Mediavillaren esanetan “hobe da hiritargoari iritzia emateko aukera ematea, zortzi hilabetetan kanpainan bizitzea baino”

EBBko Arlo Instituzionaleko burukide arduradunak salatu du “sektore politiko ezagunak” Zaldibarko ezbeharrarekin egiten ari diren “erabilpen doilor eta okerra”

Mediavillaren esanetan “hobe da hiritargoari iritzia emateko aukera ematea, zortzi hilabetetan kanpainan bizitzea baino” 12Otsailak
2020
2020 OtsailaK 12 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Koldo Mediavillak, Euzkadi Buru Batzarraren Politika Instituzionalaz arduratzen den burukideak, egoki jotzen du Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak apirilaren 5erako deitzeko hartu duen erabakia. Onda Vascari eskaini dion elkarrizketan, Mediavillak kritikatu du une honetan, hauteskundeak deitu direlarik, alderdi batzuek esan dutela ez blokeatzeko eta laguntzeko prest daudela eta baieztatu du berak jarrera hori ikusi nahiko zukeela “duela bizpahiru aste”. “Azken kontrol bilkuran ikusi genuen oposizioaren krispazio eta amorrua herriaren gobernagarritasunaz hitz egiterakoan. Horren aurrean, “udaberri gorria” bideratzeko mehatxuaren aurrean,bidean zetozkigun mehatxu edo erronken aurrean, uste dut neurririk egokiena zela moztea, hiritargoari bere iritzia emateko aukera ematea, oraingoa baino gehiengo zabalagoa bilatzea hurrengo lau urteotan gobernatu ahal izateko, eta denbora aprobetxatzea autogobernuaren garapenerako eta hazteko. Hobe da apirilaren 5ean hauteskundeetara joatea hurrengo zortzi hilabetetan kanpainan bizitzea baino”.

Burukide jeltzalearen aburuz, hauteskundeak deitu dira baina inola ere ez kalkulu partidista egin delako, baizik eta “denbora aprobetxatzeko, gaur egun etengabeko aurre-kanpaina giroan eta blokeo giroan bizi garela ikusita, Jaurlaritzaren aldetik egin nahi den edozein ekimenaren aurrean erabateko oposizioa egiten dela ikusita. Gainera, Madrilgo Gobernuarekin ere aurreikuspenak onak dira eta emaitza onak lor litezke pendiente dauden transferentzien negoziaketan. Horregatik, garrantzitsuena da azken asteotako krispazioa albo batera uztea eta behin-behinekotasun egoeran eta etengabeko kanpainan sartzea saihestea eta zuzen-zuzenean hauteskundeetara jotzea”.

Koldo Mediavillari galdetu diote iragan ostegunean Zaldibarren erregistratu den luizi tragikoaren inguruan eta sektore batzuen aldetik sortzen ari diren ekaitz politikoaz. Burukideak argi baino argiago hitz egin du. “Herri administrazioen lehentasun nagusia da desagertu diren bi langileak aurkitzeko lanekin jarraitzea, albait arinen, baina segurtasun neurri guztiekin, erreskate lanetan ari diren pertsonen bizia arriskutan jarri gabe eta, gainera, hor dauden hondakin tonak beste lekutik joan ez daitezen eta arriskurik egon ez dadin ez hiritargoarentzat ezta bertan lanean ari direnentzat”, esan du eta era berean salatu du eragile politiko batzuek darabilten doilorkeria horren gai latz eta dramatikoaren aurrean. Ildo beretik kritikatu du “Zaldibarren gertatu den ezbeharrarekin egiten ari diren erabilpen doilor eta okerra, lehen unetik bertatik beldurra eta gorrotoa erabiltzen ari direlako toki onera eramaten ez duen erabilpen politikoa eginez. Herri honetan ondo ezagunak diren sektore batzuk daude, jokamolde horren inguruan hazi eta bizi izan direlako, pertsona hauen ezbeharra eta beren inguruabarrak erabiltzen ari direnak beste bidetik aurkituko ez luketen gatazka politikoa bilatzeko”.

Mediavillak ulertzen du Bizkaiko herri horretan gertatu dena “oso larria” dela eta horregatik eskatu du halako ezbeharrak “borroka politikotik kanpo uztea”. “Gu ez gara horretan sartuko. Lehentasuna da desagertu diren pertsonak bilatzea, erreskatea segurtasun osoz egitea, hiritargoari informazio erreala ematea uraren eta airearen kalitatearen inguruan eta azken ondorioetaraino ikertzea istripu larri honen inguruan egon daitezkeen erantzukizunak eta kasu honetan eman litezkeen diren irregulartasunak”.

Interesatu Zaitez