Alarma-egoerak autonomien eskuduntzak babesteko ituna jasotzea eskatu dio Ortuzarrek Sánchezi

EBBko presidenteak bere egin du Urkulluren aldarrikapena, eta erakundeenganako errespetua erreklamatu du krisiari are eraginkortasun handiagoarekin aurre egin ahal izateko: “Egoera bakoitza autonomia erkidego batetik bestera ezberdina bada, “deseskalatze” prozesua ezin da 17 autonomientzat kalko bat izan”, baieztatu du

Alarma-egoerak autonomien eskuduntzak babesteko ituna jasotzea eskatu dio Ortuzarrek Sánchezi 04Maiatzak
2020
2020 MaiatzaK 04 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Pedro Sánchezen Gobernuari exijitu dio gaur balizko alarma-egoera berri batek jaso beharko lukeela “erabakiak autonomia erkidegoekin batera hartzeko itun bat”, autonomiek beren deseskalatze prozesu propioak ezar ditzaten, tokian tokiko gobernuak bere erakundeak eta eskuduntzak kudeatzera buelta dadin. Hori ez da Urkulluren edo abertzaleen aldarrikapen bat soilik, autonomia erkidego guztiek egin duten aldarrikapena da”, baieztatu du EAJ-PNVko agintari gorenak. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek azaldu du EBBk gaur aztertuko duela datorren asteazkenean alarma-egoeraren luzapena babestea ala ez. Edozein kasutan, Ortuzarrek uste du hemendik eta bozketa egiten den egunera arte “gauza asko” alda daitezkeela eta berak espero du “horrela gertatzea”. “Gertaera berrien eta berrikuntza horien arabera, ezarriko dugu gure jarrera”, gaineratu du.

“Estatuko gobernuak uste badu alarma-egoera beharrezkoa dela, egin dezagun ahalegina horren salbuespenezkoa izan ez dadila, ahal denik eta normalizatuena izan dadila. Errespeta ditzagun erakunde naturalak eta dagokion alorrean eskuduntzak dituztenak. Hitzartu ditzagun deseskalatze prozesurako neurriak. Uste dut egin daitekeela, borondate politikoa badago”, adierazi du Ortuzarrek. Zentzu berean, jeltzaleen buruak uste du akordio bat eman daitekeela “Estatuko Gobernuak alarma-egoera ezarri ezik iragartzen dituen arriskuak eman ez daitezen baina, aldi berean, gainerako erakundeak eroso egon daitezen eta beren eskuduntzen arabera lan egin dezaten. Alarma-egoera berri bat ematen bada, berarekin ekarri beharko luke autonomia erkidegoekin hitzartzeko mekanismo bat, autonomia bakoitzak deseskalatzerako prozesu propioak ezar ditzan eta erakunde naturalak arduratu daitezen. Bakoitza bere erakundeak eta eskuduntzak kudeatzera itzul dadin”, azaldu du. “Une honetan hasi gara aplikatzen herrialde bakoitzari eta herrialde bakoitzaren egoerari dagozkien gaiak. Autonomia erkidego bakoitzak egoera ezberdin eta propioa bizi du; deseskalatzea, beraz, ezin da kalko bat izan 17 autonomietan. Zergatik ezin dugu plan homogeneo bat egin denontzat oinarrizkoak izango diren parametro batzuk errespetatuz eta tokian tokiko egoeraren araberako neurriak hartuz ?”, galdetu du.

Ortuzarrek alarma-egoera eta aginte bakarra elkarrekin nahiko lotuta doazela uste arren “bestelako gobernu sistema batekin egin liteke, atzo bertan autonomia gehienetako presidenteek eskatu zioten bezala”, hau da, “kogobernu eredu bat erabilita”. Zentzu berean nabarmendu du Osasun Ministerioak atzo agindu bat bidali zuela “bide hori zabalduz”. Horregatik animatu du “bide horretatik jarraitzeko, ea noraino hel daitekeen, gaiari eman beharreko tratamenduaren homogeneitatea uztar daitekeelako erakunde bakoitzaren berezitasunarekin eta, batez ere, lurralde bakoitzean dauden beharrei erantzuteko lanarekin”.

Ortuzarrek esan du EAJ-PNVren xedea ez dela PSOE-Unidas Podemos alderdien Gobernua erortzea eta baieztatu du bere alderdiaren interesa ez dela “gobernua erortzea”. “Gure helburua guztiz alderantzizkoa da. Egiten ari garenaren helburua da indartzea, Gobernu honek une latzak izan ez ditzan. Egonkortasun handiagoa eman nahi genioke Estatuko politikari, eta hori lortzen da alderdiekin gehiago hitz eginaz eta, batez ere, gobernatzeko eta erabakiak hartzeko esparru partekatu hori autonomia erkidegoekin kudeatuaz”, azpimarratu du.

Euskadiko hauteskundeak egiteko egunaz galdetuta, Ortuzarrek uste du EH Bilduk uztailean egiteari uko egin diola “logika elektoralari begiratzen diolako”. “Alde batetik esan dute hau ez dela hauteskundeetan pentsatzeko garaia, baina beren kalkulagailuan hauteskundeak baino ez daude. Eta argi eta garbi, Gobernuari eraso egiteko helburua dutela, eta eskura duen guztia baliatzen du horretarako”, esan du jeltzaleen buruak. “Hauteskundeak egin behar dira lege agindu bat delako eta hiritarren eskubidea delako.Gaia da: hemendik eta urrira bitartean, zein da unerik egokiena osasun aldetik? Eta, zein da unerik egokiena erakundeak erronka handiei aurre egiteko moduan egon daitezen?. Apaltasun osoz, guk uste dugu garai hori uztaila dela, adituen arabera, teorian behintzat, birusa gutxiago mugituko delako eta hori da osasun egoera nabarmen hobetuko lukeen datua”, baieztatu du. Era berean ohartarazi du udazkenean “birusa berriro ernatzeko arriskua” egon daitekeela eta “Gobernu batek eta Legebiltzar batek egin behar dutena egiteko” beharko diren hilabete ederrak galduko liratekeela,hau da, Covid-19ak ekarri dizkigun osasun krisiari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko beharko direnak”. Hauteskundeak uztailaren hasieran egingo balira, irailaren hasieran Legebiltzarra eratuta egongo litzateke eta Jaurlaritza martxan egongo litzateke “Aurrekontuez hitz egiten eta berreraikuntzarako politikak diseinatzen hasteko”, amaitu du.

Amaitzeko,oposizioko alderdiek Iñigo Urkullu lehendakariari egindako kritikei aurre egin die Ortuzarrek, Pedro Sanchezi "koerabaki esparrua" eskatu eta gero Euskadin "kontuan hartu ez izana" leporatuta. "Hori ez da egia. Lehendakaria astero biltzen da ahaldun nagusiekin, Eudeleko presidentearekin eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariarekin, hau da, erakunde guztietako ordezkariekin", esan du. Nolanahi ere, Ortuzarren hitzetan, "Agian horrek ez dio balio Otegi jaunari, bere alderdiko inor ez dagoelako han, baina ordezkari instituzionalez ari gara, eta alderdiak ez dira instituzioekin nahastu behar".

Interesatu Zaitez