Paco Arizmendi IBBko presidentearen esanetan EAJ-PNBk “gure lurraldearen errealitateei egokitutako tokiko egitasmoak bultzatu nahi ditu”
EAJ-PNBren Ipar Buru Batzarreko presidente Paco Arizmendik martxoaren 15ean eta 22an Iparraldean udalak eta elkargoak aukeratzeko egingo diren bozetarako hauteskunde egitasmoa aurkeztu du. Arizmendik nabarmendu duenez bere konpromiso nagusia da “gure lurraldearen errealitateei eta, beraz, biztanle guzien beharrei egokitutako tokiko egitasmoak bultzatzea gure herrialdearen errealitatera egokitutako toki proiektuak bultzatzea”. “Azken finean, gaineratu du, nahi dugun hurbiltasuna eraikitzea dugu xede”.
IBBko buruaren esanetan udalak dira “lehen mailako esparru demokratikoak” eta “bakoitzak izan behar du maila horretan erabakiak hartzeko aukera”. EAJ-PNB betidanik antolatu da horrela, udal eta herrialde mailan, alegia. Horregatik, Arizmendik nabarmendu du deszentralizatze handiagoa lortzeko lana egin beharko dela eta lankidetza esparru guztiak bultzatu beharko direla Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriaren artean.
Halaber, Iparraldeko jeltzaleen buruak azaldu ditu EAJ-PNBren hautagaitzak osatzen dituztenek defendatuko dituzten gai nagusiak: euskara, toki garapen ekonomikoa eta, udal hauteskundeak direlako, mugikortasuna, etxebizitza eta udalen antolakuntza. “Horiek dira udal mailan eta Euskal Elkargoaren baitan landu nahi ditugun gaiak”, azpimarratu du.
Arrosako alkate Beñat Arrabitek, bere aldetik, euskararen arloan landu nahi dituzten proiektuak eman ditu ezagutzera. Amaitzeko, Panpi Etchegaray eta Jean Tellechea hautagaiek hurrenez hurren hitz egin dute mugikortasunaz eta ekonomiaren garapen jasangarriaz duten ikuskera.
EAJ-PNBk 16 hautagai aurkeztuko ditu Iparraldeko hiri nagusietan: Baiona, Biarritz, Donibane Lohizune, Ziburu eta Urruña; baita Lapurdi eta Baxe Nafarroa eta Zuberoako hainbat herritan ere. Berrautaketara bi alkate jeltzale aurkeztu dira: Beñat Arabit Arrosan eta Alain Dubois Makean.
EAJ-PNBren hautagaitzak aurkezteko egin den prentsaurrekoan izan da Donostiako alkate Eneko Goia, eta bertan azaldu ditu EAJ-PNVk Gipuzkoako hiriburuan garatzeko bidean dituen proiektuetako batzuk. “Donostia murgilduta dago gaur egun euskararen erabilera bultzatzeko lanetan, hezkuntzakoekin, eskolekin, kirol eta kultura esparruekin, merkatariekin eta ostalaritzarekin lankidetzan. Mugikortasuna da hiriak gaur egun daukan erronka nagusia, eraldatze prozesuari ekiteko eta klima aldaketari aurre egiteko hitzeman ziren konpromisoak betetzera begira. Lanen artean daude, esaterako, Hendaia eta Donostia Topoarekin lotzeko egiten ari direnak. Halaber, turismo jasangarria da Iparraldearekin landu beharreko gai bat”, nabarmendu du Donostiako alkateak.