Aitor Estebanek alarma egoeraren aldeko botoa defendatu du: “Beharrezko ditugu segurtasun juridikoa eta marko egonkor bat”

Euskal Taldeko bozeramaileak legebiltzar taldeei premiatu die hiritargoarekin erantzukizunez jardutea. “Covid-aren kontrako jardunak luze joko du”, argitu du
29 Urria | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, diputatu jeltzaleek alarma egoerari eman dioten baietza defendatu du. Hitza hartu duenean, Estebanek deitoratu du “neurri berdintsuen aurrean auzitegiek interpretazio ezberdinak egin izana, toki batzuetan eraitsiz eta beste batzuetan ez; horregatik baieztatu du beharrezkoa dela agintari eskudunek “segurtasun juridikoa” izatea, erabakiak hartu ahal izateko.

Estebanek gaurko egoera “larritzat” jo du, baina gaineratu du alarma egoeraren luzapenak ez dakarrela sei hilabetetan salbuespen neurriekin jarraitzea, eta berretsi du tresna honekin bilatzen dela “marko orokor bat izatea”, autonomietako presidenteek “arintasunez” erantzuteko aukera izan dezaten. Edozein kasutan eta eztabaida juridikoari dagokionez, Estebanek nabarmendu du, bere aburuz, neurri horiek berberak lege arrunten bidez hartu zitezkeela auzitegiek epai kontraesankorrak eman ez balituzte. “Baina une honetan ez dago horretarako astirik”, baieztatu du.

Hain zuzen ere, Euskal Taldeko bozeramaileak aurreko itxialdian bezala hamabost eguneko alarma estatua ezartzea eskatzen duten proposamenen kontra egin du,ordukoa “zoratzeko modukoa” izan zelako ,“etengabeko tentsioa” eragin zuelako eta ziurgabetasun juridikoa eragin zuelako “hiritargoari oso irudi negatiboa transmititzean”. Hala, Estebanek alderdi politikoei eskatu die erantzukizunez jardutea: “Inork ez du ekonomiari edo hiritargoari kalte egiteko interesik, eta agintari autonomikoek neurriak albait arinen erretiratuko dituzte, baina ez dezagun esan gauza eginda dagoela; jokatu dezagun arduraz eta esan diezaiogun jendeari ez dakigula hau noiz amaituko den, luze joko duela eta txertoa noizko egongo ote den ez dakigula”, baieztatu du.

Zentzu berean, Estebanek PPri egotzi dio Europa “andereñoaren” “kontakatilua" dela Europako erakundeetan alarma egoera salatzeagatik, eta nabarmendu du Europa “harrituago” egongo dela “COVID-a bere ardurakoa izango ez balitz bezala ari den Autonomia Erkidegoren batekin”. Halaber, bozeramaile jeltzaleak salatu du alderdi politiko batzuek “edozein inguruabar” baliatzen dutela “aurkari politikoa ahultzeko, eta bide horretatik, erakundeak eurak ahultzeko”, eta eztabaidan zehar batzuek erabili duten hizkera kritikatu du. “Ez ditzagun ur handiak nahastu”, esan du “hemen askatasun falta dagoela esatea zentzugabekeria galanta da, bereziki beste herrialde batzuetan hartu diren neurriei gorazarre egiten bazaie, hauen artean itxialdia ezartzeko erabakiei”.

Beste alde batetik, Euskal Taldeko bozeramaileak egoki jo du Gobernua Kongresura joatea azalpenak ematera, hilean bitan Sánchez Presidenteari dagokionez eta hilean behin Illa Presidentearen kasuan “edo lehenago, ohiz kanpoko inguruabarrak ematen badira”, eta gogora ekarri du talde guztiek eskura dituztela ohiko kontrol tresnak. Edozein kasutan, Estebanek ohartarazpen bat egin nahi izan dio Espainiako Gobernuari, ez baitu ontzat jotzen “egoera baliatu izana Presidenteen Konferentzia modukoa sortzeko, aldebitasuna erabat baztertuz. Horretarako, ez dezatela gurekin kontatu”, esan du Estebanek.

Amaitzeko, Estebanek Illa Ministroari eskertu dio alarma estatua onartu aurretik EAJ-PNVrekin hitz egin izana, Autonomia Erkidegoen eskuduntzak errespetatu izana balioetsi du eta Euskal Taldeak aurkeztu duen zuzenketa aldeztu du barrendegietako hiritarrek inguruan duten probintzian dauden arau berberak izan ditzaten. “Onartua izatea espero dut”, esan du, “aurreko alarma egoeran gertatu zen bezala”.

PARTEKATU