Iñigo Urkullu irten da Lehendakari Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren babesari esker

Agintari jeltzaleak bere hirugarren legealdiari ekingo dio XII. Legealdiko 75 legebiltzarkideetatik 40ren babesa jaso ondoren

Iñigo Urkullu irten da Lehendakari Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren babesari esker 03Irailak
2020
2020 IrailaK 03 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Iñigo Urkullu Renteria aukeratu dute Lehendakari gaur arratsaldeko bilkuran. Ondorioz, bere hirugarren agintaldiari ekingo dio Eusko Jaurlaritzaren burutzan. Agintari jeltzaleak Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren babesa jaso du gaur arratsaldean, bere hautagaitzak XII. Legealdiko 75 legebiltzarkideetatik 40ren baiezkoa jaso ondoren: 30 jaso ditu EAJ-PNVko legebiltzarkideen aldetik (Irune Berasaluze legebiltzarkide jeltzaleak Euskal Ganberatik irten behar izan du osasun-prebentzioa dela eta) eta 10 boto jaso ditu PSE-EEren taldetik. Urkulluk Lehendakari karguaren zina egingo du datorren larunbatean Gernikako Batzar Etxean, Aritzaren aurrean, eta datorren astean Gobernu Batzorde berriaren lehen bilkurako buru gisa jardungo du. Jaurlaritza berria sailburu jeltzale eta sozialistek osatuko dute iragan asteartean EAJ-PNVk eta PSE-EEk izenpetu zuten akordioaren ondorioz. Exekutibo berriaren egitura eta osaera Lehendakariak berak emango du ezagutzera datorren larunbat arratsaldean.

Urkullu aukeratua izan da, alde batetik, iragan uztailaren 12an zerrendaburu gisa eraman zuen EAJ-PNVren hautagaitzak garaipen ukaezina lortu zuelako Euskadin 31 legebiltzarkide atera zituelarik: 12 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 9 Araban; eta, bestetik, EAJ-PNVk eta PSE-EEk iragan asteartean izenpetu zuten itunaren ondorioz, alderdi biek XI. Legealdian bultzatu zuten koalizio gobernua berriro eratzea ekarriko duena.

Halaber, gaur egiaztatu da Urkulluk bete-betean asmatu zuela Euskadiko Hauteskundeak uztailaren 12an deitzea erabaki zuenean, kanpaina bera eta hauteskundeak gaur egungo pandemia hau maila baxuan zegoenean egin zirelako. Beste alderdi politikoen irizpidea nagusitu izan balitz, Euskadik une honetan hauteskunde kanpaina egin beharko luke pandemia berragertu den aldi honetan edo, bestela, XI. Legealdia luzatu beharrean egongo lirateke legeek aurreikusten dutenaz harago, eta horrek Euskadi utziko zuen erabateko ziurgabetasun egoeran, alderdi juridikotik zein instituzionaletik. Euskadiko hauteskundeak, orain, irailean egin nahi zuten alderdien artean zegoen EH Bildu, eta bere Lehendakarigaia, Maddalen Iriarte, ez da gai izan beste babesik jasotzeko, bere legebiltzar taldeak ematen dionaz aparte.

Interesatu Zaitez