak hartzera behartu dituela gogoratu du. “Gobernu batek horrelako neurriak hartzen dituenean ez da nahi duelako. Egoera larri batean gaude, ezin dugu ahaztu, eta neurri hauek guztion segurtasunerako dira. Atzoko jarrerak onartezinak dira”, kritikatu du. Zarateren aburuz, honen guztiaren helburua da “gizarteari segurtasuna ematea eta transmisioak gutxitzea” eta, horretarako, “guztiok daukagu ardura”.

Zaratek Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, egunetik-egunera pandemiaren eboluzioa aztertu beharko da, eta bilakaera horren arabera neurriak egokitzen joango dira. Honen harira, atzo Madrilgo Kongresuan onartu berri zen alarma egoeraz galdetu diote. EBBko idazkariak garrantzia kendu nahi izan dio neurriari ezarri zaion 6 hilabeteko iraupenari “ez baitakigu hemendik eta sei hilabetera egoera zein izango den. Orain egin behar duguna da birusaren bilakaerari jarraipena egitea”, esan du. “Azken asteotan ikusi dugu auzitegiek, segun eta zein erkidegotakoak izan, erabaki desberdinak hartu dituztela. Alarma egoera honek bermatzen duena da neurriak unean uneko egoeraren arabera hartu ahal izatea. Gainera, kontutan izan behar dugu alarma egoera hau deszentralizatua eta aurrekoa baino askoz ere arinagoa izango dela”, azaldu du burukideak.

Covid-19ak euskal osasun sistemarako dakarren eraginaz ere galdetu diote Mireia Zarateri, bai eta Osakidetzan egiten ari diren greben inguruan. Adierazi duenez, eta grebei zor zaien errespetuarekin, ulertzen ez dituela esan du. “Alde batetik, pandemia batean murgilduta gaude eta denok batera egin behar dugu aurrera. Eta bestetik, Sagardui sailburuak, hasieratik, besoak zabalik izan ditu elkarlanerako eta akordioetara iristeko”, gogoratu du. Honetaz gain, osasun arloan Eusko Jaurlaritzak murrizketarik egin ez dituela baieztatu du, “guztiz kontrakoa”. “Momentu honetan inoiz baino langile gehiago daude Osakidetzan lanean, materiala (behar izanez gero) ere prest dago, aurrekontuaren herena osasun arlora bideratuta dago… Ez da inolako murrizketarik egon”, berretsi du. “Beste gauza bat gehitu nahiko nuke. Ez dugu ulertzen zergatik sindikatu batzuek greba egiten duten Euskadin eta, ordezkaritza izanik, zergatik ez duten beste erkidego batzuetan egiten. Guztiok arduraz jokatu behar dogu, elkarlanean, pandemia honi aurre egiteko”, bukatu du.

PARTEKATU